Hedabideek diotenez, «hasi dira Eguberrietako oparien birsalmentak». Nola? Tiketarekin dendara joan eta aldatu ordez, gure oparia ordenagailuaren aurrean saltzea? Horixe. Nonbait, Internet bidez saltzea gero eta errazagoa da, eta jende pila ari da gustatu ez zaion oparia gainetik kendu eta haren truke dirua jasotzen. Ez dakit zer ikerketaren arabera, biztanleen ia erdiek nahi ez dituzten opariak jaso dituzte Espainiako Estatuan. Hara! Ba, ez da nire kasua.
Liburuak berriz saltzen dira, erlojuak, jantziak, bideo jokoak, azken belaunaldikoak ez diren sakelako berriak, umeen jostailuak…
Eta zer pentsatuko dute gure Olentzerok, Santak eta Hiru Erregeek, guk inposatuta bi hilabetez balkoietatik zintzilik, orekari eutsiz eta hotza eramaten egoteaz gain, ekarritakoa saltzen dugula ikusita?
Baliteke batzuetan zentzurik gabeko opariak, errepikatuak edota ezin erabilizkoak izatea, eta ez dela jakiten haiekin zer egin, non gorde, zertarako erabili. Baina, hartarako, ez al da hobe Olentzerorekin aurretik hitz egin eta zentzuzko akordio batera heltzea? Merezi al du horrela ibiltzea? Krisia badago, krisia guztiontzat da, eta zer esanik ez Olentzero eta koadrilarentzat, hainbeste etxetan opariak utzi behar dituzte eta. Tira: gutxienez ez dute aurrerantzean hainbeste buruhausterik izango. Aurrekontu jakin batetik pasa gabe aurkitzen duten lehena ekarriko dute, eta hor konpon, marianton. Diru hotza izango da, tradizioaren aitzakiarekin kamuflatua. Ba, kontuz gero, ea deskuido batean eroslea Olentzero bera den eta opari berberarekin etortzen zaizuen bueltan!
Maratila
Opariak salgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu