ATZEKOZ AURRERA. Katixa Huguenard. Errobi ur sindikatuko teknikaria

«Oieskeria anitz aurkitzen da oraino»

Erreka ez dela hondakindegi bat berretsiko dute Errobi garbitzeko lanek igandean; agerian ez diren zikinentzat, berriz, laborariekin eta udalekin ari da lanean Huguenard kide duen sindikatua.

AURORE LUCAS.
Nora Arbelbide Lete.
Kanbo
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ingurumenaren alde zerbait egin nahi dutenak elkartzea eta garbitze lanak baldintza onetan egiteko aukera ematea. Hori du xede nagusiaErrobin: 0 Hondakin egunak; baita,bide batez, gaiak hunkitzen dituenen sarea zabaltzea ere. Guztiei irekia da, eta urtez urte gero eta jende gehiago biltzen da. Komunikazio kanpaina bat ere bada. Errobiko Ibarraren Sindikatuko Katixa Huguenard (Baiona, 1979) damu da, jendeak oraindik ez duelako arras barneratuta hondakinak hondakindegietara eraman behar direla, eta ez direla nolanahi bota behar. Egunaren antolatzaileetako bat da Huguenard. Hitzordua Itsasun (Lapurdi) dute igande honetan. 09:00etan bilduko dira, Evasion 64 aisialdi zentroan, zikinak rafting eginez biltzeko; Intermarchen, berriz, oinez biltzeko. Baionako partea ere garbitzekoa da Baionako Arraun Elkartea.

Jantziak garbitzeko makinetako burdinazko kutxa borobil anitz ageri dira erreka bazterrean. Horra parabola: garbitzeko egina zena, zikin eragile bihurtua.

Bai. Ez dakit zergatik, baina beti agertzen dira horiek, baita zartaginak eta zapatak ere. Zinez anitz badira, eta beti. Plastikoa eta autoko gurpil anitz ere badira.

Igandekoaren gisako garbiketa egunen ondorioak neurtzen dituzue uraren kalitatean?

Ez. Guk uraren kalitatea 2002tik dugu segitzen. Problema da ez ditugula parametro bereziak segitzen. Ez dugu pestizidarik segitzen, ez eta plastikoan aurkitu daitekeen elementurik: phtalatea, adibidez. Sindikatu gisa ezin dugu baieztatu: «garbi dezagun erreka, eta bere kalitatea hobetuko da».

Zergatik ez da posible?

Izugarri garestia eta zaila da. Molekula batzuk ez dituzu baitezpada uretan aurkituko. Baliteke arrainen giharretan metatu izana, edo sedimentuetan. Horrelako jarraipenak egitea biziki konplexua da. Guk sindikatu mailan ezin dugu egin jarraipen hori.

Iaz, 200 pertsona elkartu eta bi tona bildu zenituzten, eta udazken honetan tona bat bildu zuen Evasion 64 rafting elkarteak. Garbiketa horien ondorio zehatzak ezin badituzue eman ere, ondorioak ikusten dituzue, ezta?

Hats berria ematen diote errekari. Hondakinak ez dira batere onak uraren kalitaterako. Ez dira onak ez faunarentzat ez eta landarediarentzat ere. Segur dena da hondakinak erreketatik kendu behar direla,eta oraino anitz atzematen direla.Oieskeria anitz aurkitzen da oraino. Burdineria anitz ere bada. Horrek igotzen du gure hondakin biltzeen pisua. Gauza zahar anitz bada.Hori ere zehaztu beharra da. Atzematen diren gauza anitz zaharrak dira.

Ikusten dira hondakindegi basati eta zahar batzuk, lurperatuak zirenak, baina urak, uholdeengatik eta agerian uzten dituenak. Horiek errekan bururatzen dira?

Bai, horrelako anitz bada.

Pentzea erreka bazterrean, behiak pentze horretan... eta behien kaken bakteriok uretan...

Bai, horretarako lan bat hasi dugu laborariekin. Laborantza Ganberarekin hitzarmena izenpetua dugu. Diru laguntzak badaude ongarrien kanpo estalkietarako. Estalkirik gabe, euria egiten duelarik, bakterio guztiak lerratzen dira errekara, eta, gainera, ongarriak bere hazkurri guztiak galtzen ditu. Ur ponpak ere ezartzen dituzte baserriko animaliek ez dezaten zuzenki edan erreketan.

Antibiotikoak eta horrelakoak xerkatzen dituzue uretan?

Ez. 41 molekula segi daitezke, hala galdegiten du Europak. Baina, antibiotiko, antisorgailu eta horrelakoentzat ez da jarraipenik egiten, nahiz eta ikerketa batzuk egin izan diren. Legez, ez gaituzte behartzen horretara.

Kanbon atsedenleku eta erietxe anitz bada, eta hor ere hondakin asko. Zer gertatzen da horiekin?

Ez dira bere horretan botatzen, baina, beharbada, pasatzen dira. Baionako ur konpainiak eta L'Eau d'Ici konpainiak molekula batzuen jarraipenak egiten dituzte. Aztarna batzuk aurkitzen dituzte. Beti normak errespetatzen dituztenak, baina badira. Guk sindikatu mailan jarraipena egin nahi genuke. Jadanikhamasei puntu jarraitzen ditugu, eta uraren agentziak ez ditu puntu gehiago finantzatu nahi.

Zergatik?

Jadanik badugulako arazo bat pestizidekin.

Pestizidei begira ere sentsibilizazio lan bat dagizue. Zertan datza?

Herriko Etxeekin lan bat daramasindikatuak. Gero eta herri gehiagok erabakitzen dute ez gehiago pestizidarik erabiltzea, dela Kanbo, Bidarrai, Uztaritze... Gero eta dei gehiago ditugu, eta prestakuntza egun bat antolatuko dugu.

Errobiko ura zenbatek edaten dute? Zenbat ur zorrotadetara iristen da?

Neguan, 200.000 pertsonak dute edaten, eta udan, 400.000k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.