Mendizalea

Xiril Alvarez: «Ohiturari esker, niretzat Iparlara edo Nepalgo mendi batera joatea ber gauza da»

Abenduaren 8an, ostiralean, Xiril Alvarez mendizaleari buruzko 'Arima baitako bideak' telesaila estreinatuko du Kanaldudek; Errusian eta Mongolian egindako ibilaldia du oinarri.

Xiril Alvarez
GUILLAUME FAUVEAU
Bidarrai
2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Haurra denetik mendizale amorratua da Xiril Alvarez (Baiona, 1973). Burasoekin hasi zen Euskal Herriko eta Frantziako mendietara igotzen, eta, pixkanaka askatasuna hartu, eta bakarka edo binaka munduko hainbat mendi eta herrialde ezagutu ditu: Kanada, Islandia, Errusia, Peru, Bolivia, Bosnia, Nepal, Albania eta beste anitz. Egun, laboraria da Bidarrain (Behe Nafarroa), eta mendiko gida ere bada, bere pasioaz dakiena irakasteko eta transmititzeko. Errusian kokatua den Baikal lakuaren zeharkatzea erakutsi nahi izan du pantailan, han bizi izan dituen gorabeherekin. Kanaldudek estreinatuko du filma, abenduaren 8an.

Zure Arima baitako bideak filma estreinatuko du Kanaldudek abenduaren 8an. Zer aipatzen du filmak? Zer zen zure helburua?

Errusian eta Mongolian egin dudan Baikal lakuaren zeharkatzea segitzen du filmak. Kirola eta desafioa maite ditut, eta seiehun kilometroko zeharkatze hori desafio ederra izan zen, nahiz eta zangoko arazo batengatik ezin izan nuen ibilaldia bukatu. Jadanik bizpahiru aldiz izana nintzen Errusian, eta bereziki maitatu izan nituen aintzira horren bazterrak: munduko lekurik ederrenetakoa da niretzat. Gainera, interesgarria da, anitzentzat leku magnetiko bat dela diogulako. Bere edertasuna eta berezitasuna erakutsi nahi nituen, horrelako gauza zoragarri bat ikusteak balio duelako, nire ustez.

Mundu osoan zehar ibili zira. Zergatik da garrantzitsuak bidaiatzea? Zer ematen dizu?

Niretzat, izpiritua irekitzeko leiho bat da bidaia, gauza berriak ikusteko, batzuetan gogorrak edo ederrak izan daitezkeenak. Bidaiaren bidez, beste zerbait badela ikusteko parada da: hemen, Euskal Herrian, dena polita da, kasik paradisu bat dela erraten dugu, baina ez gara bortxaz ohartzen beste herrialdeetan diren zailtasunez. Badakit hemen ere badirela, baina desberdinak dira: Nepalera joaten naizelarik, pobrezia eta biztanleen eskasia segituan ageri dira. Bidaia horiei esker ohartu naiz xantza dugula Euskal Herrian bizitzea. Bidaiak egiten ditudalarik, ez noa hondartzara egunak pasatzera edo pausatzera, leku horietara noa jendea eta kulturak ezagutzera, abenturak bizitzeko, naturan egoteko. Ondorioz, egin ditudan bidaia guztiak bereziak izan dira; ez da bat beste bat baino aberasgarria izan.

Esperientzia txarrik bizi izan duzu?

Behin bakarrik, Nepalen nintzelarik, arazo bat izan nuen biriketan. Jendeak, zazpi egunez, bizkarka jaitsi ninduten menditik. Berezia izan zen, baina ez da oroitzapen txarra izan: azkenean ongi bukatu zen, eta hori da garrantzitsuena.

Egiten dituzun espedizio luze horiek nola prestatzen dira?

Prestaketan garrantzitsuena materialarena izaten da, bereziki. Ez baduzu behar den guztia, ez duzu luzaz iraunen. Ohiturari esker, orain badakit zehazki zer behar dudan nire zakuan, eta fite egiten dut; adibidez, Nepalera joateko nire puska guztiak bezperan prestatzen ditut. Iparlara edo Nepalgo mendi batera joatea niretzat ber gauza da. Diru pixka bat ere behar da. Eta, bistan dena: motibazioa eta gogoa ezinbestekoak dira.

Bidaiak bakarka edo binaka egiten dituzu. Bada desberdintasunik bien artean?

Biak maite ditut. Biek desberdintasunak dituzte. Binaka egiteak aberastasun bat ekartzen du, momentuak, abentura, oroitzapen onak edota txarrak partekatzen dira; zailtasunak errazago konpontzen dira taldean izatearekin. Baina bakarrik egitea ere interesgarria da, kanporantz begiratzen baitugu, baina baita barnerantz ere. Bakarrik izateak gure baitako gogoetak sakontzen ahalmentzen du, eta gure baitan ditugun galderei erantzunak atzeman ditzakegu.

Zure pasioa lanbide bilakatu duzu.

Gaur egun, ibilaldiak eta ikastaroak proposatzen ditut, osasunaren inguruko ikastaroak. Maite dut gorputza ikertzea, nola hobetzen edo azkartzen ahal den ikastea. Gure gorputza makina eder bat da, espirituarekin lotua dena, espirituak manatzen baitu gure gorputza. Pentsatzen da ahulak garela, baina ez da hala; biziki azkarrak gara. Proposatzen ditudan ikastaroetan, sinesmen txarrak hautsi nahi ditut, eta erakutsi nahi dut gure mugak gainditzen ahal direla. Maite dut hori guztia bizitzea, baina jendeari irakastea eta laguntzea ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.