On Kixote gallartarra

On Kixoteren istorioa Gallartako historiarekin elkartu du Agerre Teatroak 'Zu ere On Kixote' obran. Herri bakoitzean gidoia zerbait aldatuko dute, leku jakinekin lotzeko.

Agerre taldea, Zu ere On Kixote obraren entseguan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
G allartako (Abanto, Bizkaia) historia On Kixoteren bidez ezagutzeko aukera izango dute asteburu honetan bertako herritarrek. Baina zerikusirik izan al dezakete On Kixotek eta Gallartak? Industrializazio garaian meatzaritzan horren garrantzitsua izan zen herriak Mantxako zaldunarekin lotura gutxi dauka egia esan, Mexikorekin izan dezakeen bezain gutxi. Baina Agerre Teatroak On Kixote Gallartarekin eta Mexikorekin lotzea lortu du, ordea. Nola? Antzerkiaren bidez.

«Gure antzerki taldean proposamen berezi bat egiten ari gara, eta, horren arabera, obra egitera joaten garen lekuekin lotutako historiaren zertzelada batzuk kontatzen ditugu», dio Maite Agirrek, Zu ere On Kixote? antzezlaneko aktore, gidoigile eta zuzendariak. Lekuan lekuko historia antzerki lanaren barruan txertatzen dute, eta, horretaz gain, lekuan lekuko antzezleek ere hartzen dute parte Agerre Teatroaren proposamenean. Modu horretara, «jendearengana hobeto iristen gara, gertuago, eta ikusleen harremana guk ere hurbil sentitzen dugu».

Leku bakoitzean era ezberdinean aurkeztuko dute Zu ere On Kixote?, baina oinarri komun baten gainean egingo dituzte xehetasun horiek. «Proiektu honetan antzerki taldeko bost kide gaude, pertsonaia garrantzitsuenak antzezten ditugunak», dio Agirrek. Era horretan, Sancho Panza eta Teresa Panza izango dira, esaterako, Agerre Teatroko kideek antzeztuko dituzten pertsonaia batzuk. On Kixote, ordea, ez. Pertsonaia horrekin jolas handia egin daitekeela uste du Agirrek: «Horregatik, Kixote joaten garen leku bakoitzeko norbait izatea nahi dugu, bertakoentzat ere erreferentzia izan dadin».

Laugarren egokitzapena

Zu ere On Kixote? Gallartan estreinatuko dute, nahiz eta orain baino lehen ere antzerki taldeak gehiagotan taularatu duen Cervantesen pertsonaia. On Kixoteren lehen egokitzapena Mozambiken antzeztu zuten. «2004an bertan izan ginen Puta zahar, alkauete zelestina! obrarekin, eta 2009an berriz deitu gintuzten ea itzuliko ote ginen galdezka. Orduantxe ari nintzen On Kixoteren testua egokitzen, eta bertan egin genuen lehen antzezpena pertsonaia honekin», dio Agirrek. Orduz geroztik, helduentzako beste bertsio bat eta haurrentzako beste batantzeztu dituzte Agerre Teatroko kideek: Dultzinea; Kixote Vs. Teresa Panza; eta Nork ikusi du Dultzinea? hurrenez hurren. «Herriko jendeak parte hartzea» nahi zuten, eta, era horretan, On Kixoteren azken egokitzapena aurkeztuko dute lehenengo aldiz larunbat eta igande honetan.

Gallartako estreinaldian herriko koruak, antzerki taldeak eta fanfareak parte hartuko dute. Gaztelaniazkoa da testu nagusia, nahiz eta euskarari ere «presentzia» eman nahi izan dioten pasarte batzuetan. «Euskaraz ere hitz egiten da, jendearengana gehiago hurbiltzeko».

Asteburu honetakoak amaituta, Mexikora bidean jarriko da Agerre Teatroa, hango biztanle eta historiarekin Kixoteren antzezpena egiteko. «Astebeteko entsegu intentsoekin nahikoa izango da antzerki lana prestatzeko», Agirreren ustez, egitura nagusia prestaturik eramango baitute etxetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.