Olentzerok eta joaldunek ohi baino bidaia luzeagoa egin, eta Argentinako Euskal Etxeak bisitatu zituzten, 2022an. Hango euskaldunek ohitura horien berri izatea zen asmoa; baita nondik zetozen jakitea ere. Orain, Transmisioa izeneko dokumentalean kontatu dute Olentzeroren Lagunak elkarteko lagunek hara egindako bidaia, eta Euskal Astean zer gertatu ohi den. Aitzol Salaberria (Baiona, 1972) elkarte horretako kidea da.
Nola hartu zituzten Olentzero eta joaldunak Argentinako diasporako euskaldunek?
Oso ongi. Euskal Etxe guztietan aparteko harrera egin digute. Toki batzuetan aurreskuarekin ere bai, dantzarekin; beste batzuetan, opari batzuekin. Oso umilki, baina beti bihotzarekin. Ez genuen pentsatzen harrera hain ona egingo zigutenik.
Ezagutzen zituzten aurretik?
Euskal Etxe batzuetan ezagutzen zituzten pertsonaiak, bai; baina atzean den istorioa, mitologia, sinesmenak edo tradizioa ez zuten ezagutzen. Adibidez, Etxe batzuetan deitzen zuten Olentzero «Papa Noel vasco» [Euskal Aita Noel]. Eta ez, ez du fitsik ikustekorik. Gero, bazekiten zela ikazkina, baina ez zekiten zer irudikatzen zuen. Eguzkiaren, solstizioaren edo negu buruaren pertsonifikazioa da, eta hori ez zekiten.
Nolatan joan zineten Argentinara?
Helburua hasieran zen 2020an joatea, joaldun batzuekin, Macachinera, han bizi den batek gonbidaturik, Bergarako [Gipuzkoa] Iñaki Unamunok. Galdetu zidan ea zergatik ez genuen Olentzerori eta hemengo tradizioari buruzko hitzaldi bat ematen, Euskal Astean. Pandemia etorri zen, eta, azkenean, 2022an egin genuen. Baina mintzaldi bat ematera joan beharrean, lau edo bost ematera joan ginen.
Bidaia hori kontatu duzue?
Dokumentala hiru partetan banatua da. Lehenbizi, gure mintzaldiaren parte bat erakusten du: zer harrera egin ziguten, nola transmititzen duten euskara eta euskal kultura. Bigarren partean, ikusten da nola egin zen Euskal Astea Macachinen 2022an. Eta hirugarren partean, Argentinakoek esaten dute ja zer sentitzen diren: euskaldunak, argentinarrak, frantsesak, espainolak, edo ezer ere ez, edo denetarik. Hori ere interesgarria da.
Eta zer sentitzen dira?
Hori dokumentalean ikusi behar da [barrez]. Bada denetarik, baina harritzekoa da zer pentsatzen duten batzuek. Ikusiz zer pentsatzen duten eta, gero, ikusiz nola pasatzen den Euskal Astea gauza asko ulertzen dituzu.
Euskaldunak idealizatuak dituztela esaten dute. Hala da?
Iduri zuen etortzen ginela lur bedeinkatutik; gu etortzen ginela eta bagenekiela dena. Ez da hori, baina horrela errezibitu gaituzte. Guretzat hori ere interesgarria izan da, gure helburua ez zelako esatea ohitura horiek nola egin behar dituzten. Gu joan gara Iparraldean gure elkarteetan nola egiten dugun azaltzera, baina hor ez ginen lezioak emateko, baizik eta esateko guk nola egiten dugun eta nola nahi dugun transmititu.
Zergatik da garrantzitsua ohitura horiek transmititzea?
Kultura guztietan bezala, ohiturak ez badira transmititzen eta mantentzen, kultura eta hizkuntzak galtzen direlako. Euskaldunak hor baldin bagaude milaka urte hauetan da gure kultura eta hizkuntza jakin izan dugulako transmititzen. Besterik ez.
Zer esan dizuete dokumentala ikusi dutenek?
Dokumentala 34 aldiz-edo eman dugu. Denek esan didate oso ondo dagoela. Ez dakit jada egia den, baina hainbeste esaten badute, momentu batez egia izan behar da [barrez]. Nahi genuen dokumentalak erakuts dezan Euskal Astea eta guk nola bizi izan dugun. Argentinan aurkezten izan garenean, esan digute behingoz dokumental horrek erakusten duela nola diren eta nola pasatzen den Euskal Astea. Hori entzutea guretzako lorpen bat da. Orain, nahi dugu Hegoaldean gehiago proiektatu.
LOTSABAKO
Argentinako Euskal Etxe bat?
Macachin.Zer eskatuko diozu Olentzerori?
Egin dezala beti egiten duen lana, argia zabaltzeko eta egun hobeak ekartzeko.Argentinako ohitura bat?
Errekia.