Emakumea izan eta herriz herri musika jotzen ibiltzea zer den inork baino hobeki daki Maixa Lizarribarrek (Altzo, Gipuzkoa, 1971). 1988tik 1999ra bitartean, hamaika urtez, 1.100 kontzertu baino gehiago eman zituen Maixa ta Ixiar taldearekin. Itziar Oreja pandero jolea lagun hartuta, gizonen terreno batean sartu zirela aitortu du Lizarribarrek. «Guk osatutako kanten letra asko gizonezkoei zuzenduta zeuden».
Euri pixka bat bota du oholtza gainetatik erretiratu zinetenetik.
Hamalau urte igaro dira dagoeneko, eta orain ikusten ditugu orduan ikusten ez genituen gauza asko. Erromerietan hasi ginenean, oso gazteak ginen: nik 17 urte nituen, eta Itziarrek, 14. Ordura arte, nagusiki gizonezkoek agintzen zuten espazio batean sartu ginen, eta nahiko ongi moldatu ginen, gainera. Nobedadea ginen, eta dei asko jaso genituen.
Gurasoen laguntza beharrezkoa izango zen, noski.
Dudarik gabe. Edonora joateko ere, haien laguntza behar izaten genuen, eta beti gurekin joateko prest agertzen ziren. Orain pentsatzen jarrita, meritu galanta zuten. Beti ordu txarretan ematen genituen kontzertuak, eta gurasoak bertan egoten ziren.
Gurasoen meritua aipatu duzu. Eta zuengana iristen ziren kritikak haiengana ere helduko ziren.
Halaxe da. Neskak eta, era berean, gazteak ginelako, ez zegoen ongi ikusia oholtzetan barrena ibiltzea. Gauza dezente entzutea tokatu zitzaigun: ohean hobeto egongo ginela, plazak betetzeko gai ez ginela... Halere, guri musika jotzea gustatzen zitzaigun, eta horri egiten genion kasu. Komentarioak alde batera uzten saiatzen ginen. Aitortu beharra daukat, dena den, jasotako laguntza askoz handiagoa izan zela kritikak baino.
Zuen garaitik gaur egunera aldaketarik ikusten al duzu?
Orain, neska gehiago dabiltza plazetan. Oholtza gainetan emakumezkoak ikustean, izugarri pozten naiz. Egun trikitia ikasten duten %90 emakumezkoak dira.
Maixa Lizarribar. Trikitilari ohia
«Oholtza gainean neskak ikustean, asko pozten naiz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu