STREAMING PLATAFORMAK

Netflixek beste 7,6 milioi harpidedun lortu ditu

Reed Hastingsek zuzendari nagusi izateari utziko dio 25 urteren ostean, eta aurrerantzean konpainiako presidente eragilea izango da. Zuzendari nagusiak Ted Sarandos eta Greg Peters izango dira.

Reed Hastings. YONHAP/ EFE
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 20a
12:15
Entzun

Aldaketa prozesuan murgilduta dago Netflix plataforma. Azaroan, iragarkiak sartzen dituen harpidetza aukera berria jarri zuen martxan. Eta, orain, Reed Hastings konpainiaren sortzaile eta zuzendari nagusiak —ia 25 urte egin ditu enpresa gidatzen— kargua utzi du. Hemendik aurrera, konpainiako presidente eragilea izango da Hastings. Kontseilari ordezkari edo zuzendari nagusi, berriz, Ted Sarandos eta Greg Peters izango dira. «Zuzendaritza kontseiluak eta nik uste dugu garai egokia dela nire segida erabakitzeko», idatzi du Hastingsek bere blogean.

Hastingsen iragarpena ostegun gauean iritsi zen, eta aldi berean jakinarazi zituzten plataformaren 2022ko azken hiruhilekoaren datuak: mundu osoan beste 7,6 milioi harpidedun lortu ditu. Enpresaren iragarpena zen 4,5 milioi harpidedun egiteko aukera izango zuela, baina datuak espero baino hobeak izan dira.

Aintzat hartzekoa da 2022ko bigarren hiruhilekoan Netflixek milioi bat harpidedun galdu zituela. Goia jo ote zuten aipatu zuten zenbaitek. Baina hirugarren hiruhilekoan beste 2,4 milioi harpidedun lortu zituen, eta urtea ondo amaitu du konpainiak.

Netflixek 4.141 milioi euroren irabaziak izan ditu 2022an. Plataformak esan du urtea «gogorra» izan dela, baina amaiera «distiratsua» izan dutela. «Uste dugu bidea argi dagoela irabaziak handituz joateko eta Netflixeko alor guztiak hobetuz joateko, iragarkien eskaintza tarteko», azaldu du enpresak, ofizialki.

Zuzendaritza batzordeak izendapen gehiago egin ditu: Bela Bajaria izango da edukien zuzendari berria, eta Scott Stuber Netflix Filmeko presidentea.

Netflixen osteguneko iragarpenek eta harpidedun datuek berekin ekarri dute konpainiaren akzioak burtsan %7 haztea. Dena den, bada beste datu bat aipatu beharrekoa: 2022an, Netflixen akzio bakoitzeko irabaziak 35 zentimokoak izatea espero zuten, eta 12 zentimokoak baino ez dira izan.

Datozen hilabeteetan, Netflixek beste erronka bati egin beharko dio aurre: pasahitzak partekatzen dituztenek diru gehiago ordaindu beharko dute. Sistema hori Txilen, Costa Rican eta Perun jarri dute martxan, aplikazio baten bitartez.

Ikusi beharko da sistema berri horrek ez ote dituen harpidedun asko uxatuko. Barlovento Comunicacion agentziak egin duen inkesta baten arabera, Netflixeko erabiltzaileen %61,3k baja emango dute ezin badute pasahitza partekatu. Beste streaming plataformetako erabiltzaileek baino gehiago partekatzen dituzte pasahitzak Netflixekoek, ikerketa horren arabera.

Bestalde, aztertzekoa izango da iragarkiak dituen harpidetza merkeagoak arrakasta duen ala ez. 2023ko lehen hiruhilekoan zenbatuko dute aurrenekoz harpidetza mota berri hori.

Amezkuaren eta Ruiz de Azuaren filmak
Edukiei dagokienez, azkeneko bi hilabeteetan oso datu onak lortu ditu Tim Burtonen Wednesday telesailak, eta harrera beroa izan du Glass Onion: A Knives Out Mystery filmak ere.

Aste honetan bertan, Netflixek 2023. urtean estreinatuko dituen pelikula nabarmenenak iragarri ditu. Tartean izango dira Patxi Amezkuak (Iruñea, 1968) zuzendutako Infiesto —otsailaren 3an estreinatuko dute— eta Alauda Ruiz de Azuak (Barakaldo, Bizkaia, 1978) zuzendutako Eres tú. Azken film horretako protagonisten artean Gorka Otxoa (Donostia, 1979) eta Susana Abaitua (Gasteiz, 1990) daude. Miren Ibarguren aktoreak (Donostia, 1980), berriz, Carlos Theronen Fenómenas filmean parte hartuko du.

Bestalde, zinemagile prestigiotsu ugarik estreinatuko dituzte aurten filmak Netflixen: David Fincherrek The Killer egin du plataformarentzat, izen bereko komikian oinarrituta; Wes Andersonek, bere film berrian, Benedict Cumberbatch, Ralph Fiennes eta Ben Kingsley izango ditu bere esanetara; Bradley Cooperrek Leonard Bernstein musikariari buruzko film bat zuzenduko du; Zack Snyderrek zientzia fikziozko Rebel Moon eramango du plataformara; Dev Patel aktoreak zuzendari gisa debuta egingo du; eta Juan Antonio Bayonak 1972ko Andeetako hegazkin istripuari buruzko lan bat egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.