Ezarian. Kilometroak

'On egin' du, eta ase dira denak

Aurreikuspen guztiak gaindituta, eta eguraldia lagun, euskaltzale andana gerturatu da Andoainera Kilometroak festaz gozatzera.

Iñaki Lasa Etura.
Andoain
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Eguraldiak 22 urte eman ditu zorretan Andoainekin. 1990eko urriaren 7an, zerua behera eroriko zela zirudien; euria etengabe egin zuen, gogotik, eta urte osoko lana eta ilusioa zapuztu zuen. Herenegun, baina, eguzkiak irri egin zion Aita Larramendi ikastolari, eta Kilometroak jaiarekin bat egitea erabaki zuen. Eguraldi onak bultzatuta, milaka lagun bildu ziren Gipuzkoako ikastolen festaren alde, antolatzaileen aurreikuspen oro birrinduta. On egin zuen Andoainen, eta guztiak ase geratu dira menuarekin.

Urtebeteko lanak bere fruituak eman ditu, eta ikastolako langileak pozarren dira emaitzarekin. Izaskun Linazasoro zuzendaria lehen unetik jabetu zen jendearen erantzuna paregabea izango zela, «berehala konturatu ginen, ikusten ari ginelako izugarrizko jendetza ari zela etortzen. Egunaren amaieran, horrela izan zela baieztatu genuen».

Etengabe iritsi zen jendeagoiz osoan, eta euskaltzale uholdeak ikusten ziren herriko aldapetan gora eta behera gune batetik bestera mugitzen. Ze Esatek taldeak laugarren gunean bere kontzertua hasi zuenean, Goiko Plaza aurreikuspenak bezain txiki geratuko zela zirudien. Hain zen handia jende emaria, txosna eta denda askok gainezka egin zuten: arropa, janari eta edari gabe geratu ziren. Jende mordoa egon arren, ez zen inongo arazorik izan, eta Linazasorokazaldu duenez, antolakuntza zoriondu dute denek.

Beste urte batzuetan ez bezala, antolakuntzak kontzertuak sakabanatzea erabaki zuen, eta jendea ibilbideko mapa eskuan zuela ibili zen gunez gune, dela Zuloak laugarren gunera ikustera, Willis Drummond hirugarrenera edo Ingo al deu? lehenengora. Herriko taldeak giro aparta jarri zuen ikastolako jolastokian azken orduetan.

Oso bestelako itxura zuen guneak 09:30ean, irekiera ekitaldian. Irati Landa eta Gurutze Esnal ikasleek moztu zuten zinta, eta puska Joanmari Larrartek eta Jose Mari Sorsek jaso zuten Martin Ugalde kultur parkeko ordezkari gisa. Hainbat agintari politikok hartu zuten parte, tartean Iñigo Urkullu eta Laura Mintegi lehendakarigaiek eta Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Ondoren, Bastero kulturgunean omenaldia egin zioten Miren Erkiziari, guraso elkartearen sortzaileetako bati, eta Maria Jesus Ugalderi, 41 urtez ikastolako irakasle izandakoari. Ekitaldi labur eta xumea izan zen, baina une hunkigarriz betea.

Igandean bildutako dirua eraikin berri bat egiteko erabiliko dute. Txiki geratu dira egungo bi eraikinak, eta egoitza nagusiaren alboan zortzi gelako bat altxatuko dute Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.

Ia 1.700 boluntario

Ikastolaren aldeko eguna Andoain osoaren festa bihurtu zen igandean. Ia 1.700 boluntario egon ziren lanean 15.000 biztanlera iristen ez den herrian. Boluntarioen lana, baina, ez zen igandean amaitu. Egiteko asko zeuden oraindik atzo. Azpiegitura guztiak desmuntatu behar ziren, batetik, eta, bestetik, Bigarren Hezkuntzako ikaslez osaturiko garbiketa brigadek garbi-garbi utzi zuten aurreko egunean euskararen erdigune bilakatu zen herria.

Tolosako Laskorain ikastolak hartu du Aita Larramendik utzitako lekukoa. 1998an antolatu zituen azkenekoz Kilometroak.

Argazki galeria ikusteko bisitatu webgune hau:

http://berria.info/argazkiak/730/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.