Etxe jakin bati egiten dio erreferentzia, baina izan zitekeen garai bereko Euskal Herriko beste edozein etxe ere. Berdinak direlako objektuak, eta berdina askoren memoriak atzeraka egindako bidaia. Nostalgia bada ariketa, eta bada ohartzea: etnografia bilketa lana dela, eta orain biltzen direnak 60ko hamarkadan puntakoak ziren objektu horiek direla.

Ganbara Bilduma: Altzako etxe batera bidaia 60ko hamarkadan jarri diote liburuari izena, eta atzo iluntzean aurkeztu zuten, Aranzadi zientzia elkarteak antolatutako jardunaldi etnografikoen barruan. Altzako (Donostia) Historia Mintegiak eta Aranzadiko Etnografia Saileko kideek elkarlanean ondutako liburua eta katalogoa da, eta Ganbara Bilduma dago proiektuaren jatorrian.

«Altzako Historia Mintegia Altza herri izan zen garaiko ikerketak bultzatzen dituen elkarte bat da. Ikerketaz gain, 1997an erabaki zuten material fisikoa jasotzen hastea, Altza zer izan zen irudikatzeko», azaldu du Aranzadiko historiagile Maite Errartek. Objektu industrialak hasi ziren biltzen, eta Ganbara Bilduma eman zioten izena. «Altza badelako nolabait alde industriala duen orain auzo lehen herria: fabrikak, immigrazioa... Bilduma osatuz joan ziren, eta bostehun pieza inguru bildu zituzten», esan du Errartek, liburuaren editorea ere badenak.
Eta erakusketak antolatu zituzten, eta bilduma mugitu zuten. Baina sustatzaile nagusiak adinean sartu eta desagertuz joan ahala, ahanzturan gelditzen hasi zen, eta erabaki zuten material hura guztia Aranzadiri ematea dohaintzan. «Zera esan genuen: 'Eta istorio hau borobiltzeko, zergatik ez liburu bat argitaratu?'. Eta hori da liburua: istorioa borobiltzea».

Borobildu dute testuinguru horren guztiaren berri emanda, eta 60ko hamarkadako etxe batek zituen objektuen katalogoa gaika jasota: sukaldea, elikadura, etxeko garbiketa, konforta, higienea eta osasuna, ikus-entzunezko gailuak, etxeko instalazioak, jostailuak eta jolasak, ikasmateriala, erlijioa eta sinesmenak, apaingarriak... «Objektuak emozioen eramaileak dira, eta norberaren bizipenekin lotzen dira, baita esanahien eramaile ere. Objektuek hitz egiten dute», azaldu du Jon Serranok, Altzako Historia Mintegiko presidenteak, liburuaren aurkezpenean.

Izan ere, Altzako etxe bati buruzkoa da liburua eta katalogoa, baina balioa bestelakoa da. Hori dio Suberri Matelok, Aranzadiko historiagile eta liburuaren beste editoreak: «Altzakoa, nolabait, erreferentzia edo aitzakia bat da, Ganbara Bilduma hori han sortu zelako. Baina 60ko hamarkadako etxe batean aurki dezakeguna gure aitona-amona gehienen pisu batean aurki dezakegun material berbera da: Duralex plater eta edalontzi marroi horiek, Moulinex zahar eta horitu horiek... 60ko hamarkadan horiek zeuden indarrean. Horiek ziren garaiko materialak. Guk ez ditugu ezagutu baserrietako laiak, ez ditugu ezagutu baserrietako gurdiak... Guretzako material etnografikoak beste horiek dira, guretzako zaharrak beste horiek dira».

Eta badago ahalegin bat objektu horiei merezi duen balioa emateko ere: «Bilduma egin zutenak jende gaztea ziren objektu horiek erosi zituztenean eta erabiltzen zituztenean. Guk batzuk erabiltzen ikusi ditugu, beste batzuk biltegietan sartuta... Trantsizio horretan gelditu diren pieza batzuk dira, baserri munduaren eta mundu modernoago horren tartean gelditu diren objektuak dira, eta horregatik da polita entitatea ematea».