Nire inguruan istiluak dira nagusi: familian eta lagunen artean; munduari begira, krisialdia; eta gero eta gazteen arteko biolentzia gehiago. Arazoak edonon. Zergatik bilakatzen ari da hain zaila elkarrekin bizitzea? HAIZEA F.
Egia da gure gizarte industrializatu eta digital honetan, nolabait, inguru aberasgarri baina pozoitsu batean bizitzen ari garela: presaka eta betebehar asko elkarrekin kateatuz, horiek egiteko, aztertzeko eta pentsatzeko ohitura eta denbora gutxi lortzen baita. Eta psikologikoki pertsona landua eta heldua izateko, hainbat gauza ikasi behar dira: zer naizen, zer egiten dudan, besteek zer egiten duten jakitea; konfiantzazko harremanak egitea; nire burua ezagutu eta ulertzea; eta, gero, besteekin nola jokatu behar dudan jakitea.
Teorikoki elkarbizitza definitzea erraza da: «Besteekin bizitzeko ahalmena eta erlazio osasuntsuak sortzeko ahalmena; elkarrizketa elkar-ulertzearen oinarria izatea; errespetua bultzatzea eta desberdintasunak ulertu eta onartzea, ondoren elkarrekin helburuak, hasierak, konpromisoak eta aldeak hitzen bidez lortzeko».
Gure bizitzari begiratuz gero, argi dago elkarbizitza oso zaila dela: zenbat eta hurbilago eta intimoago, orduan eta zailago. Eguneroko elkarbizitzak arazoak dakartza beti, eta eztabaida horiek nola bideratu, argitu, zuzendu eta konpontzen ditugun, gure elkarbizitzaren egitura ere osatuko dute, hain zuzen.
Eztabaidek, ondo eta bere neurrian kokatzen direnean, irtenbideak eta elkar-ulertze sakonagoak finkatuko dituzte. Aldiz, arazoek, diren baino handiagoak ikusten direnean, bizitzan erabaki eta aldaketa gogorrak sortu ahal dituzte.
Zure galderan aipatzen duzuna gai zabala eta interesgarria da, eta artikulu labur honetan zaila izango litzateke Psikologiak elkarbizitzaren inguruan esateko duen guztia aipatzea. Horregatik, hari garrantzitsuenak aipatzeko, ideia labur hauetan zehaztuko dizkizut:
Nork bere buruarekin ondo egon behar du, besteekin elkartu baino lehen.
Besteak entzun behar dira, isiltasunean eta errespetuz, nahiz eta ikuspuntu desberdinak izan, iritziek eta ikuspuntuek bakoitzaren espazio psikologikoa osatzen dute eta.
Elkarbizitzak lan psikologikoa eskatzen du, ez da berez eta erraz gertatzen: aurreiritziak oztopo bilakatzen dira. Horrez gain, egin behar den lana ugaria da: nork bere burua azaldu eta agertu, besteen iritziak entzun eta itxaron, desberdintasunak errespetuz azaldu, lotura puntuak bilatu, nor bere burua hozten ikasi, gauzen inportantzia bere neurrian ikusi, elkarrizketak haserretu barik eta oldarkortasuna agertu gabe egin, umorea erabili...
Aro berriak. Psikologia
Nire inguruan istiluak dira nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu