Asteasu ez da Asteasu, Asteasun (Gipuzkoa), baizik eta Astiasu. Eta intxaurrak ez dira intxaurrak, baizik eta intxorrak. Gauzak are gehiago korapilatzen dira batzuetan, Asteasu Astiasu ere ez baita izaten, baizik eta Obaba.
Beharbada, argi pixka bat behar du honek. Zorionez, herriko plazan dago Gari Otamendi Muskerraren Bidearen koordinatzailea. «Idiosinkrasia propioa dago hemen, autoentzako errepide nagusiak egin zituztenean aparte geratu zelako herria», azaldu du. Jendearen zain dago Otamendi, Asteasu Obaba Bide Herria ibilaldiaren lehen txangoan gidari lanak egin behar baititu.
Gauzak argitzen hasi dira: Bernardo Atxaga Asteasun jaio zen, baina, Asteasun, ez zen Atxaga, baizik eta Joseba Irazu. Hark idatzitako Obabakoak eleberrian oinarriturik, Muskerraren Bideaatondu zuten 2005ean. Nobelan agertzen diren lekuak herrian non dauden azaltzen dute ibilaldian. «Asteasuarrok ondo identifikatzen dugu liburuko paisaia, Obaba Asteasu baita», esan du Pilar Legarra alkateak. «Ni ez naiz alkatea», zuzendu du berehala, «alkate andrea baizik». Izan ere, euskaraz alkate hitza neutroa bada ere, «geure buruak ez dira neutroak, eta hitza beti gizonezko batekin lotzen dugu», azaldu du.
Bidera itzuliz, alkate andreak nabarmendu du hiri barneko ibilbidea dela Muskerraren Bidea, eta literaturarekin lotutakoa. Horregatik zabaldu nahi izan dute hura, Obabaren testuingurua erakutsi, eta Asteasun familiarekin egiteko txangoak proposatu. Horrela sortu dituzte Asteasu-Obaba Bide Herria ibilbideak. Lehena egiteko prestatzen ari dira plazan. Aspaldi, mendi bideen elkargune garrantzitsua izen zen herria. «Mendi bide asko dauzkagu, eta erakutsi nahi ditugu», esan du Legarrak.
Abiapuntuan hogei bat pertsona elkartu dira. Beste bost laguneko talde batek etxerako bidea hartu du atzera, eguraldia ikusita. Damutuko zitzaien, beharbada, azkenean ez duelako horrenbeste euririk egin.
Lau ibilbide prestatu dituzte: lehenak Erreka Bailara du izena, eta herriko errota zaharrak erakusten ditu hiru kilometrotan, besteak beste, XIV. mendeko baten aztarnak. Mendizaleentzakoada Usarrabiko Bira deiturikoa: hamasei kilometro ditu, eta Zelatungo lepora heltzen da. Olazarko Ibilbidea-n, sei kilometro eroso egin, eta, besteak beste, burdinola ikus daiteke.
Baina egunekoa Santamañako ibilbidea da, Santa Marina Asteasun Santamaña baita. Santuari eskainitako baselizara igotzeko asmoz, mendi bide bat hartu du taldeak. «Gu behartuta etorri gara; pijama genuen jantzita», esan du Uxune Aranburu neskatoak, «baina orain gustura gaude». Informazioa baieztatu du haren lagun Nora Balerdik. Obabakoak irakurri ote dute gaztetxoek? «Erotuta, ala?», adierazten duen keinu batekin ezetz esan du Aranburuk, berak ez duela asko irakurtzen. Balerdik, baietz, irakurtzen duela, baina ez Atxagarena. Neskatoek ez dute buruzagirik behar: eurak aurrean.
«Bizitza mugimendua da, eta bide guztiak, batez ere zaharrak, mugimendu horren seinale eta oroitzapen dira», idatzi du Atxagak, Asteasu-Obaba Bide Herria proposamena azaltzen duen liburuxkan. «Guk Atxaga dugu berezi», esan du alkate andreak, «eta hark lan handia egin du egitasmoan». Asteasun ez diote beldurrik turisten masifikazioari. «Iaz,Viggo Mortensen eta Ariadna Gil izan genituen», esan du alkate andreak harrotasun puntu batez.
Vigokoa ez, Pontevedrakoa (Galizia) zen Marina santua, eta haren omenezko baselizara heldu da taldea, 30 bat minutuko igoera baten ondoren. Handik ondo baino hobeto ikusten da Obaba osoa. Kondairaren arabera, tenplarioek eraiki zuten baseliza, baina historialarien arabera ez, nahiz eta garaikoa izan, Otamendik azaldu duenez. Barruan, Santa Marina agertzen da erretaula kitsch batean. Antza denez, berriki margotu dute hura, urdin, arrosa eta beste kolore pastel batzuekin. Mexikoko aldare bat ematen du, Euskal Herrikoa barik. Horren azpian zulo bat dago. Asteasuko zaharrek esaten dutenez, han burua sartu eta hiru kredo errezatzen dituenak ez du aurrerantzean, amesgaiztorik izango. «Nire aitari ez zion funtzionatu», esan du Pili Iturbe txangolari eszeptikoak. Zer lotura izan dezake Santa Marinak buruko kontuekin? Kondairaren arabera, Marinari lepoa moztu zioten, eta buruak, erortzerakoan, hiru jauzi egin zituen lurraren kontra. Kolpe bakoitzean, iturri bat sortu zen. Halako kasuetan zuhurrena sendagileari galdetzea da beti, erritualaren bidez amesgaiztoak senda baititzake fededunak, baina, agian, hidrozefalia hartu.
«Fikzioa errealitatea kontatzeko modu bat da», esan du Otamendik. Salda hartu ostean, beherako bidea hartu du taldeak. «Gaur errelatoak sortu behar dira», gaineratu du gidariak, «eta Asteasun, badugu geurea».
ATZEKOZ AURRERA
Obaba, goitik ikusita
Bernardo Atxagaren jaioterrian, Asteasu Obaba Bide Herria txango plana estreinatu berri dute, fikzioa eta errealitatea elkartzen dituen tokiaren testuinguruak ere erakusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu