Jaiak. Mungia

Okelaren inguruko festa

Sukalki Eguna egingo dute gaur, futbol taldeak antolaturik; hiru bat mila pertsonak hartuko dute parte

Ostiralean, tortilla txapelketa egin zuten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Mungiako San Pedro jaiak amaitzeko, Sukalki Eguna egingo dute gaur. Egun guztiko egitarau zabala prestatu dute, eta okela da izar nagusia. Okelaren inguruan bilduko dira hiru bat mila lagun, eta talde bakoitzak bere kazola prestatuko du. Aurten, Mungiako futbol taldeak antolatu du eguna, eta, bertako arduradun Jose Angel Gabiolak esan duenez, «herriko egun handiena da».

Parte hartzaileek 300 kazola inguru prestatuko dituzte guztira, eta epaimahaiak erabakiko du nor den irabazlea. Aitor Elizegi Gaminiz jatetxeko sukaldaria da epaimahaiburua, eta sukaldaritza munduko beste hamabost adituk lagunduko diote erabakia hartzen. Jakien aurkezpena, pataten neurria —denak tamaina batekoak badira, hobe—, okelaren egosketa puntua eta zaporea baloratuko dituzte.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko, derrigorrezkoa da sukalkia lehiaketako eremuaren barruan prestatzea. Horrez gain, hiru okel mota bakarrik onartzen dira, eta guztiek osagai berak erabili behar dituzte: azenarioak, patatak, olioa, gatza, piper txorizeroak eta, aukeran, brandy edo txakolin txorrotada bat. 90 sari daude banatzeko; lehen saria udalak emandako kopa nagusia izango da. Herriko dendek opariak eskaini dituzte: jatetxe bateko bi lagunentzako afaria, txakolin kaxak, zankarroi kilo bat, eta abar. Horrez gain, ingurumen sari berezi bat ere izaten da: «Sua egurrarekin egin behar da, butanoa ezin baita erabili. Beraz, sua egiterakoan belarra erretzen dugu. Belarra ahalik eta gutxien hondatzeko plantxaren bat eramaten duenari, edo bestelako ideiaren bat izan duenari, sari berezi bat ematen zaio», azaldu du Gabiolak. Leku batzuetan, Bermeon, esaterako, egurraren ordez butanoa erabiltzen hasi dira. «Baina ortodoxoak ez daude horren alde, jatorrizko ohitura egurra erabiltzea baita. Gainera, beste meritu bat du, butanoarekin sua kontrolatzea errazagoa baita. Dena den, egia da hutsune handiak sortzen ditugula belazean, eta hori ere zaindu beharda».

46 urte tradizioa berrituz

Gurizar elkarteak antolatu zuen lehen aldiz Sukalki Eguna, 1963an, eta inguruko herrietako esperientzian oinarritu ziren: «Ondarroan Berdel Eguna eta marmitakoa egiten zituzten, etapentsatu genuen polita izan zitekeela Mungian ere horrelako zerbait antolatzea; arrainarekin egin ezin genuenez, okela prestatzea bururatu zitzaigun». Ordutik, gisatu bat prestatzen dute mungiarrek herriko parkeren batean; aurten, Urigen parkean. Kuadrilla bakoitzak prestatutakoa jaten du, baina garai batean antolatzaileen esku geratzen ziren lapikoak. Mungiako koloreekin jantzita joaten dira herritarrak lehiaketara: alkandora zuriarekin eta galtza edo gona urdinarekin. Hori da tradizioa.

Antolatzaileak aldatuz joaten dira urterik urte, eta talde handiak izaten dira normalean, jendea mugiarazteko gaitasuna dutenak: kirol taldea, dantza taldea, Kultura Saila…Dena den, Gabiolaren esanetan, antolatzaileek ez dute hainbesteko garrantzia. «Bezperako egunetan arazoak izaten ditugu, gauzak antolatu behar direlako, baina egunean bertan ez gara elementu garrantzitsuena», dio. Parte hartzaileek eramaten dituzte jakia presta-tzeko osagai guztiak; antolatzaileek sua pizteko egurra ipintzen dute, parkean ura egon dadin arduratzen dira, eta kuadrilla bakoitzari lau zabor poltsa ematen dizkiote, zaborra bereizita jaso dezaten.

Egun hau herritar guztiak elkartzeko aitzakia gisa ikusten du Gabiolak. Izan ere, lehiaketan parte hartzen ez dutenak ere bertaratzen dira, giroa ikusi eta txakolin bat edatera. «Mungiakoak izandakoak eta orain beste herri batean bizi direnak ere etortzen dira; aspaldiko lagunekin elkartzeko egun polita da». Arrazoirik ez zaio falta Gabiolari. Izan ere, jai giroa da nagusi egun guztian. Giroa alaitzeko, Gure Ametsa txistulari taldea, Roberto eta Kepa, eta Txikuri fanfarrea egongo dira.

Baina ez pentsa mungiarrek kanpoko inoren beharra dutenik zarata eta festa sortzeko. Izan ere, bazkalostean, bakoitzak bere lapikoa eta patxaran botila hartu, eta parke guztiari bira ematen diote, herri danborrada batean. Ondoren, sari banaketa izango da. Iluntzean, 22:00etan, erromeria izango da, eta ez dira faltako euskal kantak, trikitia, gaiteroak, txalapartariak, jotak eta larrain dantza. Gauerdian amaituko dituzte jaiak; Marijata agurtu, eta zapiak erreko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.