Euskal Selekzioko hautatzaileek Amaia Prebende deitu dute, beste lagun batekin batera, ekainaren 23an Eslovakiaren kontra jokatuko den partidan gomitatu gisa parte hartzeko. Donapaleuko taldeko gibeleko lerroan jokatzen du.
Hemen errugbia eta pilota dira nagusi. Nolaz hasi zinen futbolean?
Palan ari izan naiz txikitan, baina talde kirol batean saiatu nahi nuen. Duela hamar urte, bakarrik saskibaloia bazen Donapaleun; beraz, lagun artean erabaki genuen futbol talde bat muntatzea. Hamar urte dira ibiltzen dela.
Futbolean neskak beti itzalean dira, goi mailan ere bai...
Pentsatzen dut gauzak aldatzen ari direla. Gero eta indar gehiago eginak dira nesken futbola garatzeko. Frantziak erakutsi du munduko lehiaketan zein maila zuen laugarren bukatuz; Lyonek ere bai, Txapeldunen Liga irabazita bi urtez segidan, joko garbia eginez... Telebistak erosi ditu eskubideak Txapeldunen Ligarentzat, munduko lehiaketarentzat... Pentsatzen dut hedabideetan agertzeak bultzatzen ahal duela nesken futbola. Horrek neskak motibatzen ahal ditu txikitan hasteko. Gero eta lizentziatu gehiago eta indar handiagoa.
Goi mailari kasu egiten diozu? Neska batek amesten ahal du futbolaz bizitzea?
Urrunetik erreparatu nion munduko txapelketari; beste emaitza batzuei ere kasu egiten diet, baina urrunetik. Mutilentzat oso zaila da goi mailara heltzea; berdin neskentzat. Bestalde, nesken futbola ez da oraindik hain famatua, eta diru eskasaz sufritzen du; diru anitz behar da talde bat goi mailan aritzeko. Nire ustez, gauza zaila da futbolaz bakarrik bizitzea.
Neska futbolarien artean erreferentziak badituzu?
Pichon duela urte batzuk; gaur egun, Necib, Bompastor, Abily... Baina onartzen dut mutilen lehiaketari gehiago behatzen diodala.
Errazu, Euskal Selekziora gomitatua izan zara. Nola hartu duzu?
Pozik naiz. Ohore bat da norberaren herriaren koloreak defendatzea. Futbolaz gain, mezu bat pasatu nahi du Euskal Herria Kirolak: Euskal Selekzioak eta Euskal Herriak herri gisa lehiatzea beste herrien ondoan. Aldarrikapen hori partekatzen dut eta, beraz, ohorea da niretzat esperientzia honetan parte hartzea.
Pentsatzen dut orain ezingo duzula bestarik egin, jaten duzunari kasu egin beharko diozula...
Berdin segituko dut: kirol pixka bat eta aisialdi pixka bat! Garagardo batek ez du kalte handirik egiten ahal!
Eta Frantziako selekziotik deitzen bazaituzte, joanen zinateke?
Ez dut pentsatzen holakorik gertatuko denik. Kasualitatez gertatuko balitz, pentsatzen dut nire lekua beste norbaiti utziko niokeela.
Euskal selekzioa ez da ofizialki ezagutua... Bakarrik lagunarteko partidak jokatzen dira. Zer diozu egoera horretaz?
Euskal Herria herri bat da; zergatik ez luke ukan behar bere kirol selekzioa? Aldarrikapen bat da. EH Kirolaren eta ESAITen helburua da noizbait Euskal Herriak ukan dezala bere selekzioa beste herriek bezala. Espero dut lortuko dugula.
Erran duzu palan ari zinela eta talde kirolera pasatu nahi izan zenuela. Giroa desberdina da? Zertan?
Talde jokoak irakasten du besteekin jokatzen; pilotan usu joko indibidualak ezberdintasuna egiten ahal du. Aldiz, futbolean joko kolektiboak du garrantzia hartzen. Beste balio batzuk ikasten dira taldean: errespetua, integrazioa, elkarren arteko sostengua... aldageletako irriak, hirugarren denboraldiak eta abar ahantzi gabe.
Zure lanak denbora uzten ote dizu ongi entrenatzeko?
Urtebete da erizain naizela, eta lehen urtea entrenamenduetara hain gutxi joan naizela. Ez da aise lana eta kirola konbinatzea. Gainera, astean behin trebatzen garenez, fite galtzen dira maila eta fisikoa.
Donapaleun bizi zara. Kirola inportanta da herriko giroan?
Nire ustez, bai; parte hartze handia bada kirol guztietan. Kirol talde guztiak laguntzaileei esker bizi dira, eta hori galtzen ari den dinamika bat da. Domaia da. Gero, denetan bezala, kirol batzuk besteak baino arrakastatsuagoak dira. Donapaleun, errugbiak arrakasta anitz badu. Inportanta da denak sustengatzea.
Lehen ere, selekzioan laguntzen ari izan zara.
Iaz, Euskal Herriko emakumezkoen lehen futbol kopa antolatu zuten. Behar zuten Iparraldeko pertsona baten laguntza Iparraldeko talde guztiekin harremanetan sartzeko. Nahiz eta beste maila bat izan, garrantzitsua zen Iparraldeak parte hartzea. Haiekin lan egin nuen Iparraldeko taldea osatzen eta partida antolatzen Donapaleuko zelaian.
Amaia Prebende
«Ohore bat da norberaren herriaren koloreak defendatzea»
Donapaleuko futbol taldeko jokalaria da, gibelekoa. Duela hamar urte, taldea sortu zuen lagun batzuekin, pilotaren bakartasunetik talde giroan murgildu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu