Eunate Agirre

«Olatuekin beteta sentitzen naiz, aske»

Saiatua eta oso lehiakorra da surfean Eunate Agirre. Hizketan, berriz, hurbilekoa eta atsegina. Hala, ahots gozoz, aitortzen du ez zaiola galtzea batere gustatzen.

2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Aletak, bodyboarda eta uretako jantzia. Hiru gauza horiekin aski du Eunate Agirrek (Bilbo, 1982) olatuen gainean direnak eta ez direnak egiteko. Aspaldidanik dabil goi mailako txapelketetan, eta ez dira gutxi, gainera, irabazi egin dituenak. Dena dela, iaz jo zuen bere bizitza profesionaleko gailurra, urte horretan lortu baitzuen munduko bodyboard txapelduna izatea.

2011ko azaroaren 27a, gogoan izateko eguna.

Nire helburua lortu nuena, hain zuzen! Bodyboardeko munduko txapelketa irabazi nuen, eta hori ahaztezina da erabat. Bizitza osoa neraman horren atzetik, eta nire ametsa lortzea, hor goian egotea, ikaragarria izan zen!

Emozioz beteriko txapelketa izan zen, gainera...

Bai, bai! Ia azken momentura arte inork ez zuen ziurtatuta garaipena, eta tentsio eta urduritasun handia egon zen. Ni nindoan lehenengo, baina, saioek aurrera egin ahala, gero eta hurbilago nituen aurkariak… Emozio handikoa izan zen, bai…

Eta orain, goi-goian zaudela, zer?

Aurten txapela defenditzea tokatzen zait! Puntaren puntaraino iritsi nintzen iaz; orduan, esan dezaket helburua bete nuela. Hortaz, orain motibazioak beste batzuk dira, baina ni oso lehiakorra naiz, eta indar guztiz arituko naiz, ez baitut galdu nahi.

Tira, bodyboarda dela eta ez dela, mundu osoan zehar ibiltzen zara. Zorteduna zu!

Bai, asko gustatzen zait, oso aberasgarria da! Goi mailan egote horrek ematen didan mugikortasunari esker, leku askotako olatuetan aritu naiteke surfean, besteak beste, Hawaiin, Australian, AEBetan, Japonian… Gainera, surfa alde batera utzita, bidaiatzeak ere kultura eta jende pila bat ezagutzeko aukera ematen dit…

Han eta hemen hamaika olatu hartu dituzu. Tartean kolperen bat ere jasoko zenuen, ezta?

Askotan! Errespetua ematen dutenolatu pila bat daude! Uhinen indarra, neurria, ingurua… Batzuetan tentsio une galantak pasatzen ditugu, baina gero, hartu ondoren, norberak bere mugak nola gainditzen dituen ikustea oso ona da! Olatuen gainean sentitzen dena norberaren eta olatuaren arteko oreka izaten da.

Gaia pixka bat aldatuz, bodyboardean aritzen zaretenak ez zarete surflariak bezain ezagunak. Zergatik?

Surfa zaharragoa da bodyboarda baino, eta azpiegitura hobeak dituzte. Horrez gain, zutik ere jartzen dira, eta ikusgarriagoa da... Esan daiteke bodyboarda surfaren senide txikia dela, baina pixkanaka ezagunago bilakatzen ari da.

Eta ez al duzu inoiz surfa probatzea pentsatu?

Aritzen naiz! Olatuak bodyboardaegiteko egokiak ez direnean surfegiten dut. Azkenean, urarekinjolasean aritzeko modu ezberdinak dira, eta hori bilatzen dut askotan.

Zer sentitzen duzu uhinaren gainean?

Gehien gustatzen zaidana egiten dudala; olatuekin beteta sentitzen naiz, aske. Bizitzeko modu bat da,bizitzarekiko jarrera bat. Baina horiez dut esaten kirol honetaz bizi naizelako bakarrik; hala izango ez balitz ere, gauza bera esango nuke. Azkenfinean, norberak bere zaletasunetara jotzen du, eta horren araberaantolatzen dugu pixka bat bizitza...

Txikitatik datorkizu zaletasuna?

Oso bizia nintzen, gauza guztietanaritzen nintzen: baloiarekin, korrika… eta uretan berdin. Amak batzuetan nirekin haserretu behar izaten zuen ni uretatik atera nendin, beraz...Geroxeago, lagun baten oholarekin hasi nintzen bodyboardean, eta pixkanaka zaletuz joan nintzen. Gauza batek bestera eraman nau, bodyboarda nire lan bilakatu den arte.

Dena den, zure lanak badu urarekin zerikusirik ez duen beste alor bat: ekitaldiak, elkarrizketak, sari banaketak… Zer moduz?

Ondo… Ez da gehien-gehien gustatzen zaidana, baina ondo daramat; azken finean horretaz bizi gara. Hala eta guztiz ere, egia da leku dezentetan egon behar izan dudala, batez ere azken aldian; eta, tarteka egoera arrotz samarretan ere bai, dotore jantzitako jendez inguratuta egon naizenetan…

Tira, jar gaitezen 2012ko txapelketara begira. Hawaiien egon zara, nola sentitu zara?

Ezin izan dut nire onena eman, eta ez nago oso kontent… Iazko garaipenaren ondoren dena segituan etorri zait gainera, eta oraindik neure burua pixka bat kokatu egin behar dut. Kirolari bat ezin da beti bere gaitasunen %100 egon...

Hurrengo lehia Australian duzue. Gogoz?

Bai! Orain buru-belarri arituko naiz, eta buelta emango diogu egoerari. Australian olatuekin joko polita egongo da… Ikusiko dugu nola moldatzen naizen.

Zorte on, bada, Eunate!

Eskerrik asko! Ea emaitza onak lortzen ditugun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.