Txakur hezitzaile eta entrenatzailea da Oscar Murgia (Murgia, Araba, 1974). Artzain txakurren munduko txapelketan bigarren postua lortu berri du taldeka, Espainiako eta Portugalgo talde bateratuarekin; eta finalen atarian geratu da banakako lehian. Ez da podiumera igo den lehenengo aldia, baina. Hamar aldiz izan da Espainiako txapelduna, eta Europako txapelketa irabazi zuen iaz. Lehiaketetan parte hartzeaz gain, Murgia Border Collie heziketa zentroa zuzentzen du. Txakurrei buruzko mintegiak, ikastaroak, trebakuntza eskolak eta bestelako zerbitzuak eskaintzen ditu han; artzain txakurrei buruzkoak, bereziki.
Txakur hezitzaile izan baino lehenago, diseinatzaile grafiko izan zinen. Zergatik aldaketa hori?
Beti egon naiz animalien munduarekin harremanetan. Gurasoak abeltzainak ziren, eta landa ingurunean hazi nintzen. Animaliak beti izan dira nire bizitzaren parte. Gainera, bi lanek elkarren artean zerikusirik ez duten arren, iruditzen zait uste baino askoz lotuago daudela. Uste dut hizkera grafikoak sentiberatasuna eta intuizioa izan ditzakeela, animalienganako hizkerak bezalaxe.
Noiz hasi zinen hezitzaile lanean?
Ia oharkabean hasi nintzen. 2000. urtean ikastaro batean izena eman nuen, orduan neukan txakurrarekin. Pixkanaka, heziketaren mundua gustatzen hasi zitzaidan, eta geroz eta trebeago bilakatu nintzen. Herriko jendea txakurrak ekartzen hasi zitzaidan, eta argi neukan prestakuntza falta zitzaidala. Horregatik erabaki nuen Eusko Jaurlaritzan txakur hezitzaile gisa prestatzea.
Zergatik artzain txakurrak?
Formakuntza hori amaitu nuenean, diseinu grafikoa utzi, eta nire zentroa irekitzea erabaki nuen. Hortxe hasi nintzen artzain txakurrarekin tematzen.
Eta, hamabost urte geroago, bigarren postua lortu duzu munduko txapelketan. Nolakoa izan zen esperientzia?
Oso ona. 30 herrialdetako 250 txakurrek parte hartzen dute munduko txapelketetan. Nik bi eraman nituen, Murgia Spott eta Murgia Ketzal; baina taldekako txapelketan bost txakurrekin parte hartu genuen.
Maila honetan lehiatzeko, txakurrak salerostea da ohikoena, baina zuk jaiotzen direnetik hezten dituzu zureak.
Bai, lasterketetako zaldien merkatuaren antz handia dauka artzain txakurrenak. Jabe batzuek 50 edo 70 txakur dituzte etxean, eta hiru edo lau pertsonak entrenatzen dizkiete. Hazi ahala, hautaketa bat egiten dute, eta nahi ez dituztenak saldu. Nik neuk hazten eta hezten ditut nire txakurrak. Horregatik, erromantikotzat hartzen naute askok.
Nolakoa da artzain txakurrak lehiatzeko prestatzea?
Jendeak uste du txakurrak hezteko metodo arruntak erabiltzen ditugula artzain txakurrekin, baina ez da horrela. Txakur mota honek ez du gozokirik edo sari materialik behar. Mugitzea izaten da haren saria.
Mugitzea?
Bai. Artzain txakurrek hautaketa genetiko oso indartsua dute. Jaiotzen direnetik, lan egitea da haien pasioa. Mugitzea gustatzen zaie, eta horixe erabiltzen dugu haiek entrenatzeko. Zerbait ondo egiten dutenean, gelditzeko eskatzen diegu, eta, gero, baimena ematen diegu gustukoen duten hori egiteko: mugitzeko. Hori da haien saria.
Aitzitik, ardiak zakar tratatzen badituzte edo haiengana gehiegi hurbiltzen badira, mugitu ezin daitezkeen leku batera eramaten ditugu.
Border collieak dira artzain txakurrik azkarrenak?
Azkarrenak? Ez dakit. Artzain txakur izateko ezaugarri gehien dituztenak? Dudarik gabe. Horrek ez du esan nahi besteak artzain txarrak direnik; baina oinarri batzuk irakatsi behar zaizkie. Border collieek, aldiz, berezko gaitasuna dute.
ATZEKOZ AURRERA. Oscar Murgia. Txakur hezitzaile eta entrenatzailea
«Nik hazten eta hezten ditut nire txakurrak»
Artzain txakurren munduko txapelketan txapeldunorde izan da taldeka. Border collieetan espezialista da, eta uste du «berezko gaitasuna» dutela artzaintzarako, nahiz eta beste arraza askok ere balio duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak