Alarma piztu da Mundakan (Bizkaia). Herria eta eskualdea surfaren munduan ezagun egin dituen ezkerreko olatua ez dute berriz ere galdu nahi. Izan ere, Laidako hondartza lehengoratzeko lanek olatuari eragin diezaioketela eta, zalantzak agertu dituzte udalak eta surflariek. EAEko Kosten Mugapeak lanak mantsotu ditu dena erabat argitu arte. Dena den, lanek ez diotela olatuari eragiten ziurtatu du Kosten Mugapeak.
2014ko denboraleak eragindako kalteetako bat Laidako hondartzarena izan zen. Hala, Ibarrangeluko Udalak hondartza lehengoratzeko lanak agindu zituen. Kosten Mugapeak 40.000 metro kubo harea dragatzeko baimena eman zuen. Iaz ez zen deus ere egin, neguan berez sortuko zelakoan, baina egoerak makurrera egin zuen.
Hala, lan horiek egiteko, AZTI zentroak txostena egin zuen, eta horren arabera hasi ziren lanak. Aitor Egurrola Mundakako alkateak azaldu duenez, gaizki-ulertu batek eragin zuen polemika. AZTI, aldundia eta Mugapeak aurkezpena egin zioten Mundakako surf taldekoei, eta lan plana bidaliko zutela hitzartu zuten. «Batzar horretan txarto-ulerturen bat egon zela dirudi. Sare sozialetan mezu batek esan zuen gezurretan ari zirela, 100 metroko babesgunea egongo zela esan zutelako, baina itsasbazterretik 30-40 metrora ari zirelako». Mugapeak eta AZTIk emandako azalpenaren arabera, ordea, toki batzuetan 30era eta beste batzuetan 200era ariko zirela esan zuten. Gainera, AZTIk dio ez dela babesgunerik uzteko beharrik.
«Hortik aurrera desinformazio pila bat izan da», kexu da alkatea. Mundakak ezin dio Ibarrangeluri esan zer egin eta zer ez, ez bada baten erabakiek besteari eragiten diotela. Dena den, udalera mezu anitz bidali dituzte Laidako hondeamakinak ateratzeko eskatuz. «Burrunba handia sortu da, baina nik uste dut argudio tekniko barik». Ez dakite lan horiek Mundakako ezker olatuari kalte egin diezaioketen; horregatik, Udalak lanak gelditu edo mantsotzeko eskatu du hori erabat argitu arte.«Laidan egiten ari diren obrek olatuan eraginik eduki dezakete? Eskatzen nuen bakarra galdera horri erantzutea zen, bai edo ez bategaz, zehatz-mehatz».
Onartu du hark ez duela inolako txostenik olatuari eragingo diola frogatzen duenik, eta gogorarazi du ez duela zalantzan jartzen AZTIk egindako txostena. Mundakako Udalak ez du beste txostenik egiteko eskatu, ezta eskatuko ere. «Gu ez gara obra zuzendariak, ez dakigu ondo edo txarto egiten ari diren. AZTIren txostena oso ondo dago, eta eman zituzten azalpenak zabalak izan ziren, orduan guk aurka egiteko txostenik ez dugu». Erantzunaren zain dago oraindik udala.
Beldur dira, arazoak izan dituztelako lehenago ere. 2003an dragatze bat egin zuten, eta obra hark olatua desagerrarazi zuen. 300.000 metro kuboko eremuan harea mugitu zuten, eta horrek kanala buxatu zuen, barra desagertu zen eta, harekin batera, olatua. Ezberdina da oraingo egoera dragatze kopuruari dagokionez, eta orduan ez zutelako itsasoen mugimenduen ikerketarik egin. Bi urtez egon ziren olaturik gabe.
Alkatea olatuaren garrantziaz mintzatu da. «Ez da Mundakakoa bakarrik, eskualde honetako baliorik garrantzitsuenetako bat da. Mundu zabalean ezagunak gara surfari eta olatuari esker». Surflariak erakartzen ditu. Gainera, olaturik gabe eskualdeak «xarma turistikoa» galduko lukeela uste du; hondartza, paisaia eta surfa loturik baitaude haren aburuz. Olatua desagertu zenean, adibidez, Billabong txapelketa galdu zuen Mundakak.
Kepa Acero surflaria oso kritiko agertu da lanekin: «Mundaka munduko harribitxi bat da, munduan itsasadar bakarra da halako gauza zoragarria sor dezakeena. Ez dut ulertzen nola egin dezaketen dirutza balio duen Guggenheim bat, eta ez duten ikusten Mundaka berez Euskal Herri osoa milioika laguni ezagutarazten dien harribitxi bat dela».
Esan duenez, administrazioak ez du ulertzen. AEB eta Australian, adibidez, gobernuek olatuen alde egiten dutela aipatu du. Onartu du agian irailean lanak bukatu eta olatua bertan egon daitekeela, baina, hala ere, lanak ez zirela egin behar dio. «Zientzialariek eman zuten lehen aukera deus ez ukitzea zen».
Pilar Marcos Greenpeaceko kideak ere ohar batean gogor kritikatu ditu lanak, eta Laidan jarriko den hareak ez duela deusetarako balioko dio. «Dragatze lana gelditu beharra dago, Laidako arazoa konpondu ez eta Mundaka suntsitzen duelako».
Olatua babestu nahi dute
EAEko Kosten Mugapeak Laidako hondartzako lanak moteldu ditu, Mundakako olatuari eragin diezaioketen argitu arte. Orain hamar urte, olatua desagertu egin zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu