Berako (Nafarroa) jaietako txupinazoa atzo eguerdian bota zuten, eta herrian jadanik jai giroa da nagusi. Herritar orokigandera bitarte egingo diren askotariko ekitaldi eta jarduerez gozatu ahal izango dute. Horrela, Berako Udalak herritarrek jaietan ongi pasatu dezaten nahi du, eta, era berean, begirunez ibil daitezen eskatu die. Horrekin batera, azpimarratu du indarkeria matxista gaitzesten duela: «Indarkeria matxista gehiagorik ez».
Halaber, udalak jakinarazi du Garaitarreta eta Dornakuko dianak bihar eta igandean izango direla, hurrenez hurren, eta aurten ezingo dela kukañarik paratu jaietan, hainbat arrazoi direla kausa. Era berean, suziri, petardo eta bengalen salmenta eta erabilera debekatuta dagoela ohartarazi du, udalak ofizialki jaurtitzen dituenak izan ezik. Horrez gain, zezensuzkoarekin korrika ibiliko diren haurren gurasoei jakinarazten die tutoreak direla adin txikikoei gertatzen ahal zaizkien ezbeharren arduradunak. Balio handirik gabeko arropa janztea gomendatzen du, zezensuzkoaren txinpartekin erre baitaiteke.
Bestalde, Lesakako Osasun Etxeko zuzendaritzak jakinarazi duenez, gaur Bortzirietako kontsultategi guztiak itxita egongo dira.
Bestabusa
Berako jaietan Bestabusa izango da bihar eta etzi, Lesaka, Arantza, Igantzi eta eta Etxalar herrietatik Berara joan-etorriak egiteko. Bihar eta etzi gauean Berara joateko, eta etzi eta etzidamu goizaldean Beratik aipatu herrietara itzultzeko.
Puntu Morea
Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak bultzatuta, Berako festetan Puntu Morea arretarako gunea jarriko da: bihar eta etzi Mukixu haur eskolan, 23:00etatik 7:00etara. Puntu Morea festa eremuan emakume nahiz LGTBI kolektiboko kideren batek eraso bat pairatuz gero, arreta eta laguntza zuzena eta profesionala eskaintzeko zerbitzua da. Edozein intentsitateko erasoen aurrean, erasoa jasan duenari aurrez aurreko arreta emozionala eta bidelaguntza eskainiko zaio, egoera horri aurre egiteko dituen aukeren inguruko informazioa eta aholkularitza emanez.
Horretarako, Emagin elkarteko bi aditu egongo dira une oro. Bortzirietako Berdintasun Zerbitzutik telefono bat aktibatu da Puntu Morean dauden kideek aktibo izateko ,eta, modu horretan, eraso bat gertatuz gero Puntu Morera laguntza eskatzeko deitu daiteke. Hau da telefono zenbakia: 722-46 71 97.
Horrez gain, indarkeria sexistarekiko edozein gertaera edo bizipenen inguruko informazioa helarazi nahi bada, berdintasuna@ bortziriakberd.eus helbidera idatzi daiteke, eta jasoko den informazio guztiaren anonimotasuna bermatuta egongo da.
Musika eta dantza
Gaur herriko txistulariek diana joko dute, 9:30ean, eta Ezpelur gaiteroak herrian barna ariko dira. Ordubete geroago, meza nagusia izango da San Esteban elizan, Berako abesbatzak lagunduta. Ondoren, Gure Txokoa dantza taldeko kideek Berako makil dantzak eta pordondantza dantzatuko dituzte txistularien laguntzaz, eta Miren Amuriza eta Josu Sanjurjo bertsolariek kantatuko dute herriko etxeko arkupetan.
Arratsaldean, Gure Txokoa dantza taldeak Berako aurreskua dantzatuko du herriko etxeko plazan, eta Berako Bandaren kontzertua izango da toki berean. Gauean, dantza herrikoiak egingo dira Altzateko karrikan, Ezpelur gaiteroekin, su festa izango da Zaragozana pirotekniaren eskutik, eta DJ Bull ariko da Toki Onako patioan.
Bihar, besteak beste, herri danborrada eta pilotari profesionalen arteko partidak egongo dira. Larunbatean kantu bazkaria egingo da Altzateko pilotalekuan, eta igandean herri bazkaria izango da Toki Onako estalpean, eta herriko pilotariak ariko dira. Erraldoiak eta buruhandiak larunbatean eta igandean ibiliko dira kalejiran.
Ongi pasatzeko egunak Beran
Beran jai giroan murgilduta daude. Herriko festak igandera arte izango dira, eta haurrek, gazteek eta helduek ederki pasatuko dute antolatutako ekitaldietan eta jardueretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu