Getariako Gaztetape hondartzaren gainaldean dagoen Ketarri tabernaren alboko aldapatik igo daiteke San Antonera. Arratoia gaur egun parke babestua da, eta bertara ezin da autoz igo, hortaz, inguruan dauden aparkalekuetan utzi behar da autoa.
ARRATOIKO SORGINA. Garai batean itsasoz bakarrik gerturatu zitekeen San Antonera, izan ere, XV. mendera arte uhartea izan zen San Anton. Landarediz inguraturiko uharte izateak askoren gotorleku bilakatu zuen; uharteak urtetan funtzio militarrak bete zituen. Ondoren, 1563. urtean, getariarren lanari esker, istmo baten bitartez herriarekin lotu zuten arratoia, bertarako bideak erraztuz.
Mendiak oinez egiteko hainbat bide ditu, bide nagusiari jarraituz itsasargi ingurura hel daiteke, eta handik gora Katxapora. Bestalde, parkean dauden bidezidorrak aukeratuz gero, edozer topa daiteke bidean. Guillermo Urbieta eta Imanol Ibarbia arratoiko basozainek hainbat ordu igarotzen dituzte bertan, eta ederki ezagutzen dituzte bidezidorrak jarraituz aurki daitezkeen txokoak.
Hareharrizko mendia da San Anton, eta, hortaz, olatuen eta haizearen eraginez, forma bitxiak hartzen dituzte hormek. Tarteka adreiluzko blokeak jarri dituztela dirudi, eta gorago abiatuz gero, sorgina ager daiteke ondo begiratuz gero: «Haurrak ginela arratoian sorgina zegoela esaten genuen», dio Imanol Ibarbiak. Sorgina ez ezik munstroa ere ba omen da.
Goranzko bidean, norberak hainbat irudi ikus ditzake, hormak hartzen dituzten forma bitxien eraginez, baina, badira Portugaldik Getariara heldutako Manuel Fernandesek eginiko eskulturak ere, guztien ikusgarri; Manuel portugesa moduan ezagutzen dute Getarian artista hori. Bere herritik Getariara heldu eta San Anton hartu zuen bizileku. Kanpadenda jarri zuen bertan eta han egon zen garaian inguruetan eskulturak egin zituen. Hala, harri batean emakume baten irudia ikus daiteke, batetik, eta baita arrantzaleak sarea eramanez irudikatzen duen beste eskultura bat ere.
BALEA ETA TXIBIAK. Ibarbiak dioen moduan, «gizatiartutako mendia da» gaur egun San Anton, eta askok paseatzeko erabiltzen dute. Garai batean, ordea, baratze ugari izaten ziren arratoian. Nagusiki patata ereiten zuten. Baserritarrekin batera, ordea, asko dira herrian arrantzale erretiratuak edo arrantza zaleak, eta haiek maiz hartzen dute itsasargirako bidea itsasoa zertan den begiratu ez ezik arrantzan nor dabilen ikusteko: «Txibitan nor dagoen ikustera igotzen dira asko, kontrarioak non dauden jakiteko», dio Ibarbiak.
Egun itsaso ona edo txarra dagoen ikustera joaten dira asko , baina, garai batean baleen arrantza zaintzen zuten handik. Arratoiaren tontorrean dago Katxapo eraikina eta handik aritzen ziren itsasoa zaintzen. Balea agertu orduko herritarrei abisua igortzen zieten. Noski, ez zen sakelakorik horretarako, eta ke seinaleak erabiltzen zituzten baleak inguruan zeudela adierazteko. Herritarrek ke seinaleak ikustean traineruarekin ateratzen ziren balearen bila.
ITSASARGIA. Katxapo arrantzara doazenen lagungarri bilakatzen den moduan --itsasoa nola dagoen eta arrantzaleak non dauden jakiteko--itsasargia, berriz, itsasotik lurrera datozenen lagungarria da. Egun itsasargia dagoen lekuan ermita bat zegoen lehen, eta 1813an, ermita hartan itsasargia jartzea erabaki zuten; izan ere, itsasotik zetozen arrantzontzi askok gainontzeko mendiekin nahasten zuten San Anton eta asko bertan urperatuta geratu ziren.
EUSKAL KOSTARI BEGIRA. Itsasargitik nahiz Katxapo eraikinetik euskal kostaldearen ikuspegi paregabea eskaintzen du arratoiak. Albo batera Getariako herria ikus daiteke, eta kostako errepidearen gainaldean hainbat txakolindegietako mahastiak. Zumaia alderantz begiratuz Bizkaia osoko kosta atzeman daiteke eguraldiak laguntzen duenean eta Zarautz aldera begiratuz Iparraldeko kosta ere ikusten da: «Ingurua ezagutzen ez duen norbait hona ekarri eta harrituta geratzen da», dio Ibarbiak.
BIDEZIDORRETATIK. Bide nagusitik itsasargira nahiz Katxapora irits daiteke, baina parkeak dituen bidezidorrei jarraituz beste hainbat begiralekuetara heldu daiteke. Bide horiek eta nagusia hainbat zuhaitz motak inguraturik daude, inguru batzuk zainduak daude eta besteak nahita daude bere horretan utziak, natura bere horretan utziz hainbat hegaztiren bizileku eta janleku baita.
San Anton mendiak hainbat zuhaitz espezieri egin die leku, batzuk bertakoak dira eta besteak landare exotikoak. Besteak beste, bi pinu mota daude bertan; pinazi pinua eta itsas pinua. Horiez gain,haritza, Euskal Herriko armeria, artea, erramua, mimosa, pitosforoa, tamarizak, kameliak eta hortentsiak aurki daitezke bidean. Mendian ez ezik labarretan ere landaretza ugari dago.
Zuhaitz enborretan, berriz, katagorrientzako jana eta hostoen artean hainbat hegazti ibiltzen dira. Katagorriak ez dira bertakoak eta jendearen erakargarri moduan jarri zituzten. Hasieran dezente baziren ere, gaur egun gutxi batzuk daude. Imanol Ibarbia katagorriei jana ematera joan da arratoira: «Ez dakigu zenbat dauden, baina janaria behintzat agortzen dute». Lurreko hainbat pinaburuetan katagorriaren hozkadaren arrastoak ikusita dakigu bertan ibili direla.
San Antonen dagoen lasaitasun eta isiltasunak lagundurik, kaio eta olatuen hotsak ederki entzuten dira. Labarretan hainbat kaiok hartzen dute leku, eta hegan ere asko ikus daitezke, portura heldu berri den ontziaren atzetik: «Kaio askok beren lekua zehaztua dute, beste bat joaten bada, sekulako iskanbila sortzen dute». Kaioekin batera, belatzak, buztangorriak, harkaitz zozoa eta ubarroiak ikus daitezke.
Lanbro arteko mitoa
Kondaira batek dioenez, maitasun istorio baten ondorioz du San Anton mendiak arratoi forma. «Getarian Keta izeneko edertasun handiko eta ontasun mugagabeko arrantzale gazte bat bizi zen. Itegi eta Alsakarte andereak, berriz, Ketaren bihotza nork bereganatuko zain lehian zebiltzan herrian. Baina, Keta mutiko lotsatia izaki, ez zien ez bataren eta ez bestearen losintxei jaramonik egin. Bi emakumeak helburua lortzen ez zutela ikusirik, elkarrekin haserretu ziren, bati kasurik ez egitea bestearen errua zela uste baitzuten. Halako batean, Ketak Golindo mendiaren magalean bi emakumeak borrokan aurkitu zituen, kolpeka eta elkarri iletik tiraka maitasun ezak zitaldutako maitaleen moduan. Ketak hori ikustean, hain bihotz onekoa izaki, errua berea zela sentitu zuen, eta zeruari harri bihurtzeko eskatu zion. Eskaria bete egin zen, eta itsas barrenetik egundoko hareharrizko uhartea azaldu zen, makurtutako arratoi baten gorputzaren itxurakoa. Lotsaturik euren irrika eta lo galtzeen eragileak gizaki izateari utzi ziola jakinik, Itegi eta Alsakarte emakumeek negarka eurek ere harri bihurtzea eskatu zuten; jainkoek, Altzokoarri eta Iteko punta izeneko harrizko beso bilakatu zituen, eta hantxe daude, atsedenean, begirada Keta maitearengan jarrita».
JaKInGarrIaK
Nola iritsi: A-8 autobidea hartu behar da Zarautzeraino, ondoren N-634 errepideari jarraitu Getariaraino. Zarauztik oinez ere hel daiteke.
Non lo egin: Saiaz hotela (943-140143), Getariano pentsioa (943-14 05 67), Iribar pentsioa (943-14 04 51), Itsas-gain logelak (943 14 10 33).
Non jan: Hainbat erretegi daude Getarian. Besteak beste, Astillero (943 14 04 12), Elkano, (943 14 06 14), Iribar (943 14 04 06), Talaipe (943 14 06 52).