Baionako bestak

Ohi baino goizago hasiko dira Baionako bestak

Gaur hasiko dira Baionako bestak. 17:00etan abiatuko dira, usaian baino lehenago, azken urteetan izan den jende saldoa saihesteko. Aurten segurtasuna indartu du herriko etxeak, eta eragileek baita erasoen kontrako protokoloak ere.

Iazko Baionako besten hasierako ekitaldia. PATXI BELTZAIZ
Iazko Baionako besten hasierako ekitaldia. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
Baiona
2025eko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten ere Baionako bestak goiztiarrak izanen dira: gaur hasiko dira, iganderat arte. Usaian uztailaren bukaeran izaten dira Baionako bestak, baina iaz Olinpiar Jokoengatik herriko etxeak bestak aurreratu zituen, bereziki segurtasunerako nahi zuen polizia kopurua izateko. Eguna aitzinatzeaz gain, Askatasunaren plazan egiten den abiatze ordua ere aitzinatu dute; normalean 19:00etan izaten da, baina azken aldian 17:00etara aitzinatu dute, jende gehiegi metatu ez dadin. Azken aldia izanen da hain goiz iraganen direla bestak, heldu den urteko besten datak jadanik finkatuak baitira: uztailaren 15etik 19rat izanen dira.

Zapi gorria lepoan 17:00etatik goiti janzten ahalko bada ere, asteazken goizetik hasiko dira ekitaldiak. Irekiera eguneko goiza, usaian bezala, kirolari lotua izanen da. Batetik, piragua lasterketa izanen da goizean goiz, 09:00etatik goiti; hamabi kilometroko lasterketa izanen da Errobi gainean. Bestalde, Bestazaleen lasterketa iraganen da 24. aldiz. 08:15ean hasiko da Miarritzeko Euskaldunen kostatik; Angelu (Lapurdi) zeharkatu, eta Baionako San Izpiritu zubian bukatuko da lasterketa; orotarat, 13.9 kilometroko ibilbidea izanen da. Ttiki lasterketa eginen dute ber-bertan, Didam museotik; izena lekuan bertan ematen ahalko da.

Ondotik, Baionako elkarteek elkarri aurre eginen diote, munduko piper moleten lehiaketa izanen baita, 10:00etatik goiti, 13:00etara arte, Paul Bert plazan.

Jacques Porte plazan, euskal kultura erdigunean duen plazan, Karrikaldia emanen dute, Bilaka dantza konpainiaren Bilabal dantzaldiarekin, 19:00etatik 23:00etara.

Besten alternatiba

Besta alternatiboak ere izanen dira aurten ere Patxa plazan, bost egunez, Baionako Zizpa gaztetxeak antolaturik. Gaur arratsean, irekidura alternatiboa 19:00etan eginen dute, usaian bezala, San andres plazen den Les Pyrenees ostatuaren gainetik. Bertatik abiatuko dituzte besta herrikoi, transfeminista eta euskaldunak. Bertsoak eta dantzak izanen dira. Ondotik, kontzertuak izanen dira, 21:30etik goiti, Patxa plazan, talde hauekin: Sofa, Karma eta Mix'ela.

Züzülü kafe ostatuak ere asteazkenean abiatuko du bost eguneko egitaraua. Sarri, 21:00etatik goiti, Daudane taldea arituko da, eta, ondotik, Yakadanse DJak lekua alaituko du. 

Indarkeria, gorantz

Bortizkeriarena ez da arazo berria Baionako bestetan, baina hain zaharra ere ez da, eta egoera txartuz doa azken aldietan. Azken urteetan sekulako jende saldoa bildu izan da Lapurdiko hiriburuan besten garaian, ohi baino gehiago, eta, hainbat arazo eragin ditu horrek, tartean bortizkeria. Duela bi urte ezbehar larri bat gertatu zen: Patrice Lanies jipoitu eta erail zuten. Iazko aldian, hari omenaldia eginez abiatu zituzten bestak, asteazkenean, eta, egun baten buruan, pertsona bat hil ala bizi zen jada —zenbat egun berantago hil zen—. Zenbait egun berantago, Elodie Lasseguetteri ere eraso bat egin zioten.

Haatik, besten biharamunean, Baionako Suprefeturan egin zuten besten bilana, eta Jean Rene Etxegaraik erran zuen giro «onean» iragan zirela. Ez zuten jakinarazi zenbat sexu eraso izan ziren bost egunez, baina Jerome Bourrier Baionako prokuradorea «satisfos» agertu zen bestetan ez zelako salaketarik izan sexu erasoengatik edota bortxaketengatik, «seinalatzeak bakarrik». Itaiak, haatik, hamahiru sexu eraso zenbatu zituen, eta elkarretaratzea egin zuen igandean. Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak bere egin du zenbaki hori, eta bortxaketaren kulturaren parte bilakatu izana egotzi die erakundeei, gisa horretako bestak kudeaketa egokirik gabe antolatu eta bermatzen dituelako.

Horren aitzinean, herriko etxeak segurtasuna indartzea erabaki du urtez urte. Jean Rene Etxegaraik Baionako besten aurkezpen prentsaurrekoan segurtasun plana aipatu zuen; orotarat, bederatziehun segurtasun agente ibiliko dira Baionan; seiehun segurtasun agentzia pribatukoak, eta beste hirurehun Frantziako Poliziako CRS talde berezietako kideak. Auzapezak aurkeztu zuen bezala, Baionako buxetaren %50 segurtasunari eta sorospenari zuzendua da, hots, 1,9 milioi euro.

Erasoen kontrako protokoloa

Patrice Lanies erail zutenetik, Baionako Herriko Etxeak eta 2032 kolektiboak sarta bat plantan eman zuten, bestak giro «goxoagoan» pasatu ahal izateko: «Bestazaleen xarta». «Indarkeria eza, elkarri laguntza, errespetua eta onginahia, eraso sexual eta sexisten aurkako borroka, gainditu beharreko mugak...», dira xartaren helburuak.

Aurtengo aldirako berrikuntza bat plantan eman dute, elkarrekin, udalak eta kolektiboak: begirantza aplikazioa sortu dute. Aplikazioak segurtasun eta sorospen zerbitzuak bilduko ditu, eta zuzenean lotuko ditu hiriko eragileekin: ostatuak, jatetxeak eta peñak, besteak beste. Hiriko zerbitzuen bidez, gertakari askotarikoei buruzko alerta sistema izanen da aplikazioan. Larrialdi zenbakirako eta sorospen postuen eta babeslekuen kokapen geografikorako zuzeneko sarbidea emanen du.

Horrez gain, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak sexu erasoen kontrako protokoloa izanen du Lapurdiko hiriburuan. Bere aldetik, babesguneak plantan emanen ditu Baiona zentroan sexu erasoen biktimak babesteko. Orotarat, bost izanen dira: Biltxoko Augustins karrikan, Epaiska Pannecau karrikan, Akelarre Kafe Pontrique karrikan, Coeur Coeur Club Maubeck karrikan eta Cafe La Fontaine Marcel Suares etorbidean. Horrez gain, eraso baten lekuko ala biktima izanez gero, telefono bat ere plantan eman dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.