Elikadura. Eko-tik

Ogia, jatetxeak eta jangelak

Xabi Akizu.
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Lehen, maizago elkartzen ginen baserritarrok Goierri Garaiko eskualde honetan; orain, justu urtean behin eta afaltzera! Badugu, ba, premia, ez afaltzeko, elkartzeko baizik! Baina, tira, gaurkoa afariaren haritik doa.

Jatetxean, sarrerakoez gain, zerrenda luze batetik nahi genuena eska genezakeen, ohi den bezala. Baina, ohi den bezala, gai bat bakarra zegoen aukera gabekoa, denontzat bera, bera eta eskasa. Hori bai, bero-beroa, egin berria! Bai, asmatu duzu, irakurle azkarra: ogia.

Gabiriako jatetxerik ospetsuenean! Baina ez da bakarra, Zumarragako jatetxerik ospetsu eta garestienean ere berdin ematen omen dute: dena aukeran, ogia izan ezik, eta bera eskasa. Edateko denontzat Don Simon —barkatu propagandagatik— gaseosarekin nahastuta emango balute bezala! Bi jatetxe aipatu ditut orokorkerietan ez ibiltzeagatik, baina lasai beude, beste gehientsuenak ere egoera beretsuan daude eta.

Zein kezka dute, bada? Ogi ona ateraz gero ogi hutsez —eta ardo onez— afalduko genukeena? Osasungarriagoa bai, ziur asko, baina ez dut uste horrenbesterainokoa izango litzatekeenik. Ardo on batek janariari garrantzia kendu beharrean eman egiten dion bezala, ogi on batek ere eragin bera izango luke, zalantzarik gabe. Hala ere, jakin bezate gizakia —lehengo— ogi hutsez eta uraz —ardorik ez zuenak— eta ia gehiagorik gabe luzaro bizi izan dela, eta bizi dela munduko hainbat lekutan; ezin esan beste janari askorengatik gauza bera! Ezta gaurko horrelako ogiagatik ere!

Baina ez gaitezen negarretan gera, hau ere luze baino lehen hobetzeko bidean jarriko da eta.

Goazen hobetze bide hori hartu duten batzuengana, ez baitaude oso urruti hemendik; besteak beste, adibide bat Andramari Beasaingo ikastola dugu.

Haurren osasuna zaindu nahi dute men sana in corpore sano esaera zaharrari jarraituz, jangelan janari osasungarriak—ekologikoak— ematen ari dira Ekolapiko proiektuaren babesean, eta janari horien artean ogia ere sartu nahi dute. Gaztetxoek, ordea, ogi «normala» jaten ohituta daude, eta ogi normaletik ogi osasungarrirako urratsa egiteko zer ideia egokiagorik, ogi hori egiten duten baserrira joatea baino! Bertan, 6-12 urte bitarteko 60 gaztetxok hiru txandatan aukera izan dute garitik ogirako bidea beren eskuz egiteko. Hain pozik joan omen dira egindako ogitxoekin etxera, ezen gurasoek ere eskatu omen dute berek ere aukera bera izatea, etxean ere bide horretatik jarraitu ahal izateko.

Joan zen larunbatean ni ez nintzen ausartu jatetxean ogi-ogia eskatzera, baina heziz goazen gaztetxo eta helduek emango diote ogiari merezi duen tokia, bai horixe!

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.