Sanferminak Iruñean. Juan Kruz Lakasta. Euskalerria irratiko koordinatzailea

«Niretzat plazera da sanferminetan irrati molde horretan lan egitea»

Euskalerria irratiko esatariek, tartean Juan Kruz Lakastak, egunero zuzeneko saioa egingo dute 'Sanfermintza' magazinean, jendea sanferminetan murgiltzeko eta bestaz gozatzeko.

JOSU SANTESTEBAN / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Sanfermintza programa, izenari men eginez, sanferminetan egunero Euskalerria irratiak zuzenean emango duen saioa da, eta horko esataria da Juan Kruz Lakasta kazetari iruindarra (Jaka, Espainia, 1970). Sanferminen aurreko egunetan emozioz beterik egoten dela onartu du Lakastak.

Prest zaude sanferminei aurre egiteko?

Iruñean mundua urtero akabatzen da uztailaren 6arekin batera. Beraz, uztailaren 6a iritsi arte beti iruditzen zaigu gu geu ere hilko garela. Baina hala eta guztiz ere, txupinazoa entzun bezain pronto berriro berpizten gara, eta indarrak hartzen ditugu. Atzokoaren ondoren, berrindartuta nago.

Sanfermintza magazina prestatu duzue. Zein izango da plana?

Plana oso ona da, guretzat behintzat. Eta espero dugu entzuleentzat ere hala izatea. Lehenbiziko saioa atzo egin genuen Seminario etxetik zuzen-zuzenean, BERRIArekin elkarlanean; guk hitza eta BERRIAk irudiak jarrita. Gaurtik aurrera 12:00etatik 14:00etara zuzeneko saioa Iruñeko harresietatik, Zaldi Zuriko tabernako terrazatik egingo dugu. Saioa handik egitearen helburua, jendea besta giroan murgilaraztea izango da; festetako hotsak, hitzak, musikak eta gainontzekoak helaraztea. Aurten ahalegin berezia egin dugu horretan. Azken finean, nire aburuz, sanferminen arima, eta motorra jendea da, eta horregatik saiatu gara ahalik eta jende gehien ekartzen gurera; ezaguna nahiz ez.

Sekzio berriren bat baduzue?

Hiru sekzio berri izango ditugu aurten. Lehenengoa, Adarkada izango da. Hor, sanferminzaleen eta ez hain zaleen iritziak bilduko ditugu. Bigarrena, Kiketour izango da. Euskalerria irratia elkarteko presidenteak, Kike Diaz de Ultzurrunek, Iruñeko txokoren bat hautatuko du egunero, eta horren inguruko bitxikeriak kontatuko dizkigu. Hirugarrena, BERRIAkoen unetxoa izango da. BERRIAko erredakzioko kazetariak etorriko dira egunero, eta, txandaka, bost minutuz hitz egingo dute, bakoitzak unetxo bat kontatuz.

Zer lortu nahi duzue programa honekin?

Gure helburua da festa giroan murgiltzea eta festa giroaz gozatzea. Eta festa giroan murgiltzerik ez duten horiei sentiaraztea bertan daudela. Horretarako, kaleko jendeari emango zaio lehentasuna.

Plana prestatzen normalean baino lan gehiago egin duzue?

Sanferminetako saioak ongi egiteko, sanferminetan egiten den lanak baino askoz garrantzi handiagoa dauka aldez aurretik egiten denak. Produkzio lanak inoiz baino garrantzi handiagoa dauka. Gainera, batere aurrekonturik ez izan arren, gonbidatuek ematen duten erantzuna bikaina izaten da beti.

Zu iruindarra izanik, nola uztartzen dituzu jaia eta lana?

Egia esan, sortu dugun formula honekin oso erraz uztartzen dira. Azken finean, lana egin behar den arren, gero terraza batean lagun eta ezagunekin solasean aritzea bermutaren orduan, ez da inondik inora sanferminen izpirituaren aurka doan zerbait.Niretzat, plazera da sanferminetan irrati molde horretan lan egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.