ATZEKOZ AURRERA. Xavier Aldekoa. Kazetaria

«Nilo ibaia, batik bat, pertsonak dira»

Afrikan berriemailea da Aldekoa, 'La Vanguardia' egunkariko kazetaria, eta '5W' aldizkariaren sortzaileetako bat. Hango egoera gerturatzeko, bigarren liburua idatzi du: 'Niloko seme-alabak'.

Iker Tubia.
2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pasioz bizi du Afrika Xavier Aldekoa kazetariak (Bartzelona, 1981). Bere bigarren liburuan, ibaiaren ertzean arrantzatutako istorio pertsonalekin Niloko seme-alaben bizimodua kontatu nahi izan dio mendebaldeko gizarteari. Euskal Herrian izan da liburua aurkezten.

Zerk eraman zaitu Nilo ibaira?

Ibaiak bizitza lerroak dira; haien ertzetan gauza asko pasatzen dira. Nilok Afrikaren muina jasotzen du: Afrika beltzean sortzen da, Hego Sudan zaurituan sartzen da, milurteko kultura zeharkatzen du Etiopian, arabiar munduan sartzen da Sudango basamortuan eta Egipton, eta Mediterraneoan hiltzen da. Hori da Afrika: kultura nahasketa.

Nilo ibai bat baino gehiago da?

Bai. Nilo, batik bat, pertsonak dira. Istorio txikietatik abiatuta, baina osagai unibertsalekin, kultura, tradizio, historia eta gatazketara gerturatzeko aukera dut. Facebookeko gehiegizko like eta Twitterreko txaloen garaiotan, uste dut gauza bat aldarrikatu beharra dagoela: garrantzitsuena besteak dira.

Istorio pertsonalek kontakizun kolektiboa sortzen dute?

Istorio pertsonal hauen bitartez aniztasunaz jabetu zaitezke; herrialdeek ez dituzte batzen dituen gauza asko, baina ibaiak lotu egiten ditu; elkarren beharra dute.

Istorio batzuk oso gogorrak dira; Hego Sudanen taldean bortxatu zituzten emakumeena, kasurako. Nola eragin dizute?

Emakume horiek ikusmira sortu didate, oso-oso adoretsuak direlako. Min izugarriaren gainetik hala diote: «Gobernuko soldaduak salatu nahi ditugu, eta nahi dugu esan kasko urdinak koldar hutsak direla». Jarrera horrek hunkitu egiten nau.

Dena ez da gatazka, baina.

Gertakari lazgarriak dauden arren, bada Afrika alai bat ere. Umorea, besta eta pikareska badaude. Borreroari ez ezik, alde horri ere begiratu behar diogu kazetariok: inor ez hiltzea eta besteak laguntzea erabakitzen duten heroiei, edo egunerokoan aurrera egiten dutenei.

Esan izan duzu Nilo ibaiaren bidez besteak eta norbere burua ulertzeko aukera dagoela. Zeure burua ulertzeko aukera izan duzu?

Neure burua gutxitan ulertzen dut. Baina mendebaldeko kulturak hobeki ulertuko du bere burua besteei begiratuta. Beldurrak gure bizitzak zuzentzen ditu eta batu gintuzten balioak suntsitu. Garai batean, bestea nolakoa zen jakiteko grina zuen edozein Nilora joaten zen erantzun bila: Platon, Aristoteles, Alexandro Handia, Napoleon... Apaltasun hori ezinbestekoa da, besteari ikasteko gogoz begiratzea, eta ez mehatxua balitz bezala. Ikasi dudana da agian hori ahanzten ari garela.

Zer ikas liteke Afrikatik?

Gauza asko. Badira beste balio batzuekin bizi diren pertsonak. Sudango basamortuko nomadek gauzak modu askoz ere naturalagoan partekatzen dituzte. Etiopian kalera adoretsu ateratzen dira erregimen ia diktatorial baten aurka. Noski, eta elkartasuna, baina guk ulertzen duguna baino garatuago. Pigmeoek, adibidez, ezagutzen ez duten pertsonekin ere partekatzen dituzte gauzak; oihanean eztia aurkitzen badute, zati bat uzten dute beste talde bat handik igarotzekotan haiek ere izan dezaten.

Nola lortzen duzu pertsona horiek beren istorioa kontatzea?

Denboraren poderioz loratzen dira istorioak. Enpatia denborarekin eraikitzen da. Denbora ezinbestekoa da konfiantza sortzeko eta beren bizitza kontatzeko pribilegio erraldoi hori eman diezazuten.

Denbora faltan dabil kazetaritza?

Presaka ibiltzeko garaiak dira, pazientzia gutxi baloratzen den garaiak. Baina uste dut kazetaritza ona egiten dela. Istorio handien leihoak aurkitu behar dira, eta ez dago Afrikara joan beharrik, egon daitezke Euskadiko edozein auzotan.

Liburua egin duzu denbora eta orriak behar zenituelako?

Zauritik harago joateko beharra aldarrikatu nahi dut. Denbora eta toki faltak eramaten gaitu pertsonak gertakari traumatikoarengatik definitzera: neska errefuxiatua, bortxatutako emakumea, jazarritako gizona, haur soldadua... Baina gizaki oro gertakari traumatiko bat baino gehiago gara. Haren erantzuna ulertzeko gakoa da haren iragana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.