Orburu eta zainzuriaren festa Cabanillasen

Orburu eta Zainzuriaren Egunaren zazpigarren aldia egingo dute larunbatean Cabanillasen, Nafarroan. Bi produktuei gorazarre egin, eta egun osoko egitaraua antolatu dute.

Cabanillasko herritar batzuk, orburu eta zainzuriekin. NAFARROAKO GOBERNUA
Canabillaseko herritar batzuk, orburu eta zainzuriekin. NAFARROAKO GOBERNUA
unai etxenausia
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Gutxi, baina onak. Udaberriko baratzeko uztak badu bere xarma, beste urtaro batzuetan jaki gehiago badaude ere. Nafarroako Erriberan, esaterako, udaberriko barazkien jaialdiak antolatzen dituzte, inguru horietan dituzten barazkiei gorazarre egiteko: zainzuriak, orburuak, ilarrak, kukuluak, babak, baratxuri freskoak...

Orburu eta Zainzuriaren Egunaren zazpigarren aldia ospatuko dute larunbatean Nafarroako Erriberako Cabanillas herrian. Familiako kide guztientzako jardueraz beteta egongo da eguna, bertako gastronomia eta kultura ezagutzeko eta dastatzeko aukera emanez. Orburua eta zainzuria izango dira eguneko osagai nagusiak; goizean barazkiak baratzetik jasota, salgai egongo dira San Roque kalean jarritako saltokietan. Are gehiago, erosi ez ezik, dastatu ere egin ahalko dira, baita nola prestatu ikasi ere. «Zerbait egin behar duzu apirilaren 20an? Gozatu herriko bi produktu nagusi hauen inguruko askotariko jarduerekin». Erriberako Eder partzuergoko kideek jendea animatu dute egunaz goza dezaten. 

Bisita gidatuak

10:00etan ekingo diote egunari. Ordu horretatik aurrera, Cabanillaseko Auroro diana ibiliko da kalez kale. Ondoren irekiko dute San Roque azoka, barazki eta artisau produktuen salmenta erakusketa batekin. Zainzuriak eta orburuak zuritu eta prestatzeko erakustaldia ere egingo dute tartean. Bertaratzen direnek jaki gozoak prestatzen eta plater prestatuak dastatzen ikasiko dute. Jarduera horrek 13:00ak arte iraungo du. Aldi berean, txikienek, Zure erraldoiak koloreztatu tailerrean parte hartu ahal izango dute 10:30etik aurrera.

Jakin-minik handiena duten bisitarientzako jarduerak ere prest dauzkate Cabanillasen. Izan ere, orburu eta zainzurien laborantza gehiago ezagutu nahi dutenentzat, bisita gidatu bat egingo dute horiek landatzen dituzten Cabanillaseko soroetara. 11:00etan abiatuko dira San Roke kaletik. Egunean bertan eman ahal izango da izena zainzuriak eta orburuak saltzeko postuan. Cabanillaseko Trujal eta Jerusalemgo San Joan elizetara ere bisita gidatuak egingo dituzte.

Herri bazkaria izaten da urtero egun horretako sonarik handieneko ekitaldia, herritar gehienak eta hainbat bisitari elkartzen direlako mahaiaren inguruan. 14:30ean egingo dute bazkaria, kultur aretoan; arkumea barazki menestrarekin dastatu ahal izango dute bertaratuko direnek.

Arratsaldean, herriko tabernek orburu eta zainzuriekin egindako pintxoak eskainiko dituzte. Eder partzuergoko kideek animatu egin dituzte inguruko herrietako herritarrak ere. «Eman buelta bat herriko tabernetatik. Harritu pintxo egin berriekin, orburuak eta zainzuriak osagai nagusi direla». Udaletxeko plazan, berriz, orburu saskiratzeko lehiaketa egingo dute, 17:30ean. «Egun bizi honi amaiera emateko, eta iaz izandako parte-hartze arrakastatsuaren ondoren, Orburuen Jaurtiketa Lehiaketan parte har ezazue denek».

Cabanillastarrek egutegian ongi azpimarratutako eguna da larunbatekoa. Egun osoko plana daukate prest, eta gogorik ez zaie falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.