Jose Luis Otamendi. Idazlea

«Ohiko errezitaldi bat baino gustagarriagoa egin nahi genuen, eta mezua indartu»

'Erlojuen mekanika' liburuko testuek, Robert Flahertyren 'Arango jendea' filmak eta Juan Azpillagaren doinuek bat egingo dute gaur, Hendaian, 'Bustilehorreko poemak' emanaldian.

IMANOL OTEGI/ARP.
Maite Alustiza.
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Jose Luis Otamendi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959), idazlea izateaz gain, bere herriko Iraurgi ikastetxeko irakaslea ere bada. Poesia lantzen du gehienbat, bai idatziz, baita ahozkoan ere. Gaur, Juan Azpillagak eta biek Bustilehorreko poemak, itsasoak eta jendea ikuskizuna eskainiko dute Hendaian, Mediatekan, 18:00etan. Poesia, musika eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituzte emanaldian.

Bustilehorreko poemak izanik, zergatik itsasoak eta jendea, eta ez itsasoak eta mendia?

Robert J. Flahertyren dokumentala dago oinarrian. Arango jendea filmak Irlandako uharte batean bizi zen jendearen bizimodua erakusten digu. Itsasoari begira bizi dira, nahiz eta azalean bizi. Larderia handiko bizimodua da, gogorra. Hori izan zen izenburu horretara bultzatu gintuzten gauzetako bat. Itsasoak pluralean erabili dugu, aldiak eta aldarteak izaten baititu itsasoak, eta bizitzak, noski. Jendearen presentzia nahitaezkoa da, bai dokumentalean, baita poemetan ere.

Zertaz hitz egiten dute poema horiek?

Airelibreko poemak dira, bustilehorrak. Babes handirik gabeko poemak; bizitzaren gorabeherekbatzuetan izaten duten gordintasuna eta besteetan duten gozotasuna erakusten dute. Pertsonen identitateaz ere hitz egiten dute.

Zer transmititu nahi duzue emanaldi honen bitartez?

Gauzen gure ikuspegietako bat ematea da helburua, gure aldarteen berri ematea. Ez gogoeta eginaraztea, baizik eta gustuko duenak zerbait gustagarria topatzea. Juan Azpillagak eta biok makulu ederra hartu genuen: Flahertyren pelikula. Islatzen duen mundua ez da danbolin festa bat, baina jendetasunak eta jendearen elkar hartzeak berotasunerako eta itxaropenerako bidea oso-oso nabarmen uzten du.

Zer ematen dio horrelako emanaldi batek gaiari liburu bateko kontakizunak emango ez liokeenik?

Bat-batekotasuna esango nuke. Jakina, testu baten gainean, egindako film batean oinarrituta eta aurretik landutakomusika baten laguntzarekin. Konbinazio berezia da, hiru elementuen batzea. Beste inon lortzerik egongo ez zena, jendea aurrez aurre izanda. Guk geuk dakiguna erakusten dugu, eta horrekin guztiarekin, kimikatxo xume bat sortzen da ikuskizunean.

Nola izan zen poesia, musika eta filma uztartzeko prozesu hori?

Batera samar joan zen gauza. Ikusi genuen Flahertyren filma izan zitekeela ardatza nahi genuena erakusteko. Klasikoa da gure formula, baina guztiz ohikoa den errezitaldi bat zerbait gehiagorekin osatu nahi izan genuen, gustagarriagoa egiteko eta hor ageri den mezuak indar handiagoa hartzen duelako. Irudiekin lotuta, Erlojuen mekanika liburuko testu egokienak hautatu genituen, ordubetez azpiko emanaldi baterako, eta musikarekin ere probak egiten jardun genuen. Askotan musika testuen ia-ia osagarri deskriptibo izaten da, eta guk pitzadura edo arrakala sortuko lukeen musika nahi genuen.

Aberri nola ahaztu poemak zera dio: Aberriaz ahaztu nahiko nuke [...] etengabe interrogatzen naute; nor naizen, zer naizen. Galdera horiek albo batera uzteko unea iritsi al da?

Galdera horien erantzuna unean unekoa izaten da, une hau ere bat gehiago da, nahiz eta batzuen barruak ez dauden atzo arte bezala. Oraindik ere galdera horiek luze iraungo dute, niri dagokidanez behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.