Hasi eta berehala, zalaparta: «Egia, gezurrak eta oroimen txarra ditu oinarri istorio honek», hori diote telesailaren azalpen tituluek. Segidan, filmaketa seterako jauzia, klaketa kolpea eta zer pentsatua ematen duen beste esaldi bat: «Anarkistak dira, estatuaren legeak onartzeari uko egiten diote, eta oinarritik antolatzen dira. Gauza gutxi daude autoritate forma oro desobeditzea baino garrantzitsuagoak».
Borgen izan liteke, baina ez da drama politiko danimarkar ezagunaren pasarteetako bat, iparraldeko bizilagunek fikziora eramandako pasadizo historiko jakin bat baizik. 1981ean, Gro Harlem Brundtland medikua eta abortu librearen aldeko aktibista Norvegiako lehen ministro bilakatu zen, herrialdeko lehen gobernuburu emakumezkoa.
Marx, Engels, Trotski eta Bakuninen aipu artean abiatzen da kontakizuna, krisian dagoen alderdi bateko zenbait kidek presidentegai kargurako nor hautatuko duten eztabaidatzen duten bitartean. «Emakume bat izan behar du», diote, tematuta, eta ikusle batek baino gehiagok paralelismo zuzenak ezarriko ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde atarikoak berotzen hasi diren honetan aktualitateko albiste bihurtu direnekin.
Minutuek aurrera egin eta Internazionala entzun liteke bozgorailuetatik, baina telesaila gertuago dago Armando Iannucci eta Peter Capaldi britainiarren The Thick of It satira politikotik. Kamera dardarizoak jota mugitzen da alde batetik bestera, eta sekulako zoom-ak egiten ditu politikari protagonisten kaosa eta nahasmen sentipenak ilustratzeko. Pantaila zatikatua, elkarrizketa ironikoak... komedia beltza da nagusi, eta alderdikideek hedabideetan haiei buruzko informazioa kudeatzeko ahalegin baldarrek ere badute tartea.
Telesailak zirku baten tankeran irudikatzen du alderdien barne funtzionamendua eta aginte organoen kudeaketa. Sortzaileek kontzientzia handia dute pantailan islatzen ari diren unibertsoaz, eta, alor narratiboan ez ezik, formalean ere ekarpen berezia egin dute. Atalak 16 milimetrotan filmatu dituzte, eta estetika zaindu horrek erraztu egingo du ikusleak 1970eko hamarkadara bidaiatzea.
Are gehiago, une batean, laugarren pareta hautsi, eta istorio zalapartatsu honetako pertsonaia bat kamerari begira jarri dute, ikusleei zuzenean hizketan. Pertsonaiak ahobizarrik gabe egiten dio barre Norvegiaren garai historiko funtsezko honi, baina, aldi berean, sortzaileak garrantzia eta mami handia emango dio kontakizunari, eta, horri esker, ikuslea ez dute une bakar batean ere libratuko intriga eta trikimailu instituzionalen amaraunetik.
Bi esfera horien artean erraztasunez zirkulatu du Power Play telesailak, eta bidean egungo politikagintzan ispila litekeen kontakizun entretenigarri bat eraiki du. «Argi geratu dadila: nik ez dut parte hartuko igogailuko eta saunetako eztabaidetan». Emakume protagonistak alderdiko buruei adierazitako esaldietako bat da. Telesailaren promozio irudi nagusian, lehen ministro seinalatuaren rola jokatu duena ageri da, Kathrine Thorborg Johansen, mahai luze baten buruan, eta hiru gizonezko ditu alde banatan, bere esanetara. Telesail onenaren saria irabazi zuen Canneseries jaialdian.
FITXA
- Sortzaileak. Johan Fasting, Kristin Grue eta Silje Storstein.
- Aktoreak. Kathrine Thorborg Johansen, Jan Gunnar Roise, Anders Baasmo, Trond Espen Seim eta Oyvind Brandtzaeg.
- Herrialdea. Norvegia.
- Urtea. 2023.
- Non ikusi. Filmin.
- Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
- Generoa. Drama. Komedia.