Assumpcio Mateu. Artista

«Norbait edo zerbait galtzearen barne-barneko sentimendua helarazi dut»

Artista kataluniarrak esperientzia pertsonala eta baso baten errekuntza islatu du bere lanetan: «Iluntasunean eta bakardadean, ikusten nuena eta nire barrena bat zetozela ohartu nintzen: bakarrik, triste eta hutsik».

Donostia
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Assumpcio Mateu (Girona, Katalunia, 1952) 1959az geroztik Bartzelonan bizi den artista da. 1975ean, Arte Ederretan lizentziatu zen, pintura irakaskuntzan jardun zuen, eta, 1988an, Arte Ederretako doktore gradua eskuratu zuen.

Erretako basoa erakusketaikusteko aukera izango daAieteko Kulturgunean irailaren 16ra arte. Mateuk, lan horretan, bere errealitate emozionaleko metaforekin bide plastikoak asmatzen ditu.

Nondi k datorkizu artearekiko grina?

Betidanik gustatu izan zait, txiki-txikikatik. Bokaziozkoa da, ez datorkit familiatik. Adierazteko, hobeto komunikatzen nintzen margoekin; behar bat izan da niretzat betidanik.

Zein da Erretako basoa-ren inspirazio iturria?

Arimaren egoera baten metafora bat da. Hilzorian zegoen lagun bat nuen, eta ibilbide bat egiten nuen bisitan joateko. Bidean igarotzen nuen basoa erre zen behin, asko maite genuen basoa. Basoa erre eta hiru egunera, bertan sartu nintzen. Iluntasunean eta bakardadean egon nintzenean, ikusten nuena eta nire barrena bat zetozela ohartu nintzen: bakarrik, triste eta hutsik. Laguna hil egin zen, eta, hilabete pare batera, Erretako basoa lantzeko beharra sentitu nuen. Banekien lana zerbait gehiago zela, norbait eta zerbait galdu izanaren sentimendua presente nuela. Galera fisikoa, sentimendu pertsonal batekin nahastu zena, arimaren egoera batekin. Zazpi urtez aritu nintzen lanean: oihalean eginiko lanak, argazki eta collageak... Basoa nire egin nahi nuen; nire sentimenduak azaleratzeko beharra nuen, eta nire basoa eraiki nuen.

Nolakoa izan da lanaren prozedura? Zer teknika erabili dituzu?

Lan hau, bereziki, material naturalekin egin dut, hala nola lur kaltzinatuekin, zeinak pigmentu naturalak diren, paperarekin eta marmol pixka batekin, erliebea emateko. Dena zuhaitzekin lotuta egotea nahi nuen, material sinpleekin. Argazkiekin basoa islatu nahi izan dut; ez dakizu ikusten duzuna erreala den edo ez. Basoko errautsez beteriko kutxa bat ere badago ikusgai, poema bisual modura.

Zer helarazi nahi duzu?

Zirrara sorrarazi nahi dut: basoaren barnean sentitzea, lanaren parte sentitzea. Emozioz eginiko lana da, eta hori helarazi egiten da, nahi ala ez. Metafora poetikoa oso nere egin dut. Lana ikustean ohartzen zara collagetik irteten diren paperak aterako balira bezala dela, zuhaitz erreetako azala balitz bezala. Emozio hori helarazi dudala uste dut. Basoa ikusten duzu, sentitzen duzu, emozioa bezalaxe.

Pozik al zaude egindako lanarekin?

Oso lan luzea izan da. Lana bukatuta zegoela sentitu nuen tristura edo galera sentimendua igaro zen momentuetan eta zerbait positiboa izatera iristean. Naturaren zikloa berdina da; birsorkuntza prozesua iristen da, kimu berriak etortzen dira. Prozesu guztia nire lanen bilakaeran ikus daiteke.

Zein izan da arrakastaren sekretua?

Ongi komunikatzea. Transmititzea oso garrantzitsua da, eta oso zaila. Ikuslea galerarekin identifikatua sentitzea lortu dut, bai pertsonalki eta bai ekologikoki, horretarako baliabide ugari erabiliz.

Zer duzu esku artean?

Mis flores del mal izeneko proiektuan nabil lanean. Nire lanak paisaietan oinarritzen dira, baina ez ikusten diren paisaietan, sentitzen diren paisaietan baizik. Modu metaforikoan bizitza eta heriotza uztartzen ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.