Egutegiaz mintzo dira kaleak zenbaitetan. Errege Egunaz, adibidez, Iruñekoak atzo. Bare eta isil samar bazkalondora arte, festa egunetan ohikoa izaten den bezala, baina jasotako opari berriak probatzera ateratako umeekin, han-hemenka. Olentzero eta urte berriarekin amaitu ziren askorentzat Gabonak, baina gau berezia izan zen, halere, ostegunekoa Euskal Herriko beste etxe askotan, eta berezia izan zen atzoko goiza ere. Proba eguna. Poltsak eskuetan jendea; bi neska Gazteluko plazan besarkadak oparitzen; neskato bat bere sevillana soinekoa jantzita Udaletxeko plazan, aurrerago auto elektriko bat gidatzen zebilen anaiari segika... Halakoak Iruñean ikus zitezkeenak, eta antzerakoak beste herri eta hiri askotan ere.
Ona zortea, goizez, oparitan aterkia jaso zutenena. Egunak aurrera egin ahala, ordea, argituz joan zen zerua pixkanaka, eta pixkanaka joan ziren guraso eta umeak ere kalera ateratzen. Oparitik oparirako bidean zebilen, adibidez, Uxue. Bere etxetik amonarenerako bidean. Pozarren. Bazuen nahikoa arrazoirik: «Malabarismoak egiteko makilak eta urrezko belarritako batzuk oparitu dizkidate erregeek». Azalpen bera eman zion une bat lehentxeago lagun bati kale ber horretan. Halako errepikapenak ez zaizkio nekezak, ordea. Olentzerok ere utzi zizkion jostailuak lehenago, eta opari gehiago zituen zain. «Orain aitona-amonen etxera noa, eta han ere opariak ekarri dizkidate!».
Egutegiaz mintzo ziren atzo dendak ere hiriburuko erdialdean. Eguberriez erakusleiho gehienak, eta Errege Egunaz zehazki okindegiak. Errege opilen salmenta iragartzen zuten afixak ageri zituzten guztiek. Baina ez haiek bakarrik. Opilak saltzen aritu ziren baita normalean gozoki eta egunkariak saltzen dituzten hainbat denda ere. Festa eguna salbuespen eguna ere izaten da, eta badaki ongi hori Mikel Manterolak. Bi egun eman ditu ohi baino goizago esnatzen; oso goiz esnatu beharrez. Dendaz denda aritzen da bera errege opilak banatzen. «Halako egunetan nahasi egiten dira biak. Egun berezia da erregeena lanean, eta baita etxean ere».
Umeekin zegoen atzo autobus geltoki zaharreko jolas parkean. Motor itxurako ibilgailu bat estreinatzen zebilen bat, eta patinak janzten bestea. Beren opariei neurria hartu nahian. Izango du denborarik aurrerantzean ere. Atzo erori beharrean zebilen etengabe. Izan ere, ez da gauza bera oparitan patinak jaso eta patinetan ibiltzen jakitea.
Misterioaren alde
Ez zebilen oso urrun Jose Miguel Arraiza. Ilobekin zegoen bera. Umoretsu, hizketarako gogoz.«Olentzerorena izaten da gurean benetako egun berezia, eta sorpresa txikiena baino ez erregeena; libururen bat, jantziren bat, ez gehiago. Guri ere gure garaian ez ziguten gauza handirik ekartzen, baina ez genuen falta handirik sumatzen ere. Umeak guk sagar berdeak biltzen genituenean izan ginen bezain zoriontsu sentiaraztea da kontua».
Egutegiaz mintzo zen bera ere atzo, eta misterioaz. Haren onurez. «Egun berezia den? Ilobekin egon ahal izatea beti da berezia, eta baita haien sorpresa ikusi ahal izatea ere. Gerora izango dute denbora bizitza zer den ikasteko, berehala galduko dute begirada garbi hori, berehala hasiko da jendea pentsatzen edo esaten dutena gaizki dagoela esaka. Ni ez naiz izango, behintzat».
Plaza giro
Opariak probatzeko eguna
Errege Eguna izan zen atzo, eta nabaria zen festa berezia zela Iruñeko kaleetan; opari jaso berriak estreinatzeko baliatu zuen kalea haur batek baino gehiagok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu