Jostun onenen pare, metroa lepotik zintzilik dabiltza aurrera eta atzera Argiñe Azkarate eta Rosaura Bravo jostunak. Esku artean duten proiektuan metro bereziak erabili behar izan dituzte, bezeroak ez direlako nolanahikoak: lau metro luze diren Donostiako Itzurun konpartsako erraldoiak. «Hilabete gogorra izan da: goizean goiz etorri jostera, eta berandura arte; askotan, bazkaltzeko ia denborarik gabe», azaldu du Azkaratek. Azken emaitzarekin, ordea, oso gustura daude denak: jostunak, Itzurunekoak eta Donostiako Udala.
Denboraren poderioz, eguzkitan ordu askotan dantzan ibili ostean, erraldoiak zahartzen hasiak ziren. Hala, aurrekontuak biltzen hasi ziren Donostiako Udala eta Itzurun Donostiako erraldoi eta buruhandien konpartsakoak. Azkenean, egiturak Iruñean eta jantziak Orion (Gipuzkoa) konpontzea erabaki zuten.
«Hasieran ezetz esan genien. Sekula ez genuen horren jantzi handirik egin, eta beldur ginen nola moldatuko ginen, denbora emango ote zigun...», aitortu du Bravok. Hamaika baserritar jantzi egindakoak izan arren, Donostiatik jasotako eskariak bertigo apur bat eman zien jostun oriotarrei. Halere, azkenean, erronka onartu, eta buru-belarri jardun dute lanean azken hilabetean.
Guztira, zortzi erraldoirentzako jantziak egin behar izan dituzte. Hego Euskal Herriko probintzia bakoitzeko bikote bat: Arabako Erromualdo eta Estitxu guardiarrak dira, eta dantzariak. Bizkaiko Mattin eta Maritxu, olagizon bat eta baserritar bat. Gipuzkoako Xanti eta Karmeli, Orioko arrantzale bat eta Pasai Donibaneko batelari bat. Eta Nafarroako Eneko eta Blanca, Erronkariko bikote bat. «Guztiak berritu ditugu, baina ez sudur puntan jarri zaiguna eginda. Ikerketa lan bat egin dugu irudikatzen duten hori indartzeko», azpimarratu du Bravok.
Jostunak, ikertzaile
Azkaratek eta Bravok une oro izan dute harremana Donostiako Udalarekin eta Itzurun konpartsarekin. Haientzat, oso garrantzitsua zen erraldoiak eraberritzean esentzia ez galtzea. Baina, jostunekin lanean hastean, jabetu ziren erraldoiek bazutela zer hobetu. Orioko erraldoiak, adibidez, Lekeitioko koloreen alkandora zeraman. «Egindako aldaketengatik lasai gaude. Berrikuntzak kontrastatuta eta hobetzeko eginda daude. Jendeak galdetuko du ea non dagoen betiko arrantzalea, baina oraingo hau egokiagoa da. Esentzia mantenduz, hobetu egin ditugu», nabarmendu du Azkaratek.
Ikerketa lanetan, adituen laguntza handia jaso dute. Bikote arabarraren jantziak egiteko, adibidez, Arabako Foru Aldundiak lagundu die, eta Ramon Garcia jantzi klasikoetan adituak ere kezka eta galdera ugari argitu dizkie.
Adituek esandako xehetasunak goitik behera errespetatu dituzte Azkaratek eta Bravok. Nahiz eta beren gustuen arabera beste nolabait egingo luketen, adituek hala esan badute, hala egin dute: «Brodatua sartu behar bagenuen, brodatua sartu dugu. Eta ez bagenuen sartu behar, ez dugu brodatua sartu. Eta horrela gauza guztiekin», esan du Bravok. Ondorioz, detaileak asko zaindu dituztela diote, eta horrek azken emaitza asko aberastu duela. «Normalean, antzinako nesken jantziak oso markatuak ziren goitik, eta hegal handiak zituzten behetik. Erraldoi zaharren jantziak baldarrak ziren, baina guk markatu egin ditugu. Horrela, emakume gorputzaren formak gehiago markatzen dira», gaineratu du Azkaratek.
Proportzioak ere asko zaindu dituzte. Lehen, lepokoak eta amantalak, adibidez, ez ziren zehazki erraldoientzat eginak, baina orain dena dago proportziora egokituta. «Proportzioak zaintzeko, altuera normaleko pertsona batentzat lanean ari bagina bezala pentsatu dugu, baina pertsona arrunt batetik, erraldoi batera pasatu gara».
Herritarrek ere laguntza eskerga eman diete Azkarateri eta Bravori. Ia-ia auzolanean egin dutela lan esan daiteke. Orio herri txikia denez, denek elkar ezagutzen dutela diote bi jostunek, eta horrek abantailak eta desabantailak dituela. «Baten bat kanpora joan, erabilgarria izan daitekeen zerbait ikusi, eta deitu egiten zigun, ea erosiko zuen ala ez». Horrela lortu dituzte, besteak beste, Blancarentzako lepokoa eta Xantiren arpoia. Lokala ere utzi egin diete Azkarateri eta Bravori, beraiena baxuegia zelako. Herriko haurrak ere jakin-minak jota ibili dira. Ikastetxera joan aurretik eta ondoren, batek baino gehiagok hartu du erraldoiak bisitatzeko ohitura. Ikusleekin lan egitera ohitu dira dagoeneko jostunak.
Egiari zor, denak daude erraldoiak guztiz amaituta dantzan ikusteko zain. Datozen egunetan, lokaletik atera eta kalean probatuko dituzte, gonak nola altxatzen diren ikusteko. «Nahiz etaez ikusi oraindik dantzan, hona etorri den jendea hunkitu egin da. Jantzi zaharrak nolakoak ziren jakinda, berriak ikustean, argi dago aldaketa ikaragarria izan dela», esan du Bravok.
Neurrira egindako jantzi erraldoiak
Donostiako erraldoiak zaharberritu egin dituzte, Aste Nagusian dotore agertzeko. Argiñe Azkarate eta Rosaura Bravo jostunak arduratu dira lau metro luzeko erraldoiei jantzi berriak neurrira egiteaz; betiere, haien esentzia gordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu