Nola loratu errautsak

Bidaso inguruan gertatutakoa izan da azken sutea. Garaiz da ondorioetarako, baina nola leheneratu daiteke basoa? Denbora da sendabidea? Basoari bere kasa utzi behar zaio? Lagundu behar zaio? Zein dira irizpideak? Adituak bat datoz: esku hartzeak ahalik eta txikiena izan behar du.

Otsailaren 22an Bidaso inguruan izandako suteak kiskalitako zuhaizti bat. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Beltzean badelako berdea, eta hautsean ere bai ernea. Nola piztu daiteke suak itzalitakoa? Pizteak eta itzaltzeak esangura osagarriak eta aldrebesak har ditzakete horrelakoetan. Eta suak badu boterea pizteko zein itzaltzeko —eta sute txikiak eta eztabaida handiak eragiteko—. Hau, ordea, galdera bakarraren bueltan loratu nahi den baso bat da: eta orain zer?

Jarduteko moduak izan litezke ezberdinak su hartutako eremuaren arabera, kiskalitako espezieen arabera... Baina, funtsean, planteatzen dena da ea bere kasa utzi behar zaion basoari leheneratzen edo lagundu egin behar zaion. Eta nola, eta zenbateraino. Aditu gehienak bat datoz: gizakiaren esku hartzeak ahalik eta txikiena izan behar du.

Aitziber Sarobe biologoa da, eta ekosistemetan aditua: «Natur ingurune ezberdinetan suak dituen eraginak ezin dira berdinak izan; beraz, erantzunek ere ezberdinak izan beharko lukete». Otsailaren 21ean gertatu zen sutea Bidaso inguruan. Sarobek bereizten ditu han, nolabait, gune eta esku hartze ezberdinak. Gipuzkoako partean, izan ere, Aiako Harria Parke Naturalean dagoen Endarako harizti-ameztia erre zen. «Ematen du suak zuhaitz helduetan ez duela kalte handirik eragin. Inguru hain hezea izanda, pentsa liteke bakean utzita bere kasa biziberrituko dela. Parke naturalen helburua natur kontserbazioa denez, ez du bestelako ekintzarik eskatzen; denborak egingo du gainerakoa, eta ez genuke presarik izan behar. Esku hartzeko ez daukagun ezagutza behar da, administrazioak natur kontserbazioan ikertzeko dirurik eta baliabiderik jartzen ez duenez, bioaniztasunari mesede baino kalte handiagoa eragiteko arriskua baitago».

Inma Lizaso Gipuzkoako Aldundiko teknikaria da, Mendiak eta Habitata Kudeatzeko Sailean. Datuak xehatuak ditu: Aiako Harriko Parke Naturalak 7.000 hektarea inguruko azalera du. Babes handiena duten eremuak erreserba eremuak dira, eta Endarako sakana horietako bat da. «Endara erreserbaren % 70 erre da, edo, hobeto esanda, bertatik sua pasatu da. Horren eragina ikusteko dago».

Inguru horren «jarraipena» egin behar dela dio Lizasok, eta ez du esku hartzerik aurreikusten: «Endarako sakanak ez du ibilgailuz sartzeko aukerarik ematen; biderik ez dago, eta hori da ondo kontserbatuta egotearen eta faunaren babeslekua izatearen sekretuetako bat. Errekak eta magalek altxorrak gordetzen dituzte. Besteak beste, erreka horretan Bidasotik igotzen diren izokinak sartzen dira. Botanikoki interes handiko lekua da, eta harizti-amezti heldua du. Okil ertaina ere ikusi izan da han, baita suge berde-horia ere».

Oraingoz, ikusle gisa

Lizasok nabarmendu du «ikusle gisa» aztertuko dutela naturak han egiten duen lana, eta saiatuko direla «ahal den neurrian» eboluzio horren deskribapena jasotzen: «Horrek ahalegin zientifiko eta ekonomiko berezia eskatzen du. Gizarteak garrantzia ematen badio honi, eta nik uste dut garrantzi handia duela, partida ekonomiko bereziak bideratu beharko dira hurrengo urteetarako».

Sarobek azaldu du «bestelakoa» dela egoera Nafarroan eta Iparraldean. Basoez gain, larre eta zuhaitz landaketen eremu handiak erre direla han, gizakiak abeltzaintzarako eta egurgintzarako moldatutako eremuak. «Baso izaera aspaldi galdutakoak edota galtzen hasitakoak. Natur kontserbazioa ez denean helburu nagusia, ezinbestekoak dira esku hartzeak».

Horregatik dio eremu horiek abereentzat edota egurretarako nahi badira erretakoa «garbitu» beharko dela. «Ondoren, berezko landaredia zenbat eta gehiago errespetatu, egin beharreko lanak eta eragindako kalteak txikiagoak izango dira. Alegia, belardi garbiak nahi badira, hasieratik eta maiz, indar handiz erneko diren ote, sasi eta sastrakak moztu beharko dira. Egurra bada lehenesten dena, kaltetutako landaketak ordezkatu beharko dira: jakinda, biodibertsitatearen ikuspegitik, monolaborantza baino askoz ere aberasgarriagoa dela espezie ezberdinez osatutako zuhaitz landaketa; zer esanik ez bertako espezieak landatzen badira».

Mikel Reparaz Nafarroako Gobernuko Landa eta Ingurumen Departamentuko teknikaria da. Ongi ezagutzen du Nafarroan erre den partea, eta ezberdindu ditu baso naturala, landaketak eta sastrakak. Ondorioz, esku hartzeko bi alor: «Kontserbazioari dagokiona (bertako basoa eta beste) eta ekoizpenari dagokiona (konifero landaketak, larreak...). Baso naturala bere kabuz garatzen da. Landaketa produktiboen kasuan, suak harrapatu baditu, aukera bakarra izango da berriro landatzea. Horretarako ikusi behar da lurraren jabeak ere zer iritzi duen. Partikularrak diren, komunalak diren... Nafarroako Gobernuaren araudiak dio sutearen ondorioz galdutako landaredia biziberritu egin behar dela, eta horretarako tresnak ezartzen dira: inbertsio zuzenak, diru laguntzak...».

Dena dela, Reparazek dio ondorioak zein diren neurtzea oso zaila dela oraindik. «Askotan, sua oso azkar pasatu bada, kaltea txikiagoa izan daiteke. Sua bortitza izan bada eta motel-motel joan bada erretzen, kaltea oso handia izan daiteke. Eta hori, oraingoz, ez dakigu. Itxaron beharko da udaberrira arte».

Zer ez den egin behar

Juli G. Pausas CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria da, eta aditua suteen ekologian. Hainbat liburu eta ikerketa eman ditu argitara gaiaren inguruan. Soka luzea eta korapilatsua da suteen balio ekologikoarena. Baso suteen ondorenera mugatu du horregatik bere jarduna. Egin behar ez denari buruz ari da: ez sartu makinarik kaltetutako eremuan, ez egin lehengoratze lanik eremu osoan, eta ez atera erretako zuhaitzik. «Sute baten ondoren, sistema oso hauskorra da, eta eremua zapaltzeak lurzoruaren higadura erraztu eta birsortzeko ahalmen naturala murriztu dezake. Oro har, suteek kaltetutako eremu gehienak nahiko ondo oneratzen dira inolako esku hartzerik gabe, baina lurzorua babesteko edo leheneratzeko premiazko neurriak behar dituzten eremu jakin batzuk egon daitezke. Erretako zuhaitzek birsortzeari mesede egiten diote, lurra atxikitzen dutelako, euri tantek lurrean duten inpaktua gutxitzen dutelako, nolabaiteko hezetasuna mantentzen dutelako, eta haziak ekartzen dituzten eta birsortzen laguntzen duten hegaztientzako ostatu gisa balio dutelako».

Asier Herrero EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikerlaria da. Dio dena atera, dena txukundu, dena garbitzeko behar bat dagoela «barneratuta», baina ez dela horrelakorik behar. Makinak eta higadura aipatzen ditu hark ere, zuhaitz erreak eta birsortzea aipatzen ditu hark ere. Eta basoari laguntzea: «Hobea litzateke bere horretan uztea, edo hondakin horiek txondor moduko batzuetan biltzea». Garbitu bai, baina «beharrezkoa» dena bakarrik: «Ziurtatu behar dena da hurbil egongo direla hazi iturriak, zuhaitz eta zuhaixka berriak egon daitezen. Erretako tokia oso handia bada, iturri horiek urruti egongo dira, eta orduan zeuk bota beharko dituzu haziak, edo landaketa bat egin». Loratu daitezen errautsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.