Salvados ikusi nuen igande gauean, Borrando a ETA atala. Ondorioak ezagunak dira: ikusmin handia sortu zuen, dezepzioa ere halakoxea. Kuriosoa da, saioari bertuteak nabarmendu genizkion —gai labainak aukeratzea, gaiok ausardiaz hunkitzea, eledunak bertan goxo ez lagatzea—; oraingoan, aldiz, akatsak. Izango da kanpotik egindako erretratua sekula ez datorrelako bat norberak duenarekin. Herrena, baina, nabarmena izan da. Utzidazue, halere, saioa ikusi bitartean hartutako hainbat ohar, galdera eta Twitterreko txio hona ekartzen.
Oharrak: Arrasaten, Bilduk gehiengo absolutuz gobernaturiko herrian, Diario Vasco-k lau saltzen ditu, eta Gara-k bat, erdiguneko kiosko batean. La Razón ere erosten da, oparitzen duen patineteagatik. Manifestazio batera deklarazio anonimo bila joatea ez zait ondo iruditzen, kazetaritza ikuspuntu batetik: denok dakigu arrazoiarena baino gehiago beste zerbaiten exaltazio direla. Euskalduna den eta euskalduna izateaz oso-oso harro dagoen pertsona batek lasai asko eros dezake Espainiako loteria nazionala. Elorrioko PPko zinegotziarentzat hainbat euskal musika talderen hitzek «dejan mucho que desear», baina Ken Zazpi gustatzen zaio. Elorrioko PPko zinegotziak, presoen balizko hurbiltzea gaitzetsi ondoren, ez daki Aznarrek ere presoak hurbildu zituela. Ez du suediarrarena egin. Ez daki benetan.
Galderak: Zer da sentimiento etarra? Zer ese mundo? Zer beldur, deskonfiantza atabiko dute ezker abertzaleko ordezkariek Espainiako hedabideekiko? Ez al dago ironiaz, sarkazmoz nahi bada, erantzungo dien bururik? Elizak Euskadin (sic) pisu handia du, baina zenbat kilo zehazki?
Txioak: @iturri: Jordi Evole, aurkezpena ikusita, iritzi banaketa izango da: batzuk zure aitagan, beste batzuk zure amagan. @hasier: Grazia leukake, Elorrixon PPko kontzejalak bezala, Madrilen Amaiurrek edukitzea PP ala PSOEren gobernurako giltza. @mimesacojea: ez pentsa Jordi Evolek bilatu dituenik. Horrelakoak dira. @mimesacojea (II): Jordi Evoleri esker, Espainia konturatzen ari da choni eta abertzale izateko aukera dagoela. @mimesacojea (eta III): ETArekin bukatzen dugunean serioski egin beharko diegu aurre abertzaleen orrazkerei. @txargain: Banoa ohera, Salvados-en zain, denbora alferrik galduta! Ohean liburu batekin hobeto! Kaka!
Hori ba, bihar arte eta ondo lo egin.
Komunikazioa. Ekografiak
Ohar, galdera eta txioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu