Egunak luze jo du eta etxean denok gaude nekaturik. Gure bi alabentzat lo egiteko ordua. Garazik, ohean agondurik, zera galdetu dit, ea ni euskalakaria ote naizen. Baietz erantzun diot, nik euskara maitatu, maitatzen dudala; ikasi, egunero ikasten dudala zerbait; eta ari, ahal dudan guztietan aritzen naizela euskaraz. Jarraian, Enara txikiak ea bera ere euskalakaria ote den galdetu dit, eta nik baietz erantzun, nire ustez bera ere euskalakaria dela.
Eta noiz arte izango naiz euskalakari?
Une batez galderak zabuka utzi nau, zer erantzun jakin gabe.
Aurtengoa nire hamabigarren Korrika izango da. Garazirentzat hirugarrena parte-hartzaile gisa eta bosgarrena mundura jaio zenetik. Enara, ordea, aurtengo edizioan estreinatuko da lasterketan, orain dela bi urte lotan baitzegoen Korrika auzotik pasa zenean.
Noiz arte? Noiz arte maitatu? Noiz arte ikasi? Noiz arte ari?
Errepide aldapatsuetan korrika egitera kondenatu gintuzten. Eta guk gure seme-alabak kondenatu ditugu. Nondik nora izango da Korrika 37? Gutako noren bilobak idatziko du Korrika 52 kantaren letra?
«Ez dakit —erantzun diet alabei— baina gure agintarien normalizazio politikak nolakoak diren ikusita, nago zuen seme-alaben seme-alaben seme-alabek euskalakariak izaten jarraitu beharko dutela».
Uste dut ez dutela nire sarkasmoa harrapatu, baina buelta eman eta berehala hartu dute lo.
Niri, ordea, dezente kostatu zait. Nekearengatik, ziurrenik.
Maratila
Noiz arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu