The Loaf in a Box. Izen horixe du Donostiako ibai ertzean ireki berri duten okindegiak, Renferen tren geltokiaren parean. Eta, kasu honetan, izena bat dator izanarekin: kaxa handi bat da, eta ogia saltzen dute bertan. Baina saldu bakarrik ez, ogia egiteko ikastaroak ere ematen dituzte, baita ogiaren inguruko hitzaldiak ere. Azken finean, The Loaf in a Box ez da okindegi soil bat, ogiarekin lotutako elkartze gune bat baizik.
The Glutton Club elkartearen proiektua da, eta bertako kide Andoni Munduatek (Ataun, Gipuzkoa, 1980) azaldu duenez, Pop up Bakery delako bat sortu nahi izan dute. Baina zer esan nahi du horrek? «Pop up kontzeptuak esan nahi du aldi baterako irekitzen den zerbait dela, ixteko eguna jarria duena». Kasu honetan, hiru hilabeterako proiektua da. Uztailaren 1ean ireki zuten, eta irailaren 30ean itxiko dute. Bakery kontzeptuak, berriz, «labean sar daitekeen edozer gauzari» egiten dio erreferentzia. Izan ere, The Loaf in a Boxen ez dute ogia bakarrik egiten: pizzak, opilak, croissantak, pastelak... denetik eros daiteke. Eta horiek egiten ikasi ere bai.
Kontsumitzaileek gastronomiaren inguruko irizpideak edukitzea da The Glutton Cluben helburua. «Produktoreak esan dezake bere produktua oso ona dela, baina kontsumitzaileak ez dauka tresnarik arrazoi duen ala ez jakiteko», azaldu du Munduatek. Horregatik, ogiaren inguruko ikastaroak ematen hasi ziren duela hiru urte, Iban Iartza okinarekin, eta oraindik ere jarraitzen dute.
Baina zergatik ogia? Batetik, egunero jaten den jakia izanik, jendeak ez duelako «arrastorik» ogia nola egiten den. Eta, bestetik, egunero jaten dugun ogia «nahiko kalitate txarrekoa» izaten delako. Arrazoi horiek direla medio, oso produktu interesgarria iruditu zitzaien. Hala, The Handmade Loaf liburua itzuli zuten gaztelaniara; etxean ogia egiten irakasten duen liburua da. Ia 8.000 ale saldu dituzte dagoeneko, halakorik espero ez zuten arren.
Liburuaren salmentek eta ematen dituzten ikastaroek gauza bat erakutsi zien Munduateri eta haren kideei: «Jendeak sekulakointeresa du produktuan». Horrek bultzatu zituen The Loaf in a Box proiektua aurrera eramatera. Dan Lepard okin famatuaren laguntza izan dute horretarako. Hura ere Donostian da, Iartzarekin batera ogia egiten.
Guztira, dozena bat langile aritzen dira okindegian. «Produkzio txikia da», esan du Munduatek. Izan ere, euren helburua ez da Donostiako okindegiekin lehian aritzea. Munduatek, gainera, argi utzi nahi izan du euren dendan ez dutela egunero jateko ogia saltzen, ogi bereziak baizik. Denetariko ogiak egiten dituzte, olibadunak tartean. «Tristea da esatea, baina ogi zaporeko ogia egiten saiatzen gara», azaldu du Munduatek.
Harrera ezin hobea
Berezia ala ez, begien bistakoa da donostiarrek harrera ezin hobea egin diotela dendari. Txikia izanik, ilara atetik kanpora ere ateratzen da momentu batzuetan. Ehun bat ogi egiten dituzte labealdi bakoitzean, eta segituan saltzen dituzte denak.
Okindegia soilik ez, lekua bera ere berezia da. Ez dago lokal batean, ibai ertzean kokaturiko kaxa handi batean baizik. Leku berezi bat nahi zuten euren proiektua gauzatzeko, eta horretarako aukera paregabea suertatu zitzaien. Izan ere, TES Techno Express Solutions enpresak proiektu bat zuen buruan: Donostia zeharkatzen duen Urumea ibaiaren ertzetan kaxak kokatzea, proiektu xumeekin, baina hiriari bizia emango ziotenak. Ibaiak osatzen duen ardatza ezagutzera ematea da, finean, helburua.
Ogiaren inguruko elkargunea
Ogia saltzeaz gain, hura egiteko ikastaroak ere ematen dituzte Donostiako ibai ertzean ireki duten dendan. Jendeak ogiaz duen ezagutza zabaltzea da helburua, eta hiru hilabetez egongo da martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu