Ezarian. Olatu Talka

Olatuak dena busti du

Ostiralean hasi eta gaur bukatuko da Olatu Talka, Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu dela ospatzeko ekitaldi erraldoia. Jarduera biziak hartu du hiria.

Verdini dantza taldeko dantzariek ibiltarien begiradak eta ikusleen txaloak bereganatu zituzten atzo goizean egindako erakustaldian, Askatasunaren hiribidean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Kulturaz blai utzi du Olatu Talkak ostiralaz geroztik ofizialki 2016ko Europako kultur hiriburu dena: Donostia. Parte Zaharretik edo erdigunetik, edo Gros nahiz Antiguatik… ia edonondik pasioan joan eta olatuak harrapatzen zuen atzo edonor, turista, bisitari eta parte hartzailea bera, olatuaren tantarena eginez nonahi iristeko alea jartzen zebilen boluntarioa; izan ere, 3.000 inguru dira aurten. Han eta hemen, hiriko txoko guztietan sumatzen zen giro berezia, jarduera bizia, erakusteko gogoa. Hiru urte dira kultura tsunamiak Donostia jotzen duela maiatzean; aurreko bietan, Donostia 2016 hautagaitza hauspotzeko izan zen. Oraingoan, lortutakoa ospatzera eta izendapena erabaki dutenei erakustaldia egitera etorri da Olatu Talka. Ostiralean hasi ziren ekitaldiak, Ostiralive musika ekitaldi ikusgarriarekin —euskarri txikiko 80 kontzertu izan ziren, besteak beste tren geltoki eta dendetan—, eta atzo iritsi zen olatuaren aurpegirik biziena; bihar ere edonor bustitzeko gai izango da.

Goizean goizeko euri mehatxua berretsia zuen zeruak eguerdirako, baina, egun hezea izanagatik, ateri eutsi zion ia beti. Ederki eskertu zuten Verdini dantza taldekoek; Askatasunaren hiribidean ari ziren. Adimen urriko dantzariek mugimendu ikusgarriak egiteko gaitasuna erakusten zuten errepidean propio jarritako zoruan. Jendea etengabe inguratzen zen, eta esku zartak noiznahi entzuten ziren. Ezkerraldera dagoen Artzain Onaren kanpaien dinbi-danba ere arazorik gabe entzuten zen, baita Relojeria Internacionalen eguerdiko alarma hots ahaltsua ere. Kaos goxoa ibiltarien belarrietan.

Artearekin egin zitekeen topo aurrera eginda. Gipuzkoako plazan, Argazkilaritza estudio irekia zegoen. Bat-bateko modeloak aulkietan esertzen ziren margolariek haien marrazkia egiteko. Haurrak ere margotzen, mahai luzetan, amatxo eta aitatxoren begiradapean. Estudioko argazkiak ateratzeko abagunea alferrik galdu nahi ez zutenak ere baziren franko. Arkupeetan egokitutako lekuan, argazkilariak klik eta klik ari ziren neba-arrebei, ahizpei edo familia osoari argazkiak ateratzen.

Ez zegoen ehunka metro batzuk aurrera egiterik Olatu Talkaren zipriztinen batekin busti gabe. Parte Zaharrean, bidezko merkaritzaren azokan giro ederra zegoen. Bretxako baserritarrak han ziren larunbatero bezala, eta haientzat ere ez zen arretarik falta, ezta ilara luzerik ere. Ilarak han eta hemen errepikatu ziren atzo. Esaterako, Bretxaren alde batean kokatutako Basque Culinary Childrenen postuan. Haurrek pizzak egiten zituzten sukaldarien laguntzaz. Bretxaren beste aldean, berriz, sanban ari ziren jo eta su Brasilgo ordezkariak. Haurrek txoro-txoro begiratzen zituzten haien mugimendu azkarrak.

Gaur ere busti-bustita

Konstituzio plaza ez zegoen hutsa, baina han jarritako tabernen mahaiak bai. Turista taldeak zebiltzan giden azalpenak entzuten: «Frantsesen estrategia ez zen egokiena izan hiriarentzat…», zioen neska batek taldekide gutxi batzuen arreta bereganatuz. Kai aldera hartuta, Olatu Talkaren zipriztinak berriro. Japoniako postua arrantzaleen lonjan; sushia eta Asiako herrialde urruneko beste jaki batzuk dasta zitezkeen giro ilun eta intimo batean. Badiaren inguruan beste hamaika postu baziren, eta udaletxean jendea ezkontzen. Hori ere ikuskizun, terrazara atera eta jende andanaren aurrean ari baitziren dantzariak ezkonberriak agurtzen.

Saguesen, Zurriolako pasealekuan, Cervantes plazan, San Martin merkatuan, Loiola kalean, Okendo plazan… non ez zen atzo zer ikusi, zer entzun eta zer sentitu. Kataluniako plazan, adibidez, 801 musikari batera aritu ziren jendearen harrigarri. Lurralde osoko musika eskoletako kideak elkartu ziren han, Txirri, Mirri eta Txiribitonekin eta Kresala dantza eskolako dantzariekin. Hura bezala, ekitaldi jendetsua izan zen iluntzeko 20:00etan abiatu zena udaletxeko terrazetatik Alderdi Ederrera: 60ko hamarkadako festa eraman zuten kalera inauterietako konpartsek. Musika eta kolorea berriro, kulturaren aniztasuna bistan.

Gaur izango du segida atzoko uholdeak. Antiguan, Erdialdean, Grosen, Parte Zaharrean… hiriko txoko ugari bustiko ditu berriro olatuak bere kultur aparrarekin. Olatua eragin duten milaka parte hartzaileren bazkaria izango da 14:30ean, Bulebarrean. Eta arratsaldean, berriz, ehunka dantzarik osatuko duten Dantzaluze kalejira aterako da Parte Zaharrean. Ez dago geratzerik; kulturaren erruletak biraka jarraitzen du Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.