ATZEKOZ AURRERA. Andoni Canela. Fotokazetaria

«Nire pasio guztiak uztartu ditut bidaia honetan»

Munduari itzulia eman dio Canelak familiaren laguntzarekin. Ingurumena etxetzat hartuta, kontinente guztietako zazpi animaliaren irudiak bildu ditu 'La llamada del puma' liburuan.

Iruñea
2015eko azaroaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zazpi animalia, zazpi lurralde, familia bat, hamabost hilabete, mila abentura. Hori guztia uztartuta lortu du Andoni Canela fotokazetariak (Tutera, Nafarroa, 1969) bere azken liburuari forma ematea: La llamada del puma. Natura izan du ia bizitza osoan bere lanen ardatz, eta askotan baita bizileku ere. Horrek «lasaitasuna eta gozamena» ematen diola azaldu du. Txikitan maitemindu zen naturarekin, eta, harrezkero, ez du harengandik urrundu nahi izan. Munduko kontinente guztietan egon da hamabost hilabeteko bidaian, Meritxell Margarit bikotekidearekin eta 11 eta 5 urteko Unai eta Amaia seme-alabekin —orduan 9 eta 3 zituzten—.

Nola definituko zenuke liburua?

Nire lanaren —dokumentatzearen eta argazkiak ateratzearen— eta familiako bizitzaren fusioa eta bateragarritasuna dira liburuaren gakoak. Hunkigarria izan da ikustea haurrek nola bat egiten duten naturarekin, gurasoak dena azaltzen aritu gabe. Naturak eman digunaz eta guk kendu diogunaz ohartu dira. Hori lortu dugu liburuarekin. Hitzekin azaltzea ez da erraza, baina irudiek dena argitzen dute.

Zazpi animalia dira liburuko protagonistak. Zein dira?

Europan otsoa ikusi genuen, Ipar Amerikan bisontea, Hego Amerikan puma, Antartikan papua pinguinoa, Australian itsas krokodiloa, Asian kalaoa eta Afrikan elefantea.

Zergatik aukeratu zenituen?

Gizakiok ingurumenarekin dugun lotura txarrerako izaten da gehienetan. Jazarri, desagerrarazi, deuseztatu, baztertu... Besterik ez dugu egin azken hamarkadetan, eta horren ondorioak jasan behar izan dituzte zazpi animalia horiek. Nola edo hala, denak daude mehatxupean gure erruz. Bestalde, guztiek ezaugarri ezberdinak dituzte, eta habitata ere ez da berdina. Kontinente bakoitzean bereziak dira.

Desagertzear daude?

Puma, otsoa eta itsas krokodiloa leku askotan desagertzeko zorian daude, bai, eta kalaoa eta desertuko elefante gutxi gelditzen dira. Bisonteari, berriz, bizilekua lapurtu diogu. Pinguinoen kasuan, klima aldaketak dakar mehatxua, eta hori ere gizakion ondorioa da.

Klik egiteko astia izan duzu, behintzat.

Hori izan da onena; alde profesionala arindu didana. Lurralde bakoitzean hiru hilabete inguru egin ditugunez, eremu bakoitza ongi ezagutzeko astia izan dugu, baita animalien ohiturak ere. Ez nuen presiorik, eta, horri esker, oso gozagarria egin zait lana.

Egoera arriskutsuren bat ere azaltzen da irudien artean, ordea.

Argazkilariak burugogorregiak gara batzuetan. Bidaian zikloi indartsuren batekin topo egin dugu, eta, besteekin batera gorde beharrean, kanpora atera eta argazkiak egiten hasi nintzen. Nire lana hori da, baina gustatzen zait egiten dudana. Afizioa eta ofizioa uztartzen ditut.

Kamera, beti eskura?

Zorionez, ez. Azkenean ikasi dut kamerarik gabe bizitzen. Orain denbora dezente pasa dezaket argazkirik atera gabe; ez dut frustraziorik sentitzen. Azken finean, buruan ditugu argazki onenak.

Nolakoa zen hango egunerokoa?

Abentura ugari izan ditugu, anekdota asko. Ez zeuden bi egun berdin. Toki finko batean lo egiten genuen, eta handik kanpora joaten ginen, argazkiak ateratzera edo ingurua ezagutzera, besterik gabe. Zenbaitetan hiruzpalau egunez kanpoan ibiltzen nintzen; batzuetan bakarrik, besteetan Unairekin. Hala ere, ahal izan dugun guztietan Unai eskolara eraman dugu.

Bizitza omen da eskolarik onena.

Guztiz ados. Asko ikasi dute Unaik eta Amaiak munduan zehar. Jolasterakoan, adibidez, ingurura egokitu behar izan dute. Janariarekin ere berdin. Kilkerrak jaten direla? Ba, kilkerrak jango ditugu. Hezkuntza klasikoan ikasten dena beharrezkoa da, baina alternatiboan askoz gehiago ikas daiteke. Haur eta heldu guztiek egin beharko genuke horrelako bidaiaren bat, dagoenera egokitzen ikasteko.

Nolako ekarpena egin dezake haur baten begiradak halako lan batean?

Gutxiago espero dute, eta hori ona da; niri presioa kentzen zidaten. Unaik hogei egun behar izan zituen lehenengo otsoa ikusi ahal izateko, eta hasieran uste nuen zapuztuko zela, baina ez, lasai zegoen. Berak beti esaldi bat errepikatzen du: «Azkenean beti itzultzen ginen irribarre batekin». Umeak positibo eta zoriontsu zeuden. Askoz dibertigarriagoa da guztia horrela.

Zer moduzkoa da animalien artean bizitzea?

Txundigarria. Nire pasio guztiak uztartu nituen. Lurralde bat utzi behar genuenean pena izaten genuen, baina hurrengo egonaldia aurrekoa bezain zoragarria izaten zenez, askoz eramangarriagoak ziren agurrak. Bidaia oso aberatsa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.