Angel Rekalde Goikoetxea

«Ondarea desagertzeko bidean da»

Kazetaritzan doktorea eta Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da Rekalde, eta gaur egun Nabarralde fundazioan dihardu proiektuak koordinatzen. Defendatu du ondarea ezagutzeak gaur egungo errealitatea eraikitzen lagun dezakeela.

Angel Rekalde Goikoetxea. JON MIRANDA - GIPUZKOAKO HITZA
2021eko ekainaren 20a
16:46
Entzun

Gaur egungo arazoetako asko nondik datozen ulertzen laguntzen du historiak, Angel Rekalde Goikoetxearen ustez (Tolosa, 1957). Memoria kolektiboa ezagutzeko eta berreskuratzeko ahaleginean dihardu, eta, memoria ariketa bat eginez, bere ibilbideari errepasoa egin dio Nabarralde fundazioaren koordinatzaileak.

Frankismo garai betean jaio zinen. Zer-nolako giroa zegoen zure ume garaiko Tolosan?

Eskolapioetan ikasi nuen nik, eta oso giro erdalduna zen hangoa. Gainerakoan, mendian ibiltzea gustatzen zitzaigun, eta asko joaten ginen Herniora, Uzturrera eta Aralarrera. Oso giro politizatuan mugitzen ginen Oargi mendi elkartean, eta esango nuke garai hartan oso bananduta zegoela gure jarduna: baziren kulturgintzan aritzen zirenak, eta baginen beste batzuk politikara gehiago jotzen genuenak. Oso mugituak izan ziren urte haiek. 10-11 urte nituela etxetik kilometro eskas batera hil zuten Txabi Etxebarrieta. Burgosko prozesua bera salatzeko mobilizazio handiak izan ziren Tolosan, eta greba orokorrak eta manifestazio handiak izan ziren garai hartan.

Zein erakundetan militatzen zenuen gaztetan?

Kalean mugitzen hasi ginen, hainbat taldetan. Tolosan indar handia zuen CCOO sindikatuak, eta, alderdi politikoen artean, batez ere, ORTk. Abertzaleak ginen gu, eta berehala jo genuen alde horretara. Familia karlista nuen, baina frankismotik oso aldenduta zeuden gurasoak. Etxean jaso nuen horrelako abertzaletasun bat, eta baita arreba Izaskunengandik ere; ni baino hamar urte zaharragoa da hura, eta saltsa horietan sartuta zebilen ordurako. Kalean giro bizi-bizia zegoen, eta, 16 urte nituela, jada kontaktua egin, eta ETAn sartu nintzen.

Noiz atxilotu zintuzten lehenengo aldiz?

1975ean. Salbuespen egoera izendatuta zegoen Gipuzkoan, eta testuinguru horretan atxiloketa asko egin zituzten Goierrin; gurea izan zen hurrengo katebegia. 17 urte nituen, eta Martutenen sartu ninduten. Hilabete batzuk barruan pasatu, eta libre utzi gintuzten. Handik urtebetera, Martuteneko kartzelatik ihesaldi bat prestatzen ari ginela erori zen gure taldea. Aldi hartan Guardia Zibilak eraman gintuen, eta egurra eman ziguten. Bederatzi egun eman genituen inkomunikatuta, eta gogoan dut nola egin zidaten gau oso batean bainera; gogorra izan zen. Eusko Jaurlaritzaren torturaren inguruko txostenerako nire testigantza eman nion bere garaian Paco Etxeberriari [auzitegi medikua eta antropologoa]. Beste hiruzpalau aldiz atxilotu ninduten, eta berriro egurra eman zidaten. Polizia atzetik zebilkidala ikusita, klandestinitatera pasatzea erabaki nuen.

1981ean atxilotu zintuztenean, ia hogei urte pasatu zenituen preso. Zein espetxetan eduki zintuzten?

Carabanchelen, Puerto de Santa Marian, Alcalan, Herrera de la Manchan… Kartzela estandar horietan eman nituen lehenengo urteak. Esan dezagun, hasieran selektiboa izan zela dispertsioa: markatuen geundenak sakabanatu gintuzten. Caceresera eraman ninduten ni. Kartzela zaharra zen, monasterio itxurakoa, txikia eta estua, deprimitzekoa. Guri ezarri ziguten erregimen itxia gehitu behar diogu horri, erabateko bakartzea. Nik 11 urte igaro nituen bakartuta.

Zertarako baliatu zenituen isolatuta igaro zenituen urte horiek?

Paradoxikoa da, baina, horrelako egoera batera moldatzen asmatzen baduzu, izugarrizko aukera daukazu muturren aurrean. Beste aukerarik ez duzu: edo nazka-nazka egin eta zeure burua galtzen utzi, edo denbora zeure alde erabili. Nik ikasteko eta liburuak idazteko aprobetxatu nuen isolamendua. Lan handia egin nuen. Kazetaritza ikasi nuen aurrena, eta Soziologia eta Zientzia Politikoak ondoren. Nire testigantza emanez liburu bat aterako ote nuen galdetu zidaten Txalaparta argitaletxekoek. Hilabete batean idatzi nuen Herrera. Prisión de guerra (1990).

Euskara ikasteko ere baliatu zenuen espetxealdia, ezta?

Bai. Isolamendu egoera horretan eman nion benetako bultzada. Aurretik, Herrera de la Manchan ikasia nuen euskara, eta EGA ere atera nuen, baina Caceresen lortu nuen erabat askatzea. Euskaldun jantziak ziren bi kide izan nituen espetxean, eta patio orduan haiekin ohitu nintzen hizketan.

Zer da gogorragoa: espetxeko egonaldia ala handik ateratakoan errealitateari aurre egin beharra?

Nik izugarrizko zortea izan nuen espetxean. Lagunek asko lagundu zidaten, eta, bereziki, familiak. Mimatuta sentitu nintzen. Beti izan nituen bisitak, paketeak, arropa, liburuak, egunkariak… Pribilegiatua izan nintzen. Espetxetik ateratzean konplikatzen hasten dira kontuak; izugarri kostatu zitzaidan niri. Hiru bizitza izan ditudala esan ohi dut: kartzelara sartu aurrekoa, kartzelan igaro nituen hemezortzi urteetakoa, eta handik atera ondorengoa. Aldaketa bakoitza traumatikoa izan da; oso zaila egin zait batetik bestera pasatzea. Oso zaila da berriz egokitzea: kalera ohitzea eta berriz ere zeure burua aurkitzea. Kostu handiko prozesua da kartzela. Besteak atera izan direnean, oso jakitun izan naiz horretaz. Nire kasuan, nire alde esan dezaket asko irakurri dudala, asko ikasi dudala eta abilidadea badudala egoera berrietara egokitzeko. Baina gizartean ia ez dago erraztasunik prozesu hori egiteko.

1999an atera zinen kartzelatik. Ordurako zapuzten hasita zegoen Lizarra-Garaziko prozesua?

Bai. Nahikoa kritiko nintzen egoera guztiarekin, baina, kartzelatik atera berria nintzenez, bazterretik begiratzen nuen. Lana topatzeari ekin nion: hori nuen lehentasuna. Soziologia ikasia nuenez, lagun baten bitartez droga mendekotasunari buruzko ikerketa batean parte hartu nuen. Oso ondo atera zen dena, eta aukera eman zidaten Eusko Jaurlaritzako droga mendekotasunaren zuzendaritzan lanean hasteko. Garai hartan Ezker Batua alderdikoek kudeatzen zuten sail hori, eta, urtebete lanean neramala, nire ibilbide politikoaren berri izan zuten arduradunek; berehala bidali ninduten lanetik. Jakin badakit kontu horren harira tentsio handia izan zela alderdiaren barruan, kide asko etorri zitzaizkidalako babesa ematera. Baina polarizazioa izugarria zen garai hartan.

Orduan aurkeztu zenuen doktore tesia, ezta?

Bai. Lan munduan barneratzea erraza ez zenez, tarte hori baliatu nuen doktore tesia aurkezteko. Kartzelan igaro nituen urteetan egunero irakurri nuen El Pais egunkaria. Aurrez nire kabuz egina nuen ikerketatxo bat egunkari hori aztertuz, bereziki interesatzen zitzaidalako zein ikuspegi ematen zuen Euskal Herriaz. Egunero baliatzen zituen bere orriak hemengo auziaz errelato bat eraikitzeko. Lan horretatik abiatuta, metodologia jakin bati jarraituz egin nuen tesia EHUko Kazetaritza fakultatean. Birrintzailea izan zen ondorioa: terrorismoa zer zen esateko, edo demokrazia, konstituzionalismoa edo bakea zedarritzeko erabiltzen zuten Euskal Herriari buruzko kontakizuna.

Hainbat hedabidetan kolaboratu izan duzu ordutik.

Bai, batean baino gehiagotan. Dena den, Espainiako esparru horietan sartu izan naizen bakoitzean, oso feedback txikia topatu izan dut. Eremu ezkertiarrenetan ere nazionalista izateagatik kargu hartu izan didatela sentitu dut. Diskurtso inperialista eta koloniala egiten dute beti. Nik, dagoeneko, etsi dut haiekin. Ez dute zalantzan jartzen Espainiaren eredua. Gainbehera etorritako inperio bat da, eta, galbidean egonagatik, sekula ez dute egiten berrikuspen edo irakurketa kritikorik. Munduko demokratenak eta progresistenak direla uste dute. Borroka guztiak galdu ditugu guk; herri txikia gara, eta ez dugu ahalmenik haiek hondoratzeko, baina Espainiak badu gaitasunik bere kabuz erortzeko. Gu independenteak izango gara Espainia erortzen denean; bien bitartean, erne egon behar dugu momentu hori noiz iritsiko.

Nola dago egoera hemen?

Ni kritikoa naiz erabakitzeko eskubidearekin eta horrelako kontzeptuekin. Uste dut dagoeneko badagoela indar handiko tresna bat nazioarteko zuzenbidean: autodeterminazio eskubidea. Erreibindikazioak apalduz ez dugu ezer asko aurreratuko. Ikusi besterik ez dago Kataluniako prozesuan kontzeptu teoriko horiek nola landu dituzten eta gizarte zibila nola aktibatu duten. Asko landu dituzte teoria eta ezagutza, eta hortik ikasteko asko dugu.

Gogoeta teorikorako gogo horrek bultzatu zintuen Nabarralde fundazioan parte hartzera?

Aurrena, interesagatik eman nuen izena. Laguntzaile gisa hasi nintzen, eta, halako batean, Gaizka Arangurenek utzi egin zuen fundazioa, eta ni proposatu ninduten koordinatzaile lanerako, 2005 inguruan. Bide interesgarria izan da niretzat; ikasiz joan naiz pixkanaka. Nabarralden ondarearen kontzeptuan sakontzeko urratsak egiten ari garela uste dut. Nazio bat, herri bat ez da hemen eta orain bakarrik existitzen: izaki bizidunak bezala, leku batetik gatoz; hemen gaude, eta norabait goaz. Denboran bizi dira nazioak, eta ondareak ematen die jarraitutasun hori. Legatu hori jaso, eta hori erabiltzen dugu etorkizuna eraikitzeko. Niri beti interesatu izan zaizkit gai horiek. Horregatik, oso eroso sentitzen naiz, nire interes guztiek bat egiten dutelako Nabarralden.

Ondare hori zaintzeko tresna bat da Nabarralde?

Bai. Sakon aztertuz gero, egungo errealitatea eraikitzen lagun diezaguketen erreferente asko dauzkagu hemen. Zazpiak bat kontzeptua, adibidez, euskaldunon zatiketa eta desartikulazioaren erakusgarri da. Ikur gisa darabilgu haiek gu banatzeko erabilitako estrategia. Horregatik da inportantea ezagutza horretan sakontzea. Duela urte batzuk, ondare hori berreskuratzeko lanean hasi ginen Nabarralden. Ez ondare historikoa bakarrik, baita industria eta natur ondarea ere. Hori egin ezean, globalizazioaren itsas zabal horretan urtuko gara. Dena homogeneizatzen ari da. Arrisku horri aurre egiten ez badiogu, desagertzeko bidean da ondarea.

Fundazioa ala mugimendua da Nabarralde?

Hiruzpalau pertsonaz osatutako bulego tekniko bat daukagu, eta, horrez gain, mugimendu zabal bat dago fundazioaren atzean. Pandemiarekin moteldu egin da bi organoen arteko martxa, eta berriro sendotu behar ditugu harremanak. Alde teknikoa garatzeko gaude gu, baina lan hori egiteko beharrezkoa dugu oinarri soziala. Jendea behar dugu, hori baita herri honek duen indarra. Aste honetan aurkeztu dugu Noain 1521. Azken bataila liburua, eta, besteak beste, Joseba Asironek eta Patxi Zabaletak egin dute ekarpena. Ekainaren 30ean bostehun urte beteko dira Noaingo batailatik; Nafarroako Erresumak bertan eman zuen azken hatsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.