Ontzijabearen artelana

Lekeitioko familia batek 500 urtean gordetako triptiko gotiko bat enkantean jarri, eta milioi bat eurotan saldu dute. Brujasko egile ezezagun batek egin zuen, XV. mendean.

Adrian Garcia.
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Milioi bat euro. Prezio horretan saldu dute Lekeitioko familia batek enkantean jarritako artelana. Lehia askorik ez da izan enkantean; azken salneurria hasierako bera izan da. XV. mendeko triptiko gotiko bat da, eta bildumagile pribatu batek eskuratu du, Bilboko Subastas Bilbao XXI enkante etxean.

Artelana egur gainean eginiko olio margolana da, gotiko estiloko triptikoa. 1480tik 1490era bitartean egin zuen artista ezezagun batek, Brujasen (Belgika). Santa Lutziren kondairaren maisua goitizenez ezagutzen da margolanaren egilea, haren artelanik ezagunena Santiagoko katedralean (Galizia) dagoen Santa Lutziren bizitzari buruzko pasarte margotua delako. Madrilgo Thyssen museoan ikus daitekeen Errukiaren Triptikoa egile berberak margoturikoa da. Enkantean jarritako artelanaren antzekoa da, baina txikiagoa. Metro bat eta 70 zentimetroko garaiera eta bi metro eta 90 zentimetroko zabalera du Lekeitioko triptiko gotikoak.

Nicolas Ibañez Arteitaren enkargu pribatua jaso zuen Brujasko artistak. XV. mende bukaerako ontzijabe boteretsu bat zen Ibañez, eta haren kapera pribatuan ipini zuen artelana. Garai hartan ohikoa zenez, ontzijabea —enkargua ordaindu zuena— eta haren emaztea agertzen dira triptikoaren bi aldeetan. Erdiko taulan, berriz, Mariaren errukia dago irudikatua, Kristoren hilotza ondoan eta Brujasko hiria atzealdean duela. Margolanean ateratzen diren dorreei esker jakin ahal izan dute adituek artelana 1480tik 1490era bitartean egin zela. Orotara, bost pinturak osatzen dute triptikoa, atzealdeko bi taulak margotuak baitaude.

Ontzijabe lekeitiarraren familiaren esku egon da koadroa Euskal Herrira iritsi zenetik. 500 urtean pare bat aldiz besterik ez da atera familiaren etxetik. Lekeitioko dominiken komentuari utzi zioten denbora batez. Corellako arte sakratuko museoan ere urte batzuk eman zituen, betiere familiaren bilduma pribatuaren barruan. Kolore multzoa eta pertsonaien geruzen sotiltasuna dira margolanaren ezaugarririk nabarmenenak. Artelanaren garrantzia goraipatu du Alvaro Jubera enkante etxeko langileak. «Denbora askoan ez da horrelako pieza gotikorik merkatura atera. Gainera, konotazio bizkaitarrak dituen gisa horretako artelan bakarra da. Pena da erakundeak hura lortzeko ez lehiatu izana».

Nicolas Ibañez Arteitaren oinordekoek zuten margolanaren jabetza, baina enkantean ezin zen edonor lehiatu, Kultur Intereseko Ondare izendatu baitute artelana. Hego Euskal Herriko eta Espaniako erosleek besterik ezin zuten koadroa eskuratu, eta horrek balizko erosleak asko mugatu ditu. «Merkatua mugatua da; jende gutxiren esku dago horrelako pieza bat erostea», adierazi du Juberak. Litekeena da erakunde, museo edo bildumagile bat izatea artelanaren eroslea.

Horrexegatik da horren baxua hasierako prezioa, Juberak azaldu duenez. «Bestela, nazioarteko merkatu batean hasierako prezioa halako zazpi edo zortzi izango litzateke».

Londresko Sothebys enkante etxean autore berberaren koadro bat milioi bat euro baino gehiagotan saldu zuten orain hamar urte. Garestiago askoz ere, kontuan hartuz margolan hura Lekeitioko familiarena baino askoz ere sinpleagoa eta txikiagoa dela; 33 zentimetroko garaiera eta 43ko zabalera du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.