Oina, gorputzaren isla

Ez da gaixotasunak sendatzeko tratamendu bat, baina horiek sorturiko oinazea apaltzeko balio du erreflexoterapiak. Oinetan islaturik daude gorputzeko atal guzti-guztiak, eta horietan masajea ematean datza.

Oin erreflexologia
inaki rubio
Iruñea
2024ko otsailaren 15a
05:00
Entzun

«Eseri, mesedez, kendu zapatak eta erlaxatu». Erosoa da besaulkia, biguna; oinetarako euskarria igo dio, gorputzak inklinazio egokia izan dezan. Ohikoena ohatilak erabiltzea ei da, baina nahiago du bezeroaren erosotasuna zaindu. «Elkar ikustea atsegin dut, hitz egitea ere beharrezkoa baita, entzuna sentitzea». Aurrez aurre eseri, eta olioa hartu du eskuetan. Musika lasaiak eta lurrin xahuak are erosoagoa egiten dute giroa. «Hau ez da inolako aztikeria bat». Elena Lekunberri erreflexologoak argi utzi du ez duela inor engainatzen. Eskuak igurtzi, eta hasi da oinpea ferekatzen.

«Erreflexologoa naizela diodanean, jendeak galdetzen dit ea erreflexionatzen laguntzen dudan», esan du terapeutak tonu gogaituaz. Izan ere, askorentzat teknika hagitz ezezaguna da oinen erreflexoterapia, Lekunberrik azaldu duenez. Kazetaritza ogibide ukan zuen urte askoan, baina uztea erabaki zuen, terapia horretan aritzeko. «Hasieran, jendeak ez zuen ulertzen nola utz nezakeen lanpostu finko bat masajeak emateko», esan du. Harentzat ez dago hurkoaren mina apaltzea baino atsegingarriagorik. Behar bezalako ekintza kanoniko bat, alegia.

Baina ez ditu edonolako masajeak ematen. Izan ere, orotariko oinazeak arintzean datza erreflexologia. «Oinetan islaturik ditugu gorputzeko atal guztiak; beraz, isla horiek estimulatzen ditugu digitopresioa erabiliz, hau da, hatzen bidezko presioa eginez», azaldu du terapeutak. Gorputzean zerbaitek ez badu egoki funtzionatzen, oinetan oinaze gisa islatzen dela azaldu du, karga sortuz. «Bertan masajea emanez lortzen dugu hori apaltzea».

Terapeutaren aburuz, isla hori ez da inolako superstizio edo sinesmenen eraginez sortua. «Nerbio sistemarena da konexioa, akupunturarekin gertatzen den bezala», jarri du adibidetzat. Izan ere, erreflexuan oinarrituriko eskuzko terapia da erreflexoterapia. Adituen arabera, nerbio bidezko mikro-konexioak daude gorputzeko atalen artean. Beraz, oinazpiko gune jakin batean egindako presio horrek bulkada elektriko bat igortzen du garunera, sendatzea helburu duen atal horretan eraginez. Hala, oreka holistikoa berrezartzen da.

«

Oinetan islaturik ditugu gorputzeko atal guztiak; beraz, isla horiek estimulatzen ditugu digitopresioa erabiliz, hau da, hatzen bidezko presioa eginez

».

ELENA LEKUNBERRI Erreflexologoa

Atalik aproposena omen da oina terapia hori aplikatzeko, erraz asko identifikatu baitaitezke bertan erreflexu puntuak. Organo eta atal guzti-guztiak daude bertan islaturik. Baina ez da oinetan bakarrik egiten. «Eskuetan ere egin daiteke, buruan ere bai… terapia bera da, aplikazio desberdinarekin», azaldu du Lekunberrik. Horietan soilik ez, beste hamaika ataletan ere aplikatu daiteke erreflexoterapia: besteak beste, aurpegian, mihian eta belarrian Zenbaitzuek objektuak ere badarabiltzate: «Egia da eskuak nekatu ahal zaizkigula, eta, orduan, alternatiba gisa objektuak erabil daitezkeela, baina nik nahiago dut eskuekin egin», esan du Lekunberrik. Sentikortasuna ez baita berdina: «Makila bat ez da hatz bat bezalakoa; garrantzitsua da terapeutok ere ukitzen duguna sentitzea». Oinetakoa da zabalduena, dena den. Animaliendako ere badago erreflexoterapiarik. 

Lekunberrik masajea emateari utzi dio une batez, eta oinak marrazturik dituen folio bat atera du. Zerbait idatzi du. «Oso anekdotikoa da maparena: jendeak uste du puntua ukitzean ttak bat-batean sendatzen zarela», esan du segidan. Baina pertsona guztien oin eta erreflexu puntuak ez dira beti berdinak. «Egon daitezke desberdintasunak, baina gutxi gorabehera denok ditugu leku berean». Mapak, beraz, ez dira zehatz-zehatzak, baina berdintsua izan ohi da atal bakoitzaren kokalekua. Dena den, profesional bakoitzak ere izan dezake interpretazio propioa. Zenbat maisu, hainbat liburu.

reflex

Alta, ez da soilik oinazpia masajeatzen. Oinbularrean ere badira erreflexu puntuak. «Oina da eserita dagoen pertsona bat bezalakoa; burua behatz lodian dago islaturik; bizkarrezurra, oinaren barruko ertzean eta ipurdia orpoan». Halaber, andana izan dira interpretazioak, historian zehar, ia 5.000 urteko ibilbidea baitu erreflexologiak. Alabaina, Eurice Ingham masajista estatubatuarrak finkatu zituen terapiaren oinarriak iragan mendean, eta berak osatu zuen gaurdaino kasik aldatu gabe iritsi den mapa.

Arazoekin arreta

Bizkarreko arazoak artatzen ditu gehien Lekunberrik. «Bizkarreko, sorbaldako eta artikulazioetako arazoak dira gehienak». Garazi Salegi du bezeroetako bat: «Sorbaldako lesio batekin joan nintzen Elenarengana; ezin nuen lorik ere egin». Iragan abenduan hasi zen masajeak hartzen, eta asko hobetu duela sumatu du: «Ez da terapia inbasibo bat, eta hobekuntza handia nabaritu dut». Halaber, zenbait kasutan tentuz jokatzea gomendatu du terapeutak, a priori arriskurik ez badago ere, sendatu baino prebenitzea baita hoberena. «Haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan, esaterako, ez dut gomendatzen terapia egitea. Sukarrarekin ere ez dut egiten, eta berriki eginiko ebakuntzen ondoren ere ez», azaldu du. Halere, badira preseski haurdun daudenentzako terapiak; eserita datozen haurrei bira emateko, esaterako. 

Terapia, metodo eta teknika horiek guztiak, ordea, ez daude homologatuak, ez baitago erreferentziazko ikasketa edo pauta bateraturik. Hain justu ere, horretan dihardu EdiReflex Erreflexologia elkarteak. Bartzelonan du egoitza nagusia, baina baditu bazkideak Euskal Herrian eta Espainian. Horietako bat da Haizea Urtasun iruindarra. «Ia 80 kide daude orotara, baina Euskal Herrian bizpahiru gara soilik; apur bat betizuak garelako agian», esan du barrez. Elkarteko batzordekidea ere bada Urtasun, eta nabarmendu du elkarteak egiten duen lanaren garrantzia: «Hogei urte bete berri ditu elkarteak erreflexologiaren ikusgarritasunaren eta homologazioaren alde lanean». 

«Ez da terapia inbasibo bat, eta hobekuntza handia nabaritu dut»».

GARAZI SALEGI Pazientea.

Izan ere, beharrezkoa da ikasketak bateratzea intrusismorik ez izateko, Urtasunen iritziz. «Iruñean, esaterako, badago asteburu bateko ikastaro bat: barkatu, baina ez da horrela. Ni urtebetez aritu nintzen ikasten», ohartarazi du. Ordea, lan horren fruituak hasi dira bistaratzen; kimuak, bederen: «Hainbat eskolarekin ari gara lanean, ikasketa komun batzuk sortzeko. Bartzelonako unibertsitate batean ere lortu dugu bi medikuk hautazko ikasgai gisa ematea, erizaintzako graduan». Halaber, erantzukizun zibileko asegurua izateko baimena ere lortu dute.

Horixe da, preseski, diziplinaren handikap nagusia; zientzia eta medikuntza tradizionalaren onespena. Hamaika izan dira biomedikuntzak hauspoturiko terapia alternatiboen aurkako kanpainak, erreflexoterapia eta halako diziplinek ebidentzia zientifikorik ez dutela iritzita. Kanariar Gobernuak abiaturiko ikerketa batek ondorioztatu duenez, esaterako, erreflexologiak ez du ebidentzia zientifikorik; soilik egiaztaturiko terapien osagarri gisa erabiltzea gomendatzen du. 

Ordea, ebidentzia zientifikorik ez izateak ez du esan nahi klinikorik ere ez duenik, Nerea Arguelles fisioterapeutaren aburuz: «Erreflexoterapiarekin sintomarik tratatzen baduzu, ez du erran nahi eraginkorra ez denik». Arguellesen ustez, artatzean dago gakoa: «Esku hartzea pasiboa bada, biomedikuntza erreproduzitzen da, berdin da medikuarena edo erreflexologoarena izan». Izan ere, osatze prozesuan aktiboa izan behar du pazienteak. «Ez da alternatiba bat, aukera osagarri bat baizik».

Ebidentziak ebidentzia, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, terapia osagarria da erreflexoterapia, ikerketa zientifiko gehienek ondorioztatu bezala. Hori da Elena Lekunberrik ere defendatzen duena: «Osagarria da terapia; mina arintzeko asmoz etortzen dira pazienteak, ez mirarien bila». Ezjakintasunak eramaten omen du jendea halakoak esatera. Mukizapi bat hartu, eta eskuak sikatu ditu. «Tira ba, oinetakoak jantz ditzakezu, hauxe izan da guztia». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.