Neska gazte bat sartu da Donostiako Jostamendi jostailu dendara. Bulegoan buru-belarri jardun du goiz osoa, eta sei urteko seme-alabak ikastolan dituela aprobetxatuz, korrika eta presaka sartu da Gabonetako opariak erostera. Birritan pentsatu gabe, lokaleko korridoreen artean desagertu, eta bi minutu baino lehenago, kolore biziko bi peluxerekin azaldu da kutxara. Erositakoa ordaindu, eta sartzean zuen presa berarekin irten da dendatik. «Inoiz izandako Olentzerorik azkarrena naiz», dio irribarrez Karmele Zabaletak. Une berean, adineko bikote batek laguntza eskatu dio dendako langile bati, eta bilobak hainbeste gutiziatzen duen bideo jokoa egokia den galdetu dio. Azken zalantza horiek amaiera eman diote goizeko lanaldiari Jostamendin, baina lana hasi baino ez da egin bertako langileentzat.
Gabonak iristear daude, eta bezeroen joan-etorriak, opariak biltzeko paperak eta eskailera tolesgarriak ohikoak dira Euskal Herriko jostailu dendetan. Abendua iritsi orduko, haurrek Olentzerori eskatutakoaren atzetik abiatzen dira guraso, senide eta lagun asko, eta sekulako odisea bizi dezakete haurraren poza eragingo duen jostailua topatzearren. Hala, oparien inguruko zalantzak, kezkak eta presak areagotuegiten dira egunotan. Lanari ekin dioten arren, egun jendetsuenak «Eguberrien aurrekoak» izan ohi direla aitortu du Idoia Gallardo Jostamendiko arduradunak. Dendariak dio egun horiek «erotzeko modukoak» izaten direla, eta langile kopurua hirukoiztu egin behar dutela eskariari zuzen erantzun ahal izateko. «Lan asko egiten dugu», dio dendako langile batek, «baina jendeak opariarekin asmatu duela esatean esfortzua merezi izan duela ohartzen zara».
Jendea oraindik joaten da jostailu dendetara, baina saltzaile gehienek diote krisi ekonomikoa sumatu dutela. Haren eraginari buruz galdetzean, irmo erantzun du behintzat Gallardok: «Katalogoetako prezioak nabarmen jaitsi dira, eta jendeak ez du duela urte batzuk bezainbeste gastatzen jostailuetan». Dena den, kezkatzeko arrazoiak baditu ere, dendaria itxaropentsu da, eta aitortu du badakiela haurrak ez direla «oparirik gabe» geratuko Gabonetan.
Gabonak ulertzeko eta igarotzeko mila ikuspegi dauden moduan, beste hainbeste bide daude jostailuak oparitzeko garaian. Euskal Herriko edozein jostailu dendatara hurbiltzea nahikoa da opariak erosteko hainbat modu daudela ohartzeko. «Denetarik dago», dio Idoia Gallardok, «batzuek badakite zer erosi, eta ez dute birritan pentsatzen produktu bat edo beste baten artean; beste batzuk, ordea, lasaiago datoz, eta asko pentsatzen dute azken erabakia hartu aurretik». Asmo horrekin joan da Amaia Jostamendira, bere ilobaren oparia erostera.Ez dio edozein jostailu erosinahi izan, eta dendako katalogoaz baliatu da horretarako.Hala, haurra mahai joko batzuk aukeratzera bideratu du, bazekielako ez zituela hautatuko heldu baten eraginik gabe. Oparia «probetxuzkoa» izatea nahi duela dio.
Beste guraso eta senide batzuek, ordea, ideia guztiz ezberdinarekin doaz, eta haurrak espresuki eskatutakoa erosten dute. Gallardok dioenez, urtero egoten dira modazko jostailuak, eta normalean halakoak eskatuz gero, gurasoek zalantzarik gabe erosi ohi dituzte. Beste asko harago doaz, eta haurrek eskutitzean adierazitako guztia erosten diete. Halako jarrerak «materialismo hutsa» direla esan du Jesusek, Jostamendiko bezeroak: «Erosteko ohiturak aldatu beharko genituzke, gure haurrei inongo neurririk gabe erosten dizkiegulako opariak». Bezero horren ustez, gurasoak egungo krisi egoeraz baliatu behar dira «oparien kopurua ilusioaren parekoa ez dela ohartzeko».
Jostailuak oparitzen ikasten
Halako iritziek eztabaida bat baino gehiago sortu dute jostailuen gaiaren inguruan, eta aditu askok ohartarazi dute jostailuak oparitzea «gainditu gabeko azterketa» bat dela. Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologiako irakasle Maite Garaigordobilen aburuz, jostailuak erosteko garaian helduek egiten duten okerrik ohikoena da produktu onena produktu garestiena dela pentsatzea, eta, horrez gain, haurrei jostailu gehiegi oparitzea.
Ohitura txar horiek gainditzeko, psikologoak funtsezkotzatjotzen du jostailuek haurren garapenean duten benetako garrantziaz jabetzea. «Jostailua jolaserako tresna soil bat baino ez da», dio Garaigordobilek, haren iritziz «jolasa bera» da, hain zuzen, garrantzitsuena haurrarentzat. Hala, adituaren ustez, haurrarekin jolastea beharko luke guraso eta senideen lehentasuna, eta ez nahi bezainbeste jostailu oparitzea. Jolasari esker, haurraren gaitasun psikomotorea, intelektuala, emozionala eta soziala garatzen dela dio Garaigordobilek, eta uste du haurrak etorkizunean izango dituen jarrera asko jolasten ikasten dituela. Psikologoak harago joan nahi izan du, eta esan du jokoa «bizi beharra» dela haurrarentzat, nahitaezkoa baitzaio ekintza, objektuak maneiatzea, komunikazioa eta erlazioa bizitzea. Hala, egoera horretan, jostailuak jolasaren zerbitzura dauden tresnak dira, eta ez alderantziz.
Baina panpinak, bideo jokoak eta bestelako jostailuak jolasaren zerbitzura egoteak ez du esan nahi umearengan eraginik ez dutenik. Guztiz aurkakoa da, izatez. Adituen ustez, jostailuek eragin handia izan ohi dute haurraren jarreran, eta, ondorioz, «zentzuz» eginiko erosketen aldeko apustua egin du Garaigordobilek. Haren ustez, ez da komenigarria haurrak eskatutako guztia erostea, haren garapenean izan dezakeen eragina kontuan izan gabe. «Nahitaezkoa da, lehenik eta behin, oparia dibertigarria eta entretenigarria izatea», dio psikologoak. Era berean, jostailua hezigarria izan beharko lukeela esan du, haurrari «duen adinerako eta garapenerako esperientzia aberasgarriak izateko aukera ematen diolako».
Ezarian. Jostailuak
Olentzeroren eskutitza eskuan
Jostailu dendak barra-barra ari dira Gabonetako opariak saltzen. Adituek «erosketa arduratsuak» egitea gomendatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu