Euskaldun bik egindako bidaia egin nahi baduzue, begiak itxi eta irudikatu bizilagunik gabeko kilometroak eta kilometroko eremu berdea, altxorrez betetako natura-paradisua, arte eta zientziarako inspirazio sakona, tribu askoren aspaldiko kokalekua, gizaki guztiok zaindu beharreko gunea eta Venezuelako hegoaldean eta Brasilgo Roraima estatuan izango zarete. Zuen bizilagunen larrua beltzaran argia, sudurra zapala, begiak beltzak, belarri-gingileak eta aurpegiaren masailak alderik alde zulatuta, emakumezkoak gerritik gora biluzik, gizonezkoak gerripekoak jantzita, zurekin alderatuta oso txikiak, bizilekua oso umela, eltxoz gainezka eta txitean-pitean euria egiten badu ez izan zalantza izpirik: yanomamien lurraldean zaudete, Amazonian.
Irudimenak lagunduta Amazoniara joatea erreza bada ere, Lufthansa Airen 2701 hegaldian egindako bidaia hori baino neketsuagoa suertatu zaigu gure helmugara heltzea. Caracasen munduko edozein hiriburuk betetzen dituen ezaugarriak begiztatzen dira aireportutik ostalera taxiz eginiko distantzian: trafiko handia, zarata, kutsadura, oinezkoenjoan-etorriak...Etorri berriak izanda ere, dagoeneko badakigu autoak nolakoak diren: zaharrak, ihes-hodietatik etengabe ke lanbroa barreiatzen duten horietakoak..., eta baita gizakien larruak zer nolako kolorea duen ere: zuriak, mulatoak, beltzak... Batzuk ikatza baino beltzagoak dira. Kuban holakoei «prieta» esaten diote; hemen oraindik ez dakigu, baina koloretan, behintzat, badago non aukeratu. Leku bitan behatu eta gero Carmencita izeneko ostatuan geldituko gara. Txukuna eta lasaia dirudi. Gau bat egiteko ezin daiteke gehiago eska.
Caracasetik Puerto Ayacuchora. «1924an sortu zen Ayacucho hiria eta 60.000 mila bizilagun ditu...», Caracasetik Amazonaseko Estatu Federaleko hiriburura egindako pare bat ordu eskaseko bitartean, hegazkineko telebistako dokumentalak emaniko datuak dira. Bertan zibilizazioa bukatzen omen da, handik behera espiritu eta txamanen lurraldea dago. Guri itxoiten baileuden, hementxe daude aireportuko harrera gela nagusiko hormetako margoetan yanomamiak guri begira irribarretsu, euren istorioa kontatzeko prest:
«Ilargia txaman baten gorputzean bizi zen. Txamana hiltzean ilargia noraezean ibili zen zeruan. Gero, Lurrera bueltatu zen txamanaren hezurren errautsak jatera. Txamanaren ahaideek ilargia ikustean geziak jaurti zizkioten, baina alperrik, ilargia hodeietan ezkutatu zen eta geziak zorura erortzen ziren minik egin gabe. Azkenean, gezi batek bete-betean jo zuen ilargia eta odol jario handia izan zuen. Galdutako odol tantetatik sortu omen ziren yanomamiak».
Lehenengo eguna bertako giroa ezagutzeko eta plana egiteko erabili badugu ere, informazio-bulegoan jasotako argibideek ez digute guk gauzatu nahi dugun txangorako aukera handirik eskaini: «Yanomamiak oso urruti daude! Hobeto inguruetan osteratxo bat egiten baduzue». Baina alperrik aritu dira geure helburua, ametsa, zoramena edota dena delakoari trabak ipintzen: erabakia hartuta dugu. Hiru eguneko epea ipini diogu geure buruari abentura gauzatzeko. Lehengo bi egunetan bertako askorekin berba egin eta gero, nahikoa etsita egon gara; denak dira trabak. Hirugarren egunean, oheratu aurretik, diruak leku malkarrak zelaitzen dituela oso nabarmen gelditu da. Ez dakigu nork esanda, baina Goyo izeneko mutilak eskaini du bere burua yanomamiak ikusteko: «Nahi baduzue San Carlos de Rio Negrora joango gara hegazkinez eta handik hiru bat egun txalupaz egin eta Coromotora joango gara; bertan yanomamiak daude». Tribuko nagusiaren semea ezagutzen omen du Goyok eta horrek lagunduko digu, antza, bertan kanpatzen. Dena den, plana oraindik airean dago, zeren eta eskatutako dirutza neurriz gainekoa iruditu zaigu biok bakarrik ordaintzeko. Jende gehiagoren beharretan gaude. Hurrengo egunean sekulako ahaleginak egin ditugu atzerritar batzuekin taldetxoa osatzeko, baina usteak erdi ustel suertatu zaigu. Batzuek honako aitzakiak eman dizkigute: «Gu rafting egitera etorri gara»; beste batzuek: «Ayacuchotik gertu dagoen tepui (mendi) batera joango gara». Darraionarentzat ei da ehiza, eta azkenean alemaniar bikote bat eta bakarrik dagoen italiar mutil bat animatuko dira gurekin etortzen. Tratua itxi eta gero, Goyok boligrafoa hartzeko eta eraman beharrekoa apuntatzeko esan digu: «Esku hutsik joaten bagara, ez gaituzte onartuko».Arratsalde osoa yanomamientzako opariak (amuak, mastekatzeko tabakoa, emakumeentzako lepokoak egiteko apaingarriak...) eta guretzat ezinbestekoak izan daitezkeen gauzak (pilulak ura edateko, errepelenteak...) erosten eman dugu. Eta yanomamiez gehiago jakiteko, Iyëwei-teri. Quince años entre los yanomamos, liburua ere erosi dugu. Gauean ez dugu lorik egin; gau osoan kezkaturik izan gara. Hurrengo egunean, goizean goiz, furgoneta batek bidaide guztiak jaso eta aireportura eraman gaitu. Bizkar-zorroak, fardelak, janariak... hartu, eta hantxe ikusi dugu gure zain oso urrutira joateko itxura handirik ez duen hegazkintxoa. Aireratu aurretik ekipaia pisatu behar izan dugu. Itxura denez, gehiegizko pisua daramagu eta gauza batzuk (esnea, lata batzuk...) bertan utzi behar izan ditugu.
Leihoaren ondoan joatea egokitu zaigunez, aukera oso ona izan dugu galtzerainoko mugarik gabeko Amazonasen handitasuna behatzeko. Eta tartean, umetan txapetan jolasteko lurrean margotutako marren itxura duen Orinoko ibaia ikusteko. Hiru ordu eman ostean, gure pospolo kutxak altura galdu eta belarrik gabeko zelai batean hartu du lurra. Eremu hau babesturik eta kontrolpean dago eta tramite batzuk burutu behar izan ditugu ibaian aurrera egiteko. Ontziratzeko tokitik gertu, guri begira soldadu bat dago garita batean Sten izeneko metraileta eskuan, eta ondoan destakamendu burua. Pasaporteak begiratu, bizkar-zorroak arakatu, eskupekoa eman eta orritxo bat eman digu polizia buruak irakurtzeko: «Yanomamien lurraldean sartuz gero eta zer edo zer gertatuz gero, norbera da erantzule bakarra».
COROMOTORAKO BIDEAN. Casiquiare ibaitik gora egindako hiru egunetan denetariko gauzak ikusi ditugu. Batzuetan txoriak izan ditugu kantu-lagun, geure buruen gainetik euren hegalei indar handiz eraginez. Bestetan, oso gutxitan ikusten diren ur gezako izurdeak edota toninak ikusteko parada ere izan dugu. Oso nekatuta egondako uneetan txaluparen motorraren burrunba moteldu eta arrantzan aritzeko beta ere hartu dugu. Holakoetan makilatxo bat, ogiaren mamia eta trebetasuna nahikoa da horrenbesteko beldurra diogun pirenei kolpe egiteko. Udatiarrentzat antolatutako laket-bidaia dirudi. Gauean ibaiaren edozein geldiunetan geratu, lastozko lastairak lurrean zabaldu, eltxoen aurkako sarea edozein zuhaitzetan kateatu eta afaldu ostean loak hartu aurretik, gaualdiaren iluna, ukitzen, dastatzen igarotzen dugu. Hirugarren egunean ibaian gora postura hartu ezinik ordu pare bat egin ostean, motor baten zarata entzun eta hiru txalupa ikusi ditugu. Hitza zuzendu diguna Maracaiboko unibertsitateko biologia irakaslea da; gainontzekoa bederatziak Ingalaterrako antropologoak dira. Tximeletei buruzko ikerketa bat egiteko aitzakiaz munduko edozein bazterretan Internetek komunikatzeko balio duela probatu nahi dute. Haien asmoa Coromoton lo egitea zen, baina oparirik eraman ez dutenez, alde egin behar izan dute. Gure estualdiaz jabeturik-edo, esanikoa leuntzen saiatu da: «Guk zorte txarra izan dugu, baina baliteke zuek...». Baina alperrik izan da; kezkaturik gaude. Tarte luze bat gogoetarako izan da eta txaluparen motorraren burrunba eta txorien kantuak baino ez dira entzun. Gero, ibai bazterrean bidezidor itxurako bidexka batera zuzendu du Goyok txalupa. Habe bati kateatu eta tramankulu guztiak aldean hartuta, basoan barna abiatu gara oinez.
Tarte labur bat oinez egindakoan yanomamiar neskatxo bi oihanaren itzelpetik irten eta gugana hurbildu dira. Bat oso polita da; belarrietan oihanean hartutako loreak ditu eta sama kolore anitzeko beira-alez egindako lepokoak hornituta dauka. Bulartxoak txanpon baten tankerakoak dira eta larrua leuna eta distiratsua, oliba-kolorekoa. Ulertzen ez dugun hizkuntza batean aritu dira eta eskuaren keinuaz baliatu dira euren atzetik joan gaitezen. Sarritan atzera begiratzen dute gu galtzeko beldur bailiran. Non egongo ote da herrixka?, esan ez dugu esaten, baina pentsatu bai. Oso urruti ezin izan, soilguneak gero eta zabalagoak dira-eta. Nolako harrera egingo digute? Azkenean, oihanaren itzalpetik irten eta soilgune batera heltzean han daude yanomami batzuk ezkutuan. Poliki-poliki soilgunearen ertzean zuhaitzen atzetik irteten hasi eta zarata handirik egiteke jarraitu digute. Herrira heltzean txakurrak izan dira lehenak ongi etorria ematen. Sinestezina da ikusten ari garena. Adrenalina apurrak gora egin du. Hantxe dugu gure aurrean Coromoto. Gerrikoan ezkutuan daramagun diruak beste testuinguru batean hotel ederrean lo egiteko aukera emango zuen, baina Goyok ez mugitzeko eta itxoiteko esan digu, bertan kanpatzeko baimena eman aurretik ekarritakoa yanomamiek begietsi behar baitute. Bitartean, lastoz egindako herrixkari eta gurera etorritako neska-mutikoei begira eman dugu denbora. Batzuek gure larrua ukitu nahi izan dute. Luze itxoiten egon eta gero, Goyo gugana etortzen ikusi dugu eta pozik dirudi.Zer?, galdetu diogu gure egon eza disimulatu ezinik: «Aihotzak nahi zituzten, baina gelditzeko esan dute».
HELENA VALERO DA SILVA. Hogeita hiru urte egin zituen yanomamiekin. Bera omen da yanomamiak ondoen ezagutzen dituen «napea». Yanomamientzat «napeak» Venezuelakoak, atzerritarrak edota etsaiak izan daitezke. Helena «nape-yoma» izendatu zuten, hau da, indiarrentzat emakume hura arrotza eta aldi berean yanomamia zen. Bertako indiar batekin familia izan zuen. Helena hamalau urte zituela bahitu zuten yanomamiek. Hori 1923an izan zen, familiako koinatu batek Dimiti izeneko errekasto bazterrean etxekoentzat utzitako etxera txalupazjoan zirenean. Bertaratzean etxeko tximiniari kea zeriola konturatu ziren. Ehiztariren bat izango zelakoan hurbildu ziren, baina halako batean gezi batek aitaren besoa alderik alde zeharkatu zuen. Yanomamiek erabiltzen dituzten gezi askok pozoia daukate eta horrelakoetan gatza bota behar ei da zaurian. Familiakoek bi egun igaro omen zuten oihanean berriro denak batu arte eta orduantxe konturatu ziren alaba falta zela. Helenaren aita saneatzean berriro bueltatu zen, baina ordurako ez zegoen indiarren inolako arrastorik. Familiako gehienek bizitzaren une asko alaba aurkitzen eman zuten. Azkenean, etsita zeudela, alabaren gaineko arrastoa izatea lortu zuten. Egurgile batek esan zuen guajariboen artean bazegoela emakume bat portugesez eta gazteleraz egin ohi zuena. Gero misiolari batek ere esan zuen, beste bati entzunda, behin emakume zuri bat ikusi zuela indiarren artean. Poliki-poliki mataza askatuz joan zen, harik eta alabaren aztarna topatu eta eurekin etxera eraman zuten arte. Egun, Helena Valero da Silva yanomamien alde aritzen da erakunde batean.
Oihanerako txartela
Amazonia (I). Munduaren beste aldean, horren urrun eta horren gertu, Venezuela eta Brasilen artean, izpirituengan sinesten eta handinahikeriarik ezagutzen ez duten yanomamien lurraldea dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu