Norabide berean arraun

Traineru berria erosteko dirua bildu nahi du Zumaiako Arraun Elkarteak. Horretarako, 'Jarri zure izena platanito gorrian, ni ere Telmo Deunekin' egitasmoa jarri du martxan.

Bi traineru ditu Zumaiako Arraun Elkarteak: batak zazpi urte ditu, eta besteak, hamaika. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Zumaia
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Zaharkituta gelditu dira jada Zumaiako Arraun Elkarteak (Gipuzkoa) dituen bi traineruak. Batak zazpi urte inguru ditu, eta besteak, hamaika. Eta lehiakorrak izateko, ezinbestean, ontzi berria behar dute. Horretarako, baina, dirua behar da —BEZa barne, 36.000 euro balio dezake traineru batek—, eta, leku guztietan gertatzen den bezala, Zumaian ere ez dago dirua soberan. Hori dela-eta sortu dute Jarri zure izena platanito gorrian, ni ere Telmo Deunekin egitasmoa. Nahi duenak bere izena, ezizena, denda, elkarte, enpresa edo kuadrillarena jar dezake traineru berrian, ekarpen ekonomiko baten truke.

Bi tamaina ditu aukeran, eta horren araberakoa izango da prezioa. Nortasun agiriaren tamainakoa hauta daiteke, 100 euroren truke, eta horren erdiarekin konformatzen denak 50 euro ordainduko ditu. Neurri horiek baino handiagoa jartzea erabaki duenik ere badago. Ekarpena egiten duenaren arabera ere, desberdina izango da: taldeek 100 euro jarri beharko dituzte, eta banakoek, 50.

Urriaren erdialdean jarri zuten egitasmoa martxan, eta, oraingoz, 40 ekarpen inguru lortu dituzte. Hala ere, ontzi berria, platanitoa, otsailaren amaiera eta martxoaren hasiera ingururako espero dute, eta ordura arte martxan jarraituko du kanpainak. Hori bai, gehienez, nortasun agiriaren tamainako 300 izenentzako lekua dago: ontziaren alde banatan modulu bat jarriko dute, ekarpena egiten dutenen izenak txertatzeko.

Izena orain jarri, eta, gutxienez hiru urtez, soinean eramango du Traineru berriak. Gainera, egitasmoa sostengatzen dutenek urteroko errenta aitorpenean %30eko kenkaria izango dute. Parte hartu nahi duenak inprimaki bat bete beharko du; herriko hainbat taberna eta saltokitan eskura dezake.

'Platanito gorria'

Zuzendaritzako kideetako bat da Anjel Etxaniz. Platanitoa-ren istorioa nondik datorren azaldu du: «Ez guztiz, baina badu platanoaren halako tankera: formagatik, adibidez, azkarragoa da ziabogetan». Joan den denboraldian, San Juanekoek euren ontzia utzi zieten Zumaiakoei, kanporaketa jokatzeko, eta halako forma zuen hark. Horri esker lortu zuen taldeak San Miguel ligan jarraitzea. Hurrengo denboraldirako ontzi berria behar zutela eta, horrelakoa erostea pentsatu zuten.

Etxanizen arabera, bi helburu ditu egitasmoak. Batetik, traineru berria erosteko dirua lortzea, eta, bestetik, «herria arraun elkartearen barnean biltzea»; ekarpena egiten dutenek, gutxienez, arraun taldea «bereago» senti dezatela. Horrez gain, bada beste arrazoirik ere: «Kontuan izan behar da gure arraunlariek ez dutela dirurik jasotzen hemen aritzeagatik, eta, noski, arrazoi on bat behar dugu gurekin jarrai dezaten».

Bazkideei esker eta diru laguntzen bidez lortzen dituzten diru sarrerak ez dira nahikoak, Etxanizen arabera: «Ia ez digu gasolina erosteko ere ematen; babesleak behar ditugu derrigor». Egun, baina, zaila da babesleak lortzea, eta platanito gorria erosi behar dutela eta, dirua lortzeko modu berritzailea iruditu zaie honako hau.

Egitasmoaren xedea, beraz, herritarrak arraun taldearen babesle bihurtu eta guztiek norabide berean arraun egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.