Hamazazpi urte zituela sartu zuten preso Ondarretako espetxean Pilar Garziandia. 93 urte ditu gaur egun. Santanderren atxilotu zuten, Espainian, Gaztedia Sozialistaren ingurukoa zela argudiatuta, eta hiru urte eman zituen espetxean; bat Ondarretan eta bestea Prim kaleko San Jose espetxean. «Bata bestearen gainean geunden pilatuta. Oso gogorra izan zen. Lapurrak, prostitutak, eta preso politikoak elkarrekin. Emakumeak Saturrarango espetxera bidali aurretik, Ondarretara ekartzen zituzten, aldi baterako. Leku askotako jendea zegoen: Tenerifekoa, Madrilgoa…», esan du.
Premiazko epaiketa militarra egin zioten Garziandiari. Beste hamaika gizonekin batera. Gainontzekoei heriotza zigorra ezarri zieten, eta berari hamabi urte eta egun bateko zigorra.
Begiak bustitzen zaizkio bere mutil-lagunari buruz hitz egitean. Ondarretan preso zeuden eta fusilatu zituztenetako bat izan zen. «Polloen fusilatu zuten, baina nik beranduago jakin nuen».
Eguneroko kontua zen espetxeko kideak desagertu eta berriz ez itzultzea. Adibideak ondo gogoan ditu. Iluntze batean, ziegetan sartuta zeudela, kartzelako funtzionario bat joan zitzaien. Faustinaren bila zebilen. «Prestatu, behean zain dauzkazu eta!», oihu egiten zion. «Ordu honetan?», galdetu zion berak txundituta. Behera jaitsi zen Faustina, eta gaua hantxe pasatu zuen zer etorriko zitzaion sumatuz. «Ahizpa goian zegoen gurekin. A zer-nolako gaua pasatu genuen! Bat goitik oihuka eta bestea behetik garrasika». Ez zuten gehiago ikusi Faustina. Fusilatu egin zuten.
Pilar Garziandia. Preso ohia
«Nire orduko mutil-laguna Polloen fusilatu zuten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu