Europaren Eguna da gaur, eta Eusko Legebiltzarrean Eurobasque saria eman diote Olatz Arrieta ETBko kazetariari. 'Trump, amesgaizto amerikarra' liburuan idatzitako artikulu bategatik eman diote saria. Europa, lehen egunen ezinegona artikuluan iaz kontatu zuen Europak nola bizi zuen Donald Trump AEBetako Gobernura iritsi izana. "Mila esker BERRIAri liburuan parte hartzeko aukera emateagatik", esan du ETBko Bruselako berriemaileak. Liburua BERRIAko dendan salgai dago.
[BIDEOA] @olatzarrietab, Eurobasque saria jasotzen. Eskerrik asko zuri Olatz, gonbidapena onartzeagatik eta beste egileekin batera, halako lan mardula egiteagatik: 'Trump, amesgaizto amerikarra' https://t.co/UvZ2a0u3x6pic.twitter.com/Ozos5eHsep
— Berria.eus (@berria) 2018(e)ko maiatzaren 9(a)
Hala esan du Arrietak, saria jaso berritan: "Trump presidente aukeratzean, Europan zer gertatu zen azaltzeko eskatu zidaten. Astindu bat izan zen Europarentzat. Noizean behin turbulentziak zeuden transatlatikoaren harremanetan, baina pilotu automatikoan ondo zihoan. Automatikoa kendu behar izan dute, eta mandoak hartu". Oroitarazi du Trump izan dela Europako Batasunaren proiektua zalantzan jarri duen AEBetako lehen presidentea. "Brexit-aren alde egin zuen, gainera". Europaren erantzunaz, berriz, hala esan du Bruselan lanean ari den berriemaileak: "Europako Batasunean erantzuna ez da berdina izan herrialde guztietan. Hungariak ontzat jo du, adibidez, Trump. EB saiatu da erantzun bateratu bat ematen, berean jarraituko duela adieraziz. Txina izango du orain lagun klima aldaketaren gaian". NATOren inguruan ere mintzatu da Arrieta: "NATOk zalantza asko sortu zituen. Trumpek esan zuen NATO erabat zaharkitua zegoela. Gero, hori lasaitu zen. AEBetako Gobernuko beste ordezkari batzuek iritsi ziren Bruselara, lasaitasun mezuarekin, NATOn ez zela aldaketarik izango esateko".
Trumpen jokatzeko moduen adibideren bat eman du Arrietak: "Trumpek faktura bat jarri zion Merkeli mahai gainean, II. Mundu Gerraz geroztik segurtasunagatik Alemaniak dirua zor ziola adieraziz. Errusiaren gaian, barne faktoreengatik, Trump ez dela Putinen laguna adierazi behar izan dute, eta etsaitzat azaldu dira". Edonola ere, ETBko kazetariak esan du artikuluan ageri diren lehen ehun egunak denbora gutxi zirela ondorio argigarriak emateko: "Ehun egun horiek goizegi zen esateko zer gertatuko den. Aldaketa bat egon da. Praktikan gauza gutxi egin dituzte AEBek, baina jarrera aldatu egin da. EBk erabaki du ez duela itxarongo, Trumpek zer egingo, eta erabaki autonomoagoak hartuko ditu; bere bidea egin beharko du, azken finean".