Ramuntxo Kanblong

«Nire ideia da ez dela aski enpresa industrial Iparraldean»

Parisen egin zituen ikasketak, eta bere enpresa sortu zuen gero. Euskal Kultur Erakundeko buru izan zen, Garapen Kontseilukoa ere bai, Ipar Euskal Herriko EAJ alderdiko buru... Haren ibilbidea saritu berri du Eusko Ikaskuntzak Baionan.

Joanes Etxebarria.
2012ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ramuntxo Kanblongek (1940, Makea, Lapurdi) erraten ahal lukeen guztiarentzat orri honek ez luke aski espazio. Eusko Ikaskuntzak haren ibilbide osoa saritu du; bereziki, kulturan eta ekonomian egin duen lana.

Eusko Ikaskuntzaren ohorezko saria jaso berri duzu. Zer eragin dizu?

Zorion handi bat; plazer egiten du jakiteak zure herrikoek ezagutzen dutela zure lana.

Saria hartzean erran duzu zuen alaba ikastolara eraman zenutela lehen andereñoak ari zirelarik. Gaur egungo ikastola ikusten duzularik, zer bide egin da?

Nahi genuen gure haurrak euskaldunak izan zitezen; hori da lehen arrazoia, bistan dena. Baina nik beti pentsatu dut ikastolak behar zirela izan iparraldeko haur guztientzat, ahalaz. Urte batez Zarautzen izan ginen, ikastola ikusten. 200 bat haur ziren, denak euskaraz mintzo. Ikusten duzu Euskal Herri bat badela eta horrek merezi duela iraupen bat.

Euskal Kultur Erakundeko (EKE) lehendakaria ere izan zinen. Zer izan da EKEren ekarpena zure ustez?

Uste dut anitz gauza ekarri dituela. Profesionaltasun bati buruz eman ditu hoberenak; zabaldu du kultura, eta kontzientzia harrarazi du —hori da beharbada inportantena—, kultura bat bagenuela eta behar zela defendatu eta garatu. Orduan jendeak ez zuen kontzientziarik horri buruz; hori geroztik jin da.

Helburu batzuk markatuko ziren orduan. Iduri zaizu bide beretik segitzen duela erakundeak orain ere?

EKEk biziki bide ederra egin du. Beharbada Seaskak baino fiteago, baina errazago zen ere, bazuen ezagutza handia denen partetik: bai hautetsien aldetik, eta emeki-emeki departamendu, eskualde eta estatuaren partetik. Egia da ere erakunde horiek denek anitz begiratzen ziotela; aldi guztiz epaituak ginen. Baina onartu zuten.

Epaituak izateak zuen lana baldintzatu zuen?

Ez dut uste; gure bidea egin dugu nahi genuen bezala. Ez naiz oroitzen zailtasunik ukan zuenik.

Zure ibilbidean zehar politika gero etorri zen edo beti izan da behar bat?

Beti interesatu naiz, baina badakizu, enpresa baten buru zarelarik ez duzu denbora anitz politikan aritzeko. Sekula nahi baduzu, ontsa egin behar duzu enpresaz okupatu. Nire lehen helburua zen ene enpresa ongi ateratzea.

Halere, Mitterrand lehendakarigaia zelarik harentzat bozkatzera deitu zenuten euskal departamendua emanen zuelakoan. Eta gero jin zen atsekabea...

Erran zuen departamendu batek Frantziaren oihala hausten zuela. Izigarria da hori erratea. Alde batetik, soberakina da, departamendua estatuak ezagutzen duen egitura bat baita. Erran nahi zuen ere ulertu zuela, departamendu bat baino gehiago nahi genuela. Orain bezalatsu, espainolekin mintzatu zen Mitterrand; presidentearekin bildu zen, eta hark hitzemanarazi zion departamendua ez ematea.

Berriki Lebranchu ministroak erranak [Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoaren kontra agertu zen] ez ote du atsekabe bera eragin?

Bai, dudarik gabe. Baina orduan ez zen batere egoera bera. Orain bada jende andana bat lurralde elkargoaren alde. Hautetsi gehienak ez dira abertzaleak, baina 40 urteren buruan hautetsiak ere kutsatu ditugu guk, abertzaleok. Orain onartzen dute Euskal Herri bat badela eta bere ezagupena, bere instituzioa behar duela. Baina aldi honetan ere, Vallsek egin duena Madrilekin... berdintsu da jokalekua. Oso ongi da hautetsien kontseiluak egin duena, baina esperantza oso guti dut. Halere, borrokatu behar da.

Enpresaburu ere izan zinen. Nola ikusten duzu Ipar Euskal Herriko ekonomia?

Nire ideia zen lehen —eta oraino ere hori pentsatzen dut— ez dela aski enpresa industrial Iparraldean.

Uste ote duzu, beste eskala batean, Hego Euskal Herrian bezalako garapen industriala behar genukeela?

Ez beharbada hain handia, baina bide horretatik joanez bai. Hegoaldeko garapen hori miresten dut. Orain ere, bere krisi izigarriaren artetik jakin behar da enpresei esker bizi dela Hegoaldea; anitz esportatzen dute, mundu osora. Biziki gauza ederra da hori ene iduriko.

Ipar Euskal Herriko EAJ alderdiko buru izan zinenez, holako gauzak ez dira politikoki bultzatzen ahal?

Saiatu naiz. Baina pixka bat bakarrik nintzen. Orain bada halere biziki mugimendu interesantea: Bihartean [mugaz gaindiko erakundea]. Emeki ontzen dira ideiak eta egiteko gogo hori.

Kulturan, ekonomian eta politikan jardun duzu; zertan duzu gehienik sinetsi?

Denetan. Ez dugu batere aipatu Garapen Kontseilua; hori ere gauza biziki ederra izan da. Horri esker dira hautetsi guztiak lurralde egitura baten alde, eta horretaz harro naiz egia errateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.