Denboran atzera egiteko hiru bidaiari oso berezik harean utzitako oinatzak segituko ditugu. Guevara, Neruda eta Galeanoren hitzei jarraituz, nitroaren garai desagertuaren bila goaz, inora ez doazen trenbideetatik aspaldi mamu bilakatu ziren geltokietara.
Andeak aspalditxo utzi ditugu atzean, baina hor jarraitzen dute, sei mila metrotik gorako erraldoi harroak hodei gabeko zerumugan. Kilometroak ehunka zenbatzen ditugu Txileko Norte Granden barna. Harea larri eta xehe, harriak handi eta txiki, Atacamako basamortua ez da bere handitasunean monotonoa. Argia zein koloreak bereziak dira, gorri, marroi, hori eta okre tonalitate amaigabeak inon baino urdinagoa dirudien zerupean. Perfektua omen da Atacamakoa basamortuen artean, sikua oso, mendeetan euririk ikusi ez duena, eta inon baino argitsuago ikusiko dituzu gauero izarrak. Baina egunez tentuz ibili beharko zara: ultramoreek bortitz jotzen dute hemen. Ura ezinbestekoa da, itzala beti ongietorria, ez zaitez inoiz bata zein bestea bermatu gabe basamortuan abiatu. Hori da Ernesto Guevarak eta Alberto Granadosek Calamatik oinez hasi eta bi kilometrotara ikasi zutena, ordurako galdua zuten motorra oroituz.
Calama, orduan bezala, meategi bati pegatutako hiria da, kanpaleku kutsua galdu gabekoa. Errepideak lur sikuan aurrera egin ahala nitrozko panpan sartuko gara, non eta noiz oso ondo ez badakigu ere. Muga zehatzik gabeko lurraldea izan da hau, betidanik. Panparen ertzak nitroaren bila zabaldutako bulegoek markatuko zuten garai batean. Salitre, nitrato, caliche… urre zuria, finean. Basamortuaren azal zurixka, beroak milaka urteetan sortutako zarakar fin bat. Gure aitona-amonek ezagutu zuten, beraien aitona-amonek hobeto, Nitratos de Chile, Europako lur agortuentzako ongarririk onena. Urrearena modukoa izan zen deskubrimenduak sortu zuen sukarra eta ordura arte inori axola ez zion basamortu amaigabea borroka zelai bilakatu zen. Peru eta Boliviarenak ziren lur horiek, baina Txilek gerraz lapurtu zituen, negozioa britainiarrena beti. Nitroaren zikloa laburra bezain bizia izan zen, XIX. mende amaieran garai hartako teknologiarik aurreratuenaz ehundik gora bulego sortu ziren, lantegia eta hiria batzen zituzten tokiak. Gutxi batzuentzako belle époque gozoa, milaka langilerentzako nitroa bezain gazia. Galeanoren zain irekietako bat.
Zerutik begiratuko bagenu,mortua zeharkatzen duten lerro zuzenak identifikatuko genituzke, Nazca industrial bat. Lurretik apenas nabarmentzen diren, ordea, hareak eta beroak janda, trenbideak dira itsasoaren bila. Bulegoetan sortzen zena portuetatik ateratzen zen. Burdinbideak harean, aspaldi pasa zen azken trena. Bulegoen arrastoak nonahi, haizeak harriz eta pezoz egindako eraikinak ia desagertu arte borobildu ditu. Baina nitroaren aztarnetan murgildu aurretik panparen beste garai batzuk bisitatuko ditugu.
Nitroaren jauntxoak, konkistatzaileak zein inkak iritsi baino milaka urte lehenago, bertako kulturek muino hauetan marraztutakoak gaurdaino iritsi dira, bere misterio eta guzti. Ezinezkoa da Atacamako erraldoia ez ikustea, ia ehun metro luze den chaman ahalguztiduna, cerro Unitaren magalean behera. Pintadosen, ordea, petroglifoen etorbidea ere deituan, zailagoa da sinboloak identifikatzea; han zirkulu bat, kilometrotara agian beste bat. Errazagoa suertatzen da Nerudak lurralde honetaz egindako deskripzio poetikoak ikustea: «Zaila eta latza zen panpatik ibiltzea. Lautada haietan sartzea, hareatza haiei aurre egitea, ilargian sartzea bezalakoa zen. Lur titanikoa, biluzik, belar bakar bat gabe, ur tanta bakar bat ere ez, sekretu neurrigabea, zaputza. Mortuak ez du hitzik egiten, mortua isiltasuna da». Eta berak hitz egin behar zuen, nitratoaren langileek senatari aukeratu zutelako, beraien ordezkaria zen urrutiegi zegoen hiriburu batean.
Bai, paisaia berezia da oso. Lur apurtua, ilargiaren testura hori. Mende luze igaro bada ere calichearen bila mortuari eragindako zauriek sendatu gabe jarraitzen dute, atzo bertan basamortu guztia goldatu dutela dirudi. Oraindik Che ez zen Guevarak halako tokietan egin zuen lo, eta inoizko gaurik hotzena gogoratzen du, lan bila handik hona zebilen bikote komunista bati tapakia utziko dio, beraien ideiak jasoko ditu, eta egunsentiarekin batera bidaia jarraitu.
Matillatik Picara
Egun, izarren pean lo egin nahi ez duenarentzat, Iquique izan daiteke panpan bidaiatzeko kanpamenturik egokiena. Autobusez eta ordubetera Humberstone eta Santa Elenako bulegoak bisitatu daitezke Iquiquetik, baita kolonia garaiko herri batzuk ere. Baina panpa benetan ezagutzeko modurik onena meatzari pick-up bat da, mortuan markatutako bidetik atera edo herririk galduena ikusteko aukera eskainiko dizu. Herriak badira, bai, ur putzu bakoitzeko bat; batzuk errepideekin batera sortu ziren kale bakarreko herri luzeak, besteak Panamericanatik urruti geratu ziren kolonia garaiko herrixkak. Matilla da azken hauetako bat, bisita bat merezi duen pezozko herri polit bat. Ongietorria, Galeanok esango zuen moduan, oso agureak diren agureek egingo dizute, eta haiek zein herriko eraikinek hamaika lurrikara nola gainditu dituzten kontatuko kolonia garaiko eliza zein dolarea erakusten dizuten bitartean.
Matillatik Picara goaz, panpako oasira, lorategi berde bat hondar artean. Ura putzu bat baino gehiago da Pican eta mortuaren eguerdiko beroan bainu fresko bat eskaintzen dizu. Egun nahiko herrikoiak dira igerileku naturalak, baina XX. mende hasieran nitroaren jauntxoen deskantsu tokia zen Pica, esklusiboa oso. Jauntxo horien egurrezko etxe dotore gutxi batzuk jarraitzen dute zutik, georgiar estiloari eta mende luzeko utzikeriari eutsita. Gehienak, aldiz, desagertu dira. Desagertu ez dena plazan sumatu dezakezun belle époque kutsua da, pergoladun banku eta ingeles lorategiak.
Ikusgarriena azkenerako utzi dugu. Panpa denbora kapsula erraldoi bat da eta abandonatutako nitroaren bulegoak horren lekuko dira. Norte Grande honetan mamu bilakatu dira, euri eskasiak eta haize sikuak momifikatuak, garai bizi eta gogor haietako testigantza isilak. Humberstone izan zen Nitroaren Bulegoen artean handienetakoa, milaka langile eta haien familien lantoki, bizitoki eta borroka leku. Hemen sortu zen Txileko langile mugimendua, hemendik abiatu ziren Santa Maria de Iquiqueko sarraskian akabatuko zituzten langileak. Hemen garatu zituzten britainiar jabeek zigor eta sari teknikak, bitxikeria filantropikoak eta ustiapen mugagabea. Eta hemen gordetzen da, oraindik, urte haietako memoria, Humberstone osoa museo bilakatu duen elkarte bati esker. Labe erraldoiak eta obelisko herdoildua dirudien tximinia luzea, umeek eskuz egindako jostailu txikiak gurasoen lan tresnen pareko, ugazabaren etxe dotorea eta tenis kantxa langileen etxolen aurrean, lekuz kanpo dauden egurrezko antzokia eta burdinurtuzko igerilekua, aldarrikapenez eta oroimenez betetako kale hutsak.
Badira ikusi aurretik irakurri dituzun lekuak, hara heldu bezain pronto ezagunak egiten zaizkizunak. Galeanori eskerrak eman behar dizkiogu, berak idatzi zuen desagertzear zegoen mundu honen azken kronika, bulego hauen desagertze fisikoaren testigu bilakatu zen, eta lehenengo pertsonan deskribatu: «Hondakinak eta zuloak ikusi ditut, mamu bilakatutako herriak, nitroaren bulegoen armazoi biluziak, urteetako haizeak zulo txikiz jositako teilatuak…». Hezetasunik ezak eta haize sikuak burdina ez ezik egurra ere ederki kontserbatzen zuenez guztia eraman zuten, «herri osoak desmuntatzen zituzten langile kuadrillak sortu ziren, lurralde arrasatu hauetan lana zeukaten bakarrak». Horrela desagertu ziren ehundik gora bulego. Humberstone izan zen nitroa lantzen jarraitu zuen azkena, eta itxi zuenerako txatarra biltzen zutenak ere joanak ziren.
Desagertutako herri oso baten memoria da, behin bulegoak itxita lan bila alde egin behar izan zuten pampinoen oroimenen hilerri. Haien bizipenak, hitz egiteko modua, kantak eta ipuinak hemen geratu dira, kultura oso bat hondar artean galdua. Panpa zabalak eszenatoki erraldoia dirudi, antzezlana bukatu gabe, attrezzoa bertan utzita, abandonatutakoa. Itzaletatik ehunka langile aterako direla ematen du, une batetik bestera Neruda agertuko dela, eta diskurtsoa bukatuta langile horiek poema bat eskatuko diote, mortuaren bakardadean bakarrik ez daudela amesteko.
BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (II)
Nitrozko panpa: memoria isila
Andeen eta Ozeano Barearen artean zabaltzen da Atacamako basamortua, eta bere barruan ezkutatzen du ilargitarra dirudien nitrozko panpa. Munduko lekurik sikuena da; horregatik gorde ditu bere harri eta hondar artean bizi izaten saiatu direnen aztarnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu