Xabier Monasterio. Irakaslea

«Norbaitek joan beharko luke Guardia Zibilarengana Arestiren lanak eskatzera»

Gabriel Aresti jaio zeneko 78. urteurrena beteko da aurki, eta idazlea gogoratzeko, egitarau berezia antolatu du haren izena duen Bilboko euskaltegiak: kantaldia, hitzaldiak eta txango literarioak.

LANABESA.
Edu Lartzanguren.
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Xabier Monasterio (Bilbo, 1958) Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendaria da. Berak antolatu du Harrizko Aresti Hura Gogoratzen omenaldi astea, idazlearen bizitza, lana eta garaiko testuingurua ezagutarazteko. Erakusketa bat zabaldu dute euskaltegian bertan (San Bizente 2, Zazpikaleetan), eta hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen egunetan Bilboko Kafe Antzokian. Arestiren ipuinen irakurketa komentatua egingo du Itziar Laka EHUko irakasleak ostiralean, 11:00etan. Poetaren inguruko hitzaldia egingo du Monasteriok hurrengo ostiralean.

Datorren astean beteko dira 78 urte Gabriel Aresti jaio zela. Ez da urteurren borobila. Zergatik erabaki duzue orain ospakizun berezia egitea?

Gabriel Aresti euskaltegia duela 33 urte sortu genuen, eta orain arte gauza bakan batzuk egin ditugu idazlea ezagutarazteko. Urteurrena borobila ez bada ere, bada sasoia olerkariari gorazarre egiteko, benetan merezi duelako eta gizartean ez delako behar bezain ezaguna haren lana.

Horregatik erabaki duzue Arestiren ipuinen inguruko bi saio egitea? Ipuingilea poeta baino are ezezagunagoa delako?

Garai hartarako, 1950eko hamarkadarako, oso ipuin modernoak idazten zituen, orduko literaturan berriak ziren bideetan. Bilboko geografian txertatutakoak dira gehienak, eta, nola ez, oso arestiarrak: Bilbo, hiria, euskara, bere buruaren parodia...

Zuk haren nortasuna eta alde pertsonala nabarmenduko dituzu.

Idazle handia izateaz gain, gizon handia izan zen. Oso langilea izan zen, eta 41 urte eskasekin hil zen, sekulako lan oparoa utzita. Gauez idazten zuen askotan. Euskara batuaren alde zelako lana egin zuen nabarmenduko dut, eta zelan jarri zituen gazteak horren alde. Jakin zuen moldatzen bera bezala pentsatzen ez zutenekin. Inor gutxik esaten zuen garai zail horietan euskal idazle izan nahi zuela, eta Arestik harro esaten zuen. Familiak laguntza handia eman digu: txikitako argazkiak, zentsura frankistaren agiriak...

Agertuko al da inoiz Guardia Zibilak 1975. urtean eraman zuen James Joyceren Ulysses eleberriaren itzulpenaren ezkuizkribu mardula?

Egunen batean norbaitek, erakundeek esaterako, Arestiren idazlan guztiak argitaratu beharko lituzke, ditugunak eta kendu dizkigutenak, eta edizio kritiko batean. Paperean edo digitalean, ez dakit, baina norbaitek hartu beharko luke lan hori. Eta, noski, norbaitek joan beharko luke Guardia Zibilaren fitxategi horietara eta esan: «Ekarri harena, geurea eta denona dena». Euskara ikasteko metodo bat ere egin zuen, glotodidaktika zer zen ere ez genekien garaian. Hori ere ez da inon argitaratu. Asterix Galiarra komikiaren bederatzi liburukiak itzuli zituen, guztiak. Hori ere erakusten dugu.

Orduko etorkinen alde zuen jarrerak gaurkotasuna ematen dio?

Argi ikusi zuen euskararen biziberritzea euskaldun berrien eskutik etorriko zela eta euskara batuaren bidez. Krisiaz esan zuena ere erabat gaurkoa da. Otxarkoagaz idatzitakoa ere bizirik dago gaur: alkateak-eta nahi dutena esango dute, baina auzoetara ez dira heltzen Ria 2000 eta halako planak. Gizon aurrerakoia, aurrerazalea eta aurreratua izan zen.

Ez dago arriskurik Aresti santu gisa aurkezteko?

Ez genuke nahi, hura santua ez zelako izan. Ez dakigu zer nahi dugun, baina badakigu zer ez dugun nahi: jendeak pentsatzea Gabriel Aresti kale baten, institutu baten edo euskaltegi baten izena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.