Jesus Valenciak (Zirauki, Nafarroa, 1943) Iruñeko apaiztegian ikasi zuen, baina gizarte lanetan aritu da beti, besteak beste, Guayaquilgo auzo txiroetan, Ekuadorren. Euskal Herriko Elkartasun Komiteen Koordinakundearen sortzaileetako bat izan zen, eta Askapena zein beste hainbat taldetako kide. Herria 2000Eliza aldizkariko erredakzio taldeko kidea da. La ternura de los pueblos liburua argitaratu zuen 2011n. Boicot a Israel; la solidaridad que demanda Palestina liburua argitaratu du aurten, aurrenekoa bezala Txalaparta argitaletxearekin.
Boikot kanpaina honi begira, gogora etortzen da apartheid-aren Hegoafrikari egin ziotena. Zeintzuk dira antzak eta aldeak?
Palestinak hainbat estrategia eratu ditu bere eskubideen defentsan. Borroka politiko-militarra 1965. urtetik aurrera. Gero, aldatu egin zuten, eta negoziazio politikorako estrategia hartu dute hogei urteotan. Ikusita ez batak eta ez besteak ez dutela gatazka konpondu, Hegoafrikan gertatutakoa hartu dute erreferentziatzat. Apartheid-aren kontrako kanpainak lortu egin zuen munduko gizarte zibila mugiaraztea. Orain arteko elkartasun mugimenduek ez dute lortu Palestinaren okupazioa amaitzea, eta boikot kanpaina hau harago doa: onkeria apurtzen du. Gatazka munduko gizartera eramaten du. Palestinarrek esan dute: «Ez zaigu aski zuen laguntza; Israelek munduan pairatu behar du guri hemen ezartzen digun bakartze politika, ea kostuak jarrera aldatzera behartzen duen».
Kanpaina hark kalte egin zien berez apartheid-aren kontra zeuden hegoafrikarrei ere. Nola saihestu hori Israelen boikot kanpainan?
Liburuan lekukotasun asko jaso ditut munduko komunitate juduen eta Israelgo herritarren artean. Horietako askok bat egin dute boikot kanpainarekin. Zirrara eragin zidan udan Gazaren kontra eginiko erasoaren harira holokaustotik bizirik ateratako 30 pertsonak eta biktimen 300 ondorengok sinaturiko manifestuak, zeinak Israeli boikot egiteko eskatzen zion. Uste dute sionismoak tradizioa usteltzen diela. Palestinarren eskubideak defendatzeaz gain, Israelgo herritarrek demokrazian bizitzeko duten eskubidea babestu nahi dute estatu militarista eta klasista baten aurrean.
Internazionalistei egozten dizuete Israelek Gazan udan hildako 2.000 pertsonez gogoratzea eta Siriako 200.000 hildakoak ahaztea.
Ia zortzi milioi palestinar daude errefuxiatu, eta 1948. urtean hasi zen exodoa. Esango al dit inork non dagoen munduan halakorik? Eta, era berean, ez duzu topatuko horrenbeste urtez horrenbeste jende zapaldu duen estaturik, Israelen adinako sostengu eta zigorgabekeria duenik nazioartean.
Zu oinarrizko kristaua zara. Esan dezake norbaitek judaismoarekin duzula arazoa?
Oinarrizko kristaua izateak gehien sufritzen ari direnen alde jartzera bultzatzen nau. Liburua, edonola ere, internazionalista batena da. Miresmena adierazten diet sionismoaren izugarrikeriak salatzen dituzten juduei, agnostikoei zein fededunei. Sinesmenek ez dute eginkizunik liburuan; neureak ere ez.
Israelen aliatuak antisemita adjektiboa erabiltzen ari dira kanpainarekin bat egiten dutenen aurka. Antisemita zara?
Sionismoa sufrimendua perbertsoki erabiltzen ari da. Holokaustoaren ondorengo horiek ere hori salatu zuten. Nor da semita? Israelgo biztanleak etnia ezberdinetakoak dira, hara hainbat lekutatik heldutakoak, eta askok ez dute semitatik ezer. Palestinarrak semitak dira. Sionismoa da antisemitena.
Boikotari laguntzea Hamasi sostengua ematea da?
Kanpaina ez du Hamasek bultzatu. Palestinako berrehun erakundek sortu zuten, 2005ean. Lehen aldiz, palestinarrek berek esan diote munduari zer-nolako elkartasuna nahi duten: ez dute ongintzarik nahi, baizik eta kolpatzen dituzten eskua gelditzeko laguntza.
ATZEKOZ AURRERA. Jesus Valencia. Internazionalista
«Onkeria apurtzen du boikot kanpainak»
Israelen aurkako BDS (boikota, desinbertsioa eta zigorra, ingelesez) kanpainaren jatorriaren eta garapenaren inguruko liburu bat idatzi du Valenciak, erretiroa hartutako gizarte hezitzaile nafarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu