MARIDJAIA. Jabi Zabala. Kazetaria

«Nor bere kasa ari ginen; orain, sinergia berriak sortu dira»

Tokiko euskal hedabideek elkarlanean ematen dute Aste Nagusiaren berri, eta bertan ari da Zabala. Laugarren urtez ari dira aurten, eta iaz Bilboko Konpartsen Bandera Urdina jaso zuten.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Grisa da Bilbo, ala koloretsua? Zuri-gorria ala urdina da? Aste Nagusian lan ona egin duenari bandera urdina ematen diote Bilboko Konpartsek. Urdinak dira jaietako zapiak. Algara konpartsaren kolorea ere urdina da. Horregatik guztiagatik, Jabi Zabala (Gorliz, Bizkaia, 1971) urdinarekin lotu dugu. Baina zein abestirekin lotzen du Aste Nagusia berak? Lau kanta aukeratu ditu.

Badator Marijaia hautatu du lehenbizi, jaietako «ikurra». Baina horrek ez du balio! Barre egin du, eta, kazetaria denez, azalpenak eman ditu: «Abestia jaiak bezalakoa da: hasieran entzutean, bultzada; amaiera gerturatu ahala, astunagoa». Aste Nagusiaren 25. urteurreneko diskoa ere erakutsi du, kanta CD horretarako prestatu baitzuten; gainera, gertukoak ditu proiektua antolatu zutenak.

2001etik Bilbo Hiria irratian dabil, baina laugarren urtea dute jaien berri ematen: egunero zuzenean bi ordu, magazina, elkarrizketa pila bat, erreportajeak... «Aste Nagusiari buruz informatu nahi dugu, ekarpen bat egin. Zergatik ez egin euskaldunontzako saio bat Aste Nagusian, euskara hutsez? Ikusten dugu beharrezkoa eta polita dela; ilusioa daukagu horretan».

Ez dabiltza bakarrik, Uriola eta 97 Irratia dituzte bidelagun. «Euskal hedabideen artean ados gaude: elkarlana bultzatzea da bidea. Korrikaren berri ematea eta Arrosa Sarea horren adibide dira. Bilboko Aste Nagusian, duela hiru urte arte, komunikabide bakoitza nor bere kasa ari ginen; orain, sinergia berriak sortu dira». Konpartsekin ere koordinatzen dira, zein ekitaldi landu erabaki, eta ahalik eta esparru gehienen berri emateko. Tokiko euskal hedabideen elkarlan hau guztia Bandera Urdinarekin estimatu zuten iaz konpartsek. Aurten, Uriolarekin duten elkarlana sakontzen ari dira Bilbo Hiria irratian. «Txikiak gara, baina horregatik ez diogu saioa egiteari utziko».

Euskararekiko ardura nabari zaio Zabalari. «Gure asmoa euskaraz bizitzea da. Jaietan ere euskaldunentzako egiten diren gauzak eta euskaldun gisa interesgarri diren ekitaldiak azpimarratu eta ekarri nahi ditugu». Hizkuntza, hedabideak, jarduna... dena dago lotuta, Zabalaren ustez. «Euskaraz eta euskaldunentzako ari gara; erdaldunentzako gauza pila bat daude, interesgarriak ere bai, baina haiei falta zaie gurea: beste agenda bat dute; ez zaie interesatzen euskal mundua».

Euskal mundua gertutik bizi du Zabalak, eta horregatik bere kanta aukeraketa. Zea Maysen Negua joan da ta abestia hautatu du, adibidez. Kontatu duenez, Algara konpartsan, goizeko ordu txikitan, Josune Zubizarreta konpartsakidea dantzatu ohi zen barra gainean kanta horrekin. Urtarrilean hil zen, ordea, eta, haren omenez, tradizio bihurtu nahi dute orain kanta.

Jan-edanaren gehiegikeriei buruzkoak dira hautatu dituen beste bi abestiak: A mi me gusta el marisco, Cojon Prieto y los Huajalotes taldearena, eta Txosnarock, Sagarroi-ena. Berezia da azken kanta horrekin duen lotura, gainera. Zabalak irratia.com atarian zuen kanta multzo bati jarritako izena baitzen Txosnarock, eta hortik hartu zuen taldeak kantarako izena.

Zabalarentzat dena ez da gaua Aste Nagusian: «Jaietan irratian lan egiteak eta guraso izateak jaien ikuspegia aldatu dit; antzerkia eta lehiaketa gastronomikoak, esaterako, instituzioa dira». Irratiko lanari esker txupinazoan Arriagan bertan egoteko aukera duela ere aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.