Zientzia Politikoak ikasitakoa da Miren Dupouy (Ospitalepea, Zuberoa, 2000). Lizeotik landa, Parisko eskola entzutetsu batean sartu zen. Han zegoela, ministroak gurutzatzen zituen pasabideetan, baina mundu «elitista» horretatik urrundu nahian, dokumentalgintzako masterra egin zuen. Bada urte bat Euskal Herrira itzuli zela, eta egun zenbait grabaketatan dabil. Zineman ibilbide laburra badu ere, Karmele filma grabatzen aritu da berriki, eta bertze hainbat egitasmo ditu buruan.
Paristik zatozen artista zara zu.
Ez arras! Paristik itzuli berri naiz. Zientzia politikoak ikasi ondotik dokumentalgintzako masterra egin nuen, baina Euskal Herrira arribatzean ohartu nintzen fikzioa ere interesatzen zitzaidala. Beraz, bi lekuetan ari naiz ene aletxoa ematen.
Hain zuzen ere, zer proiektutan ari zara?
Masterreko ikastaroa Zukugailua elkartean egin nuen, eta haien tailerretan parte hartu izan dut. Ikastaroari esker, muntatzaile lana ikasi dut Karmele filma grabatuz. Bestalde, Gastibeltza ekoiztetxearekin ere ikastaro bat egin izan dut.
Nolako esperientzia izan da Karmele grabatzea?
Gauza anitz ikasi ditut. Hegoaldeko ingurumen batean lan egiten eta aitzinkontu nahiko handiko film batean aritzen ikasi dut. Euskal zineman orain arte nituen erreferentziak zabaltzeko eta ezagutza gehiago barneratzeko parada eman dit.
Euskal zinemaz zenuen estimu apala irauli duzu?
Positiboki harritu naiz. Ohartu naiz euskal zineman maila handiko filmak egin daitezkeela. Hala ere, ene esperientzia ttipian oinarriturik mintzatuz, sentitzen dut desberdintasunak badirela Iparraldean eta Hegoaldean, testuinguruak ez baitira berdinak. Eta hauen barnean ere hainbat errealitate ezagutu ditut: iruditzen zait Nafarroan film hurbil eta segur aski esperimentalagoak egiteko joera dela. EAEn, berriz, aitzinkontu handiagoko filmak ekoizten dituztela erranen nuke.
«Ohartu naiz euskal zineman maila handiko filmak egin daitezkeela. Hala ere, ene esperientzia ttipian oinarriturik mintzatuz, sentitzen dut desberdintasunak badirela Iparraldean eta Hegoaldean, testuinguruak ez baitira berdinak»
Lurralde bakoitzeko egoera administratiboak eragin handia du zinemagintzan?
Ez dut aski esperientziarik, baina sentitzen da Frantziako eta Espainiako zinema sistemen eragina, dudarik gabe. Iruditzen zait Frantziako sisteman proposamen artistikoari bideratua den zinema egiten dela oro har, eta beharbada Espainiako sisteman produkzioari bideratua. Dena den, ezin da hain errazki sailkatu, zeren besteak beste Maddi Barberrek, Irati Gorostidik eta Oskar Alegriak film esperimentalak egiten baitituzte Hegoaldean.
Sare bat eratzen ari zara ezagutzen ari zaren bertze zinemagileekin?
Aitzineko belaunaldiek ez dute xantza hori ukan, baina nik bai. Adibidez, Iparraldean bide bat ireki da Itziar Leemans, Elsa Oliarj eta Maia Iribarne zinemagileei esker, euskaraz filmak egiteko gaitasuna erakutsi baitute. Haien filmekin identifikatzen naiz nire sorkuntza garatzeko. Ez dakit ea nire erreferentziek erreferentzia gisa definitzen duten beren burua, baina momentu honetan aktibo direnei behatzen diet.
«Iparraldean bide bat ireki da Itziar Leemans, Elsa Oliarj eta Maia Iribarne zinemagileei esker, euskaraz filmak egiteko gaitasuna erakutsi baitute. Haien filmekin identifikatzen naiz nire sorkuntza garatzeko»
Zer ikasten ari zara pertsona horiengandik?
Laguntzen naute ene ikuspuntu artistikoa asumitzen eta nire proposamenetan sinesten. Merezimendu handia dute, eremu eta arlo bat sortzen ari baitira: industria bat sortzen eta kontakizun bat eraikitzen ari dira. Musikan eta antzerkian, adibidez, erreferentziak badira, baina euskal zineman biziki guti, eta gauza berri anitz sortzen dituzte.
Duinki aritzeko zailtasunak sumatzen dituzu zinemagintzan?
Artista guzientzat zaila da egoera. Intermitentziaren sisteman ari naiz sartzen teknikari gisa, baina lan gehigarriak hartu behar dira, eta proposamenen araberako urtea eratzen da horren arabera. Denbora falta dugu, proiektuak igortzeko eta diru laguntzak galdegiteko epeak bete behar direlako.
Lan administratiboak lan artistikoari gaina hartzen dio batzuetan?
Bai, bat-batekotasuna galarazten dizu. Dosier bat idatzi behar delarik, ideia sendoekin idatzi behar duzu, eta horrek gogoeta sakonak galdegiten dizkizu. Prozesuak luzeak dira, baina zinemaren arloan sartzen zarelarik, badakizu ezinbestean zure proiektuaren alde borroka egin behar duzula.
LOTSABAKO
Azkenaldian maitatu duzun euskal film bat? Zinebi festibalean Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu lehen filmak proiektatu zituzten, eta biziki maitatu nituen.
Mainstream filmak ala esperimentalak? Esperimentalagoak nahiago ditut.
Film bat egiteko jorratuko zenukeen garai bat? Garai guziek beren berezitasuna dute.