Pablo Manzano.

Nola hobetu elikagaien ekoizpena

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Klima aldaketaren ikerketan elikadura sistemei inpaktu klimatiko handia egozten zaiela jakina da. Esleipen hori bereziki Bizi Zikloaren Analisia edo modelizazio integrala bezalako metodologietan oinarritzen da. Mota honetako tresnak, oso erabilgarriak izan arren, testuinguru ekologiko esanguratsuak alde batera uzten dituzte, eta eragin handia dute klima aldaketari aurre egiteko sortzen diren estrategietan. 

Gure ikerketa taldean, AgriFood, Basque Centre for Climate Change - Klima Aldaketa Ikergai ikerketa zentroko nekazaritza ikerketako taldean, argi dugu hau gertatzen dela, eta gertakizun hori hobetzeko gure ikerketa proiektuetan lan egiten dugu, eta bereziki hiru ardatz nagusiren inguruan: lurzoruaren erabilerak testuinguruan kokatzea, erreferentzia gisa lurzoruaren egoera naturala erabiliz eta ez soziala; nekazaritzako elikagaien sistemako azpisektoreen inpaktuak zehaztuz, eta, alderdi sozioekosistemikoak barne hartuz inpaktuak neurtzeko eta erabakiak hartzeko orduan.

Ekosistemen erreferentziazko egoera naturalak aztertzean, ikusi daiteke hezeguneek edo belarjaleen populazio handiak dituzten larreek metano eta oxido nitroso asko isurtzen dutela beste sistema batzuekin konparatuz. Ekosistema horiek elikagaiak ekoizteko ustiatzen direnean produktuei egozten zaizkien emisio horiek ez lirateke beti gehigarri bat izango: aurretik bertan gertatzen ziren emisio natural batzuk ordezkatuko lituzkete. Serengeti bezalako ingurugiroan hau jada gertatzen ari da. Beharbada, abeltzaintzaren zailtasunik handiena da jakitea zein ingurunetan izan diren belarjaleak nagusi modu naturalean.

Produkzio sistemen arteko bereizketa egitea ere funtsezkoa da inpaktuak kalkulatzeko orduan, produkzio guztiek ez dituztelako emisio berdinak emititzen. Abeltzaintzaren adibidearekin jarraituz, larre sistematan oinarritutako hausnarkariak dira nagusi metanoen isurketan, eta batzuetan isurketa hauek gutxitzeko oilasko edo txerrien abeltzaintza intentsiboago batera igarotzea gomendatzen da. Gomendioek ez dituzte kontuan hartzen ez emisio naturalak, ezta egiturazko eta sozioekonomiko baldintzatzaileak ere, hala nola Mediterraneoan baso suteak areagotzea eragin dutenak, gure inguruko baliabide gutxiko etxeen ahultasuna, edo Hego Globaleko herrialdeetan tokiko eta ekosistemetara egokitutako ekoizpenen garrantzia.

Laburbilduz, klima aldaketa arintzeko benetan eraginkorrak izango diren gomendioak egiteko, askoz ere analisi sakonagoak, diziplina anitzekoak eta testuingurura egokituagoak behar ditugu.

Ikerketa honetan Agustin del Prado, Ferran Paune, Ruben Serrano-Zulueta, Juan Carlos Baez, Inmaculada Batalla, Chiara de Tomassi, Ruby Fries, Jennifer Guzman, Carolina Marquez, Victor Martinez-Cano, Guillermo Pardo eta Logolie Yamat ikerlariek parte hartu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.