Josune Bereziartu eta Rikar Otegi. Eskalatzaileak

«Ni erabat gorria naiz; Rikar, berriz, erabat urdina»

2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Kirol eskaladan erreferente ezinbesteko izan dira, nola Euskal Herrian hala munduan, baina azken urteetan beste bide batzuk urratzen ari dira Josune Bereziartu eta Rikar Otegi. «Alpinismoan bilatu dugu purutasuna, alpinismo klasikoan. Aro bat egin genuen kirol eskaladan, eta eskalatzen jarraitzen dugun arren atzera egiten ari gara, nolabait; alpinismotik sortu ziren mendiari lotutako gainerako jarduerak, eta sustraietara itzultzen gustura sentitzen ari gara», azaldu zuen aldaketaren zergatia Bereziartuk.

Goierritarrak izanik, Zazpi Iturriko eskalada eskolan ikusi zuten elkar estreinakoz, Ataunen (Gipuzkoa). Ordutik, erabat kateatu ziren. Sokalagun dira bizitzan, eta sokalagun eskaladan. Hogeitik gora urtean elkar lotu dituen soka behar baino gehiago tenka ez dadin, bakoitzak bere ekarpena egin du: «Ni erabat gorria naiz, eta Rikar erabat urdina. Rikar lasaitasuna da, eta ni pasioa». Mendian gora edo horma batean zintzilik direla, sokaren alde banatara lotuta egoteak mendizaleen artean lotura berezia sortzen duela gaineratu zuen Otegik: «Kirol eskaladan zu ari zara eskalatzen, jarduera berekoiagoa da. Alpinismoan talde lana da garrantzitsuena; enpatia handia sortzen da sokaldi bateko kideen artean, une latz batean edo tontorrera irteteko unean adibidez».

Bereziartuk irauli egin zuen kirol eskaladaren eta emakumearen arteko lotura. Lazkaoko eskalatzailea izan zen 8c, 8c+ eta 9a mailako bideak eskalatzen aurreneko emakumea. Landutako eskaladan, 2004an jo zuen goia: Bimbaluna (9a/a+). «Baina nekatuta nengoen kirol eskaladan erreferentzia izateaz eta hedabideetan nire izena ikusteaz. Mendia da gure etxea, gure mundua. Bakoitzak bere tokia bilatzen du, eta guk mendian aurkitzen dugu», esan zuen Bereziartuk. «Gizartearen parte izatea beharrezkoa dugu denok, baina baita aske eta lasaitasunean egoteko toki bat edukitzea ere. Gure kasuan mendira jotzen dugu, eta bizi artean joko dugula uste dut», gaineratu zuen Otegik.

«Ez dugu askatasuna galdu»

Luze eta zabal aritu ziren solasean, ia ordu batez, eta gogo onez erantzun zituzten entzuleen galderak. Bide berriak irekitzeari zer garrantzia ematen dioten galderari Bereziartuk erantzun zion: «Finean, alpinista batentzat gorena bide bat irekitzea da. Horma bat ikusi eta ea hori gainditzeko gai izango ote zaren galdegin eta saiatzea. Errepikatzea ongi dago, baina berritzaile izaten saiatzearekin ez dago alderaketarik».

Zortzimilakoak, 9a eta 9b zailtasuneko bideak, lehenengo mendizale bateko edo besteko jarduera osatzen... Zenbakiak gehiegi mirestea, hein handi batean, komunikabideen interesari zor zaiola esan zuten. Babesleek presiorik eragiten duten galdeginda, berriz, Bereziartuk zintzo eman zuen iritzia: «Ez dugu gure askatasuna inoiz galdu, horrek babesleak galtzea eragin badigu ere. Zintzoki eta pozik esan dezaket hori. Niretzat errazena urtean 8c mailako bi edo hiru bide eskalatu eta horiek saltzea izango zen, baina ez dugu halakorik bilatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.